Datorren martitzena izango da martxoaren 8a, beste modu batera esanda: Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna. Hori horrela, udalerriko elkarte, norbanako, erakunde eta Udalak berak ere emakumeen aldeko egun hori gogorarazteko hainbat hitzordu antolatu dituzte. Ekimenak hilaren 6an, domekan, hasiko dira; eguerdiko 11:00etan "Zenbat kostatu, zenbat balio? Eraiki dezagun 'zaintzartasuna'" berbaldia egingo dute, Bilgune Feminista, Gizatiar, Eskuz Esku, Haziak, Mujeres con Voz, Itzubaltzetako Emakumeen Asanblada eta E-civis elkarteek antolatuta. Ordu bi beranduago, "Aktibatu zure ahotsa" tailerrekoek performancea egingo dute, San Nikolas plazan.
Hilaren 8an, martitzenean, "Erantzunkidetasunari buruzko ipuin baten sormen parte-hartzailea" hitzaldia egongo da 18:00etan, Villamonteko kultur etxean. Ondoren, udalerriko eragile feministek manifestazio bi egingo dituzte: 19:00etan, Algortan; 20:00etan, Itzubaltzetan. Hurrengo egunean, eguaztenean, Marina Sagastizabal soziologoak «Generoa eta denboraren erabilera urteetan: jendarte berdinzale baten bidean» berbaldia emango du Villamonte kultur etxean, 19:00etan. Hilaren 10ean, eguenean, berriz, emakume errefuxiatuen inguruko hitzaldia egongo da, 18:15ean, Itzubaltzetako elizan.
Poesia, musikaz bustia
Itxaro Borda idazleak eta Itsaso Gutierrez musikariak "Zure hatzaren ez galtzeko" saioa eskainiko dute, euskaraz, hilaren 10ean, 20:00etan, Azebarri kultur elkartean; Udalak antolatuta.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.