"Koloreak Zabalduz" da urteurrenaren leloa, eta eskauten arabera, taldeko ezaugarriak erakusten ditu izen horrek: "bizitasuna, gizarte-konpromisoa eta alaitasuna". Hori aprobetxatuz eta heziketa-lana baztertu gabe, "Koloreak Zabalduz" izeneko proiektua abiatu dute baita ere, inguruko beste hainbat elkartegaz lankidetzan.
"Koloreak Zabalduz" egitasmoaren bideoa
"Egingo ditugun ekintzak biztanleriaren zenbait sektoreri eta kolektiborik behartsuenei zuzenduta daude. Iazko abenduan hasi ginen beraiekin eta ikasturtearen amaieran bukatzeko asmoa daukagu", zehaztu du Iranzu Sedano begiraleak.Taldeko gazteak beraiek izango dira ekimenen horiek guztiak gauzatuko dituztenak, begiraleen laguntzagaz. Hala, duela aste batzuk, Eskubeltz elikagai ez-galkorrak, arropa eta eskola-materiala jasotzen dabil Sahararen begiradak elkartearentzat, Saharako errefuxiatuakaz lan egiten duena.
Halaber, datozen asteetan, pobrezia egoeran dauden pertsonen beharrizanak asetzen laguntzeko, taldeko 14 urteko gazteek mota askotariko produktuen bilketa abiatuko dute, Getxoko Elikagaien Bankuagaz batera, udalerriko supermerkatuetan. Bestalde, 16 urteko neska-mutilez osatutako taldeak udalerriko Etorkinen Plataformagaz hainbat ekintza egingo dituzte etorkinen kultura eta egoera ezagutzeko; horrez gainera, mantak lortzeko bilketa egingo dute Portu Zaharreko mojen aterpetxearentzat. 18 urteko taldeak, berriz, adimen gaixotasuna dutenakaz arituko dira beharrean, Argia elkarteagaz elkarlanean.
Bestalde, gazteenek, 8 eta 12 urte artekoek, Getxoko zenbait egoitza bisitatuko dituzte, adineko pertsonakaz jarduteko eta tailerrak eskaintzeko. Azkenik, talde osoak Getxoko Udalagaz lan egingo du ingurumen jarduera batean, oraindik zehaztu gabe dagoena.
Ospakizun jaialdia, ekainaren 11n
"Eskaut izatearen barruan festa ere sartzen da, dena ez baita lana izango. Hala, Eskubeltzek jai handi bat antolatu du ekainaren 11rako", adierazi du Fuentek. Eguna berezi horri hasiera emateko kalejira egingo dute Algortan, San Nikolas plazaraino. Bertan, adin guztientzako mota askotako jarduerak egingo dituzte, hala nola rokodromoa, zango-makilak, tailerrak, aurpegi-margotzea, puzgarriak eta igel-txapelketak. Gero, herri-bazkaria egingo dute, eta arrastian, ikuskizunak eta erromeria egongo da.
Dokumentalaren grabaketa
Era berean, taldearen historiari buruzko dokumental bat grabatuko dute eskaut taldeko kideek. Getxoko Udalak sustatu zuen Wanted lehiaketan saritutako bost ideietako bat izan zen ekimen hori. Hala, taldeko hiru begiralek, Gonzalo Loza, Maria Roggero eta Paul Perez, hura ekoizteko eta Getxoko leku enblematiko batean estreinatzeko diru-laguntza eskuratu dute.
Maria Roggero dokumentalaren ekoizleak azaldu duenez, "dokumentalak mikrokosmos baten istorioa eta bizitza kontatzen dizkigun arren, esperientzia eta pasadizo horietako asko Euskadiko beste eskaut talde batzuetan aurki genitzake (guztira 30 baino gehiago dira)". Halaber, grabaketaren helburuetako beste bat beteko dute, hau da, "taldeak herriari eskaintzen dizkion lana eta zerbitzua herriari erakustea", zehaztu du Roggerok.
Eskubeltz Eskaut Taldea
Eskubeltz Algortako eskaut taldea da. Haren helburua da 8 eta 18 urte bitarteko neska-mutilak aisialdian heztea. Aste-akabuetan jarduerak, mendiko irteerak eta proiektu humanitarioak egiten dituzte, besteak beste, gazteen adinaren arabera. Uztailean, halaber, udako kanpalekua egiten dute. Horretan, naturaz inguratutako leku batera joaten dira, bertan bi aste emateko. Gaur egun 15 pertsonako begirale-taldeak osatzen du Eskubeltz, denak boluntarioak, eta 110 gazte inguru hartzen dituzte. Gainera, gurasoek eta begirale ohiek eratzen duten batzorde bi daude.