Elkarrizketak

Amelia Barquin Lopez: "Genero-identitatea askatasunez erabakitzen utzi behar zaie umeei"

Kepa Ugarte Martiarena 2016ko ots. 29a, 10:17
Besteak beste, komunikabideek laguntzen dute generoaren gaineko mezu okerrak zabaltzen.

Sendi Getxoko familietan euskara sustatzeko proiektuko kideek gonbidatuta, joan den martitzenean, otsailak 23, "Generoa eta hezkuntza" izenburuko berbaldia eskaini zuen Amelia Barquin Lopezek, Algortako Zabala ikastetxean. Aita-amei eta hezitzaileei begirako ekimena izan zen. Barquin gasteiztarra filosofian doktorea da, eta irakaslea, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatean.

Zer da generoa? Zeinek eraikitzen du?

Feminismoak ekarri zuen oso emankorra izan den bereizketa hori; sexu-genero sistema batean bizi garela diote. Ezaugarri biologikoekin lotzen da sexua. Kontuak horrela, jaiotzen garenean medikuak esaten du, gure gorputzaren ezaugarriak ikusita, arrak edo emeak garen; nahiz eta batzuetan horren argi ez dagoen. Generoa da sexu horrekin lotuta dauden funtzioak eta ezaugarriak; ez dira biologikoak, baizik eta gizarteak aspalditik eraiki duen zerbait. Horren arabera, mutilak indartsuak izango dira, eta bizitza publikoa egokituko zaie; nesken lana, ordea, pribatuagoa izango da.

Neskak eta mutilak berdin hezten ditugu gaur egun familian?

Gurasook eta familiok kontzientzia gutxi daukagu gai horren inguruan. Esaterako, ohikoa izaten da ondokoa entzutea aita-amen ahoetan: "nik berdin tratatzen ditut, ez dut ulertzen alaba eta semea zelan atera zaizkidan horren ezberdinak. Mutila futbolzalea da, eta neska, oso pinpirina, baina nik berdin tratatzen ditut".

Batzuetan, ez gara gai distantzia apurtxo bat hartu eta ikusteko jaio diren momentutik zein desberdin tratatu ditugun. Oraindik neska gutxi ateratzen da ospitaletik jaio berriak direla, belarrietako zulorik gabe; emakumeei jartzen diegun lehenengo marka da, inor ez dadin nahastu. Erosten dizkiegun arropak, gelaren dekorazioa... beste adibide batzuk dira. Horretaz gain, gizarteak ekoizten dituen produktu gehienek transmititzen dute mezu hori: bi genero ezberdin daudela, eta zakila daukanari bat, eta alua daukanari beste bat dagokiola, alegia.

Zelan jokatzen dugu eskolan?

Eskolari egokitu zaio hezkidetzaren enkargua. Nire ustez, aurrerapauso batzuk eman dira: neska eta mutilak elkarrekin daude geletan, hainbat jarduera egiten dituzte batera. Baina badaude erronka batzuk oraindik. Adibidez, esparruen banaketak oso binarista izaten jarraitzen du: patioak futbol-zelaiak izaten dira batzuetan; mutilek erabiltzen dute zati handiena.

Zeintzuk dira gure zalantzak, zailtasunak eta erronkak?

Batez ere, gure umeak bideetatik ateratzen direnean, kezkatzen gara gurasook; espero ez diren gauzak egiten dituztenean: "ni prest nago dena errespetatzeko, baina semeak esaten badit gonarekin joan nahi duela eskolara...". Kezka sortzen da orduan; batetik, aita edo ama horrek binarismo horretatik ateratzea gaizki ikusten duelako; eta beste batzuetan, beldur garelako bere jokabidearen aurrean zelan erantzungo duten inguruko pertsonek.

Zelako harrera izatea espero duzue?

Lehenik eta behin konturatu beharko ginateke zelako genero-presioa egiten ari garen gure seme-alabengan, ilobengan, ikasleengan... Eskolan zein etxean, askatasunerako zirrikituak be­har dituzte umeek, generoari dagokionez, euren buruak eraiki ahal izateko. Bestalde, hezi behar ditugu haurrak besteak errespeta ditzaten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun