Udal-aurrekontuetarako proposamena aurkeztuko du egunotan Getxoko EH Bilduk

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 25a, 09:22

Itzubaltzetan aurkeztu zuen Getxoko EH Bilduk aurrekontuen prozesu parte hartzailea.

EH Bilduk 2016rako Getxoko aurrekontuak osatzeko urte hasieran abiatutako prozesu parte-hartzailea amaitzear dago. Koalizio abertzaleak jakinarazi duenez, hainbat ekarpen jaso dituzte auzoz auzo egindako bileretan, baita dendari eta tabernariei egindako bisitetan, elkarteakaz izandako hartu-emanetan zein etxez etxe igorritako inkestetan ere. Horiek guztiak aztertu ondoren, aurrekontu proposamena egin baino lehen, zirriborroa aurkezteko bilera irekiak egingo dituzte Itzubaltzeta/Romon eta Algortan, hilaren 29an eta martxoaren 3an, hurrenez hurren.

Azken egunotan bildutako iritzi eta ideia guztiak bildu eta aztertu ondoren, aurrekontu proposamena egingo du laster EH Bilduk. Hori dela eta, hilaren 29an eta martxoaren 3an gobernu-taldeagaz izandako negoziaketen berri emateko bilerak egingo dituzte Itzubaltzeta/Romon eta Algortan, hurrenez hurren. Halaber, bilera horietan "erabakiak" hartuko direla iragarri du koalizio abertzaleak. Hala, bileretan parte hartzeko deia zabaldu dute EH Bildukoek.

Itzubaltzeta/Romoko bilera hilaren 29an, astelehenean, izango da, kultur etxean, 19:00etan. Algortan, berriz, martxoaren 3an, eguenean, izango da, 19:00etan, Villamonteko kultur etxean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun