Gaur goizean Donostian egindako prentsaurrekoan, Fullaondok fiskaltzagaz eta akusazio partikularragaz egindako akordioaren "balioa" nabarmendu du. Auzipetuen ustez, horrek eragile guztien jarduteko "molde berri bati" ireki diezaioke ateak, "salbuespen legedi eta politiken aroaren amaierari ekiteko". Horien arabera, "oso garrantzitsua" izan da alde guztiak "asebetetzen" dituen akordioa lortu izana. "Horrela bada, espero dugu formula hau baliagarria suertatzea gatazkaren ondorioak gainditzeari begira".
Bi urtetik beherako zigorrak
Fiskaltzak, herri akusazioak eta defentsak urte eta erdi eta urte bi arteko zigorrak adostu zituzten atzo 35 auzipetuentzat. Horretarako, akusazioak onartu dituzte auzipetuek, baita biktimen oinazea ere.
Pernando Barrena auzipetuak azaldu duenez, fiskaltzak egin zien akordiorako eskaintza hori, eta hura aztertu ondoren, baietza ematea adostu zuten guztiek.
Akusazioak onartzeak "kontraesanik" ez duela adierazi du Barrenak. Gogoratu duenez, akusazioen idazkietan jasotzen diren egitate guztiek lotura dute eskubide zibil eta politikoakaz (prentsaurrekoak, bilerak, orduan legezkoak ziren alderdietako [EHAK eta EAE-ANV] kide izatea...), eta hori da, hain zuzen ere, auzipetuek fiskaltzagaz egindako akordioan onartu dituzten akusazioak.
Hortaz, Barrenaren arabera, egindako lan politikoa legezkoa ez zela izan aitortu dute, baina, legezkoa izan ez arren, lan politiko hori "zilegi" zela aldarrikatu dute. "Beste kontu bat da akordioari buruz fiskaltzak eta akusazioek egiten duten interpretazioa".