Aurrekontuak osatzeko koalizio abertzaleak ezarritako "ezinbesteko" baldintza prozesu parte-hartzailea burutzea da. Hori dela eta, ezarritako premisa horri modu "koherentean" erantzuteko, aurrekontuak osatzeko prozesua abiatu dute, urtarril eta otsaila bitartean iraungo duena.
Horretarako, hainbat parte-hartze eremu eta bitarteko jarriko dituzte auzokideen eskura, "euren parte hartzea bultzatu eta errazte aldera". Hala, egunotan triptiko informatiboak bidaliko dituzte getxoztar guztien etxeetara, "horiekin euren iritzia eta beharren garrantzia adierazi ahalko dute".
Era berean, herritarren iritziak eta beharrak jasotzeko sei bilera egingo dituzte, auzoz auzo: urtarrilaren 14an Andra Marin, 18an Algortan, 20an Portu zaharrean, 21ean Hezetasuna-Neguri Langilen, 25ean Itzubaltzeta-Areetan eta 28an Aldapan. Bilera guztiak arrastiko 07:00etan hasiko dira.
Horrez gainera, udalerriko ostalari, merkatari eta eragileakaz harremanetan jarriko direla iragarri dute EH Bildukoek. Horretarako, eurei egokitutako inkesta "berezia" osatu dute, eskura eman eta euren iritziak jaso ahal izateko.
Horren guztiaren ostean, otsailean datuen, iritzi eta behar guztien azterketa egingo dute. Ondoren, lortutako emaitzak jendarteratuko dituzte bide ezberdinen bitartez.
EH Bilduren arabera, herritar denak "subjektu politiko aktibo" bilakatu behar dira, eta horretarako, mota horretako prozesuak martxan jartzea "ezinbestekoa dela uste du, "beste parte-hartze kultura bat sortze bidean".