Hala, gaur egun frontoien eraikinaren aurrean dagoen sarbideaz gain, erabiltzaileek aukera izango dute Oicosa urbanizazioa dagoen poligono zuriko (atletismoko pistaren ondoan) sarbidea eta Iturgitxiko iturriaren inguruan dagoena (errugbiko zelaiaren eta belodromoaren ondoan) erabiltzeko. Ate bi horiek zabalik egongo dira astelehenetik barikura 16:30etik 22:30era eta, aste-akabuetan, 08:00etatik 22:30era bitartean.
Trafikoari eta aparkalekuari eragiten dieten kalteak arintzeko neurriei dagokienez, Getxo Kirolak-ek Larrañazubiko ibilgailuen depositu zaharrean eta Aiboako Getxo II institutu zaharrean behin-behineko aparkalekuak egokituko ditu. Bata zein bestea erabilgarri egongo dira 08:00etatik 23:00etara, eta, guztira, 200 aparkaleku-plaza egongo dira. Hori horrela, lanak hasi zirenean zeudenakaz alderatuta, 140 aparkaleku-plaza gehiago egongo dira orain.
Behin-behineko aparkaleku horiek seinaleztatuta egongo dira; horietatik Fadurako igerilekuetako eta futbol-zelaietako sarbidera oinez egin beharreko ibilbidea ez da 6 minututik gorakoa izango, arduradunek iragarri dutenez.
Dena den, Getxoko kirol elkarteetako arduradunek, ahal den neurrian, Fadurara hurbiltzeko autoen erabilera ekiditea gomendatu dute. Gainera, beste herrietatik bertaratuko diren klubakaz koordinazioa sendotzea aurreikusi dute, aparkaleku berriak erabil ditzaten.