Fadurako garagardotegia "nahita" kiskali zutela uste dute

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 18a, 17:30

Udalerriko elkarteek garagardotegiaren ondoko aterpea erabili ahalko dute zaharberritze lanak egiten dituzten bitartean.

Joan den otsailaren 2an Algortako Fadurako garagardotegi zaharra kiskali zuen sua "nahita" eragindakoa izan zitekeela uste dute Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileek. Ikerketa-txostenaren arabera, "sua eraikinaren kanpoaldetik eragin zen, eta, ziurrenik, sugarra edo antzekoren bat zuzenean aplikatu zuten erregairen batean eta pilatutako aulki batzuen gainean. Informazioa udaltzaingoaren eskuetan dago orain, eta, hura ikusita, Udalak salaketa jarri du, polizia-ikerketa ireki eta erantzukizunak egotzi ahal izateko.

Alvaro Gonzalez Kiroletako zinegotziak adierazi duenez, azpiegiturak jasandako eraso hori "eraikina erabiltzen zuten kluben eta kirol- eta kultura-elkarteen kontrako erasoa ere bada". Izan ere, udalerriko elkarteek askotan erabiltzen zuten espazio hori, eta, gainera, "oso baliagarria zitzaigun herriko taldearen aurka lehiatzera bisitatzen gintuzten kluben lagun egiteko", erantsi du zinegotziak.

Aseguru-konpainiak kalteen behin betiko balorazioa egin behar du oraindino, baina espazioa birgaitzeko 600.000 eurotik gora beharko dela aurreikusi du. Azaldu dutenez, egurrezko eraikina, estalkia, komunak eta eratxikitako eraikinaren biltegiak osorik zaharberrituko dituzte.

Udalerriko kluben ordezkariakaz bilera

Joan den astean, Getxo Kirolak udalerriko 27 kluben ordezkariakaz bildu zen, eta eurakaz adostu zutenez, datozen asteetan garagardotegiaren ondoko aterpea erabili ahal izango dute, aurreikusitako zaharberritze lanak amaitu arte. Halaber, lan-talde bat osatu dute azpiegituraren behin betiko birgaikuntza-proiektuan "modu adostuan eta parte hartzailean" lan egiteko, arduradunek azaldu dutenez.

Erlazionatuak

Fadurako garagardotegiak su hartu du

Iker Rincon Moreno 2016 ots 02 Getxo

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun