Zer da «Erasmus +» egitasmoa?
Europa osoko proiektu bat da, ikastetxeak nazioartekotze-bidean jarri eta Europa osorako zentro bat sortzea helburu duena.
Zenbat urte daroatzazue egitasmo hori lantzen institutuan?
Duela hogei urte inguru "Comenius Proiektua" jarri zen martxan, gaur egungo "Erasmus +" izenekoaren aurrekaria dena, alegia. J. C. Baroja BHI "Comenius Proiektuan" hainbat urte aritu ostean, joan den ikasturtean jaio zen "Erasmus +", eta horretan ere buru belarri ari gara lanean.
Azaroan, Alemaniako ikasleak etorri ziren gurera, zelakoa izan zen esperientzia hori?
Oso aberasgarria izan da beste herrialde bateko ikasleekin elkarlanean aritu ahal izatea. Ikasturte honetan, hezkuntza-sistemaren eta lan-merkatuaren arteko harremana, gazteen enplegurako aukerak eta langabeziaren arrazoiak aztertzen ari gara.
Zenbat egun egon ziren?
Zortzi egun egon ziren gurean ikasle alemaniarrak, eta tarte horretan bertoko hezkuntza-sistema ezagutzeko aukera izan zuten. Horretarako, jarduera desberdinak egin genituen gure udalerriko erakunde publiko desberdinak bisitatuz, besteak beste, Fadurako Lanbide Heziketako Institutua (oso harrera ona izan genuen bertako irakasleen aldetik), Getxoko udaletxea...
Orain, martxoan, bertoko ikasleak Alemaniara joango dira. Zer aurreikusi dute egitea bertan?
Gure helburua lanbide-heziketarekin zerikusia duten lanbideak ezagutzea da. Aldi berean, hezkuntzak eta enpresa-munduak zer-nolako lotura duten aztertu gura dugu.
Zergatik Alemaniara?
Zortzi herrialdek hartzen dute parte: Norvegia, Hungaria, Frantzia, Polonia, Espainia, Grezia, Alemania eta Euskal Herria. Hala, proiektuan hainbat aldagai kontuan izaten dira herrialdea aukeratzerako orduan: hizkuntza, balizko datak, ikasle kopurua... Alemaniaren baldintzak bat zetozenez geureekin, bat egin genuen eurekin, horregatik gure ikasleak Garbsen herrira joango dira, bisita bueltatuz.
Ikasleak gogotsu daude horretarako?
Gure ikasleen familiek etxean hartu zituzten Alemaniako ikasleak. Oraingoan, gureak dira alemaniarren etxeetan ostatu hartuko dutenak. Ilusio handia dute bidaiarekin. Batetik, in situ gura dutelako proiektuan lanean jarraitu, eta, bestetik, harreman estua sortu delako gure ikasleen eta hangoen artean.