“2016rako aurrekontuen negoziazioaren inguruan eta konkretuki, beste alderdiekin bezala, EHBILDUrekin daramagun prozesuaren gainean”, Gobernu Taldea osatzen duten EAJ eta PSE-EE alderdiek lau puntutan adierazi dituzte jakitera eman gura dituztenak:
1-Negoziazioan akordioa lortu ala ez, aurrekontuen eztabaida udalbatzara eramatearen baieztapena ez datorrela batere errealitatearekin bat.
2-Beste udal talde politikoekin bezala EHBILDUrekin negoziazio-prozesu bat zabaldu egin dela, aurrekontuen proiektua guztiei helaraziz.
3-Negoziazioak hasita, Getxoko Udal Gobernu taldearen (EAJ-PNV / PSE-EE-PSOE) helburua akordio bat lortzea dela Getxoren onurarako, eta horretarako bere jarrera irekia eta aktiboa adierazi du.
4-Prozesu horretan ematen diren aurrerapausoen arabera, Getxoko Udal Gobernu taldeak (EAJ-PNV / PSE-EE-PSOE) erabakiko du aurrekontuak plenora eraman edo ez.
Bestalde, egun berean, EH Bilduk zabaldu zuen gaiaren inguruko prentsa-oharrean “udal aurrekontuak Gobernu Taldearekin eztabaidatzeko prestasuna” adierazi zuen, eta gaineratu zuenez, koalizioaren arabera, “EAJrekin hilabetez negoziatu ondoren, 2016 urtera begirako aurrekontuak udalbatzan eztabaidatzea lortu dugu. Hori izan zen EH Bilduk aurrekontuei buruz negoziatzen hasteko ezarri zuen oinarrizko ukanbeharretako bat, gure programan jaso genuen bezala, oinarrizko printzipio demokratikoa dela uste dugulako”.
Horrez gainera, jakitera eman dutenez, “EAJrengan jarrera aldaketa” igarri dute, “aurrekontuen arloan akordioak lortzeko borondatea”. Eta euren aldetik aldaketa hori “bere neurrian baloratuko” dutela eta “mesfidantzak gainditzeko asmoz” lan egingo dutela adierazi dute. Amaitzeko, zera azaldu zuen koalizio abertzaleak: “Gure ustez, Getxok aurrekontuak behar ditu. Ez da posible 2011ko aurrekontu luzatuekin jarraitzea. Horregatik eta EAJrengan topatu dugun jarrerari erantzunez, EH Bilduk gobernu taldearekin negoziazioak hasiko ditu. Ahalegin guztiak egingo ditugu gure printzipio ideologikoetatik abiatuta eta herritarren ekarpenak jarraituz Getxoko herritarren mesederako izango den akordioa erdiesteko. Ildo horretatik datozen asteetan prozesu parte-hartzailea martxan jarriko dugu auzokideen lehentasunak jaso eta negoziazio horretan aintzat hartu daitezen”.