Alde Hemendik Egunagatik isuna jaso duten gazteen aldeko argazkia egingo dute zapatuan

Iker Rincon Moreno 2016ko mar. 11a, 11:05

2015eko urriaren 10ean egindako Alde Hemendik Eguna. © ALGORTATIK HANKA

Algortatik Hanka "indar okupatzaileen kontrako" mugimenduak joan den urteko urriaren 10ean antolatutako Alde Hemendik Egunean egoteagatik ehuna euroko isuna jaso dute Getxoko 16 gazte inguruk. Horren aurrean, gazte horiei elkartasuna adierazteko atxikimendu argazkia egingo dute bihar, zapatuan, Algortako Txiki-Otaegi plazan (San Nikolas plaza). Horretarako hitzordua 19:00etan jarri dute.

Alde Hemendik Eguna urriaren 12an ospatzen diren Hispanitatearen Eguna eta Guardia Zibilaren eguna salatzeko asmoz egin zuten. Daborduko bost hilabete igaro dira ordutik, eta Algortako 16 bat gaztek egun horren harira ehuna euroko isunak jaso dituzte, Guardia Zibilaren kontrako oihuak egin zituztelakoan.

Salaketa gutunaren arabera, gazte horiek guztiek "ez zaituztegu nahi, ez zaituztegu behar", "torturatzaileak alde hemendik" eta "txakurrak" gisako oihuak egin zituzten.

Heldu berri diren isun horiek adierazpen askatasunaren kontrako eraso "larria" direla uste dute Algortatik Hankako kideek, eta "errepresio horren aurrean, herri gisa" erantzungo dutela iragarri dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun