Auzitegi Nazionalean egin ditu adierazpen horiek "Muni"k, Madrilgo atentatu harengatik egiten dabiltzan epaiketan. Fiskaltzak 593 urteko espetxe-zigorra eskatu du harentzako, Juan Rebollo udaltzaina hil zuen atentatuagaz lotura izatea egotzita.
Akusatuak, baina, ukatu egin du Madril komandoko kidea izan zela eta 1995eko ekainean izandako atentatu horretan parte hartu izana. Izan ere, azaldu duenez, garai horretan Mexikon zegoen, eta urte hartako udazkenean itzuli zela erantsi du.
Hala ere, alde bietako galderak erantzun ostean, noiz edo noiz ETArentzat "postari" lanak egin zituela onartu du, baina garraiatzen zituen paketeetako edukiaren berri ez zuela azaldu du.
Behin Rubik kubo baten tamainako pakete bat garraiatzea eskatu ziotela eta berak arriskutsua ote zen galdetu zuela azaldu du. "Ez nekien zer zeroan paketeak, itxita baitzegoen. Postariaren antzeko lana da, pakete bat leku batetik bestera eramatean datza, barruan zer dagoen jakin barik", gaineratu du.
Atzo, astelehenean, hasitako epaiketak eguaztenera arte iraungo du, Espainiako Auzitegi Nazionalean.