Elkarrizketak

Mar Gijon Mendigutia: "Emakumeen borrokaren isla da Palestinaren historia"

Kepa Ugarte Martiarena 2016ko mar. 14a, 10:19

Mar Gijon Mendigutiak idatzi du "Historia del movimiento de las mujeres en Palestina" liburua. Jatorriz madrildarra izan arren, lau urte dira Algortan bizi dela; Getxon sortu zen Biladi elkarte palestinarreko kide da 2012tik. Gijonen arabera, munduan jazotzen diren "bidegabekeriarik handienetako bat da" palestinarrak sufritzen dabiltzana; dioenez, "lau haizetara zabaldu beharra dago".

Herri zapalduen historia beti ostendu gura izan dutela diozu.

Palestinaren kasuan, oso nabarmena da. XIX. mendean kolonizazioa hasi zenetik eta sionistak heldu arte, lur horietan ezer ez zegoela aditzera eman nahi izan dute sionistek; mitoen bitartez, bertan biztanlerik ez zegoela, basamortu bat baino ez zela esan dute behin eta berriro. Zoritxarrez, gaur egun gauza bera esaten jarraitzen dute; ez dute azaleratu nahi palestinarren benetako historia zein den, eurek saltzen dutenaren kontra doalako.

Zer erakutsi gura digu zure liburuak?

Besteak beste, sionistak heldu aurreko gizartea zelakoa zen islatzen ahalegintzen da "Historias del movimiento de mujeres en Palestina" liburua. Bertoko biztanleak nagusiki baserritarrak eta abeltzainak ziren arren, hiriguneak ere bazeuden; emakume eta gizon horiek lan egiten zuten, eskolak zeuzkaten... eta historia ezin aberatsagoa zuten. Hain zuzen ere, ezkutatu hori gura dute. Musulmanak edo kristauak izan, gainerako herritarrek bezala, kolonizazio sionistaren eta okupazio britainiarraren kontra besoz beso lan egiten zuten bertoko emakumeek; gaur egun gauza bera gertatzen da.

Israelgo Estatua sortzeak ekarri zuen gizarte hori suntsitzea ezta?

Israelgo Estatua sortzeak, 1948an, Nakba izenarekin ezagutzen dena eragin zuen; aurretik Palestinan existitzen zen gizartearen suntsiketa eta espoliazioa eragin zituen. Jendarte horren oinarriak deuseztatu ziren; kristauak edo musulmanak, berdin zitzaien, biztanleen erdiak, 750.000 lagun baino gehiago, kanporatu zituzten; eta hori gutxi balitz bezala, palestinarren jabego guztiak bereganatu zituzten israeldarrek. Lapurreta eta espoliazio horren barruan, palestinarren historia jasotzen zuten agiri eta liburuak ebatzi zituztela kontuan hartu behar dugu; oso garrantzitsua da horiek guztiak berreskuratzea. Hori guztia eragin zuen Israelgo Estatuaren sorrerak.

Espainiako edo EAEko agintari eta komunikabideek ere Palestinaren errealitatea ezkutatzen ahalegindu direla uste duzu?

Ez dut uste errealitate hori ezkutatzen saiatzen direnik. Hala ere, Israelekin harremanak izatean eta legitimatzean, aldi berean, Palestinaren historia estalpean geratzea bermatzen ari dira. Batzuentzat oso mesedegarria da Ekialde Hurbila musulman eroen anabasa izango balitz bezala ikustea. Existitzen ziren kultur aberastasuna, etnia eta erlijioen askotarikotasuna... ez dituzte ikusi nahi. Bestalde, egon badaude Palestinako afera arazo humanitario soiltzat ikusten dutenak... Ostera, Israel zigortzea, erabateko neurri politikoak beharrezkoak dira.

Palestinako emakumeen eta bertako mugimendu feministaren kasuan, ezkutaketa-belo bikoitzaz berba egiten duzu.

Belo bikoitzaz ari naiz, emakumeen eta mugimendu feministaren jarduna erabat lotuta egon delako Palestinako Nazio Askapenerako Mugimenduarekin, eta bereizteko modurik egon ez delako. Emakumeek izan duten papera nabarmentzeari garrantzitsua deritzot; Palestinaren historia are gehiago osatzeko ez ezik, errealitate horretara gerturatzeko ahalegina ere bada, nahiz eta arrotz zaigun gizartea saldu nahi diguten.

Emakumeen bitartez, palestinarren erresistentziaren beste talaia bat agerian uztea baino ez da. XIX. mendean hasi eta XX. mendearen erdialdera arte, andre palestinarrek sabotajeak egiten zebiltzan; egunkarientzako memorandumak idazten zituzten; goi-mailako bitartekari politikoekin biltzen ziren britaniarren eta sionisten kolonizazioak salatzeko asmoz; manifestazioak egiten zituzten; armak eskuan borrokatzen ziren... Hori guztia nabarmentzea garrantzitsua zela uste nuen, Palestinako Nazio Askapenerako Mugimendutik aparte; emakumeen mugimenduaren bilakaeraz baliatuta, Palestinaren historia harilkatzeko aukera ematen du liburuak.

Zein da Palestinako mugimendu feministaren gaur egungo egoera?

Egun hauetan, Soraida Hessein ekintzaile palestinarra izan dugu gure artean, eta horretaz hitz egin digu. Palestinak bizi duen egoera inoiz baino larriagoa da; okupazio-egoera aurrera doa; gero eta okerragoa da. Badirudi ezin dela txarragora joan, baina Israelek ez dauka mugarik. Ildo horretan, herritar eta erakunde guztiak bezala, une oso zailak bizitzen ari da emakumeen mugimendua.

Hala ere, esperantzarako zirrikituren bat badago. 90eko hamarkadaren bukaeran, palestinar gizarteak batasunerako prozesu bat abiatu zuen, ustezko bake-hitzarmenak bultzatzeko asmoz; akordioetatik sortu behar zen Palestinako Estatua ez da oraindik heldu. Soraida Husseinek dioenez, ordutik hona, anestesiatuta egongo balira bezala igaro da denbora; baina, orain, berriro esnatzen ari dira.

Zertan datza berpizte-prozesu hori?

Palestinan botere-hutsunea dagoela esan daiteke: batetik, mesfidantza handia dago buruzagi batzuekiko; bestalde, beste batzuk Israelek hil edo espetxeratu egin ditu. Herri-batzordeek bermatu dute erresistentziaren berpizte-prozesu hori. Esaterako, Israelen kontrako Boikot, Desinbertsio eta Zigor kanpaina gero eta atxikimendu gehiago jasotzen ari da. Bestalde, badaude ekintzaile gehiago beste hainbat arlotan lanean dabiltzanak: hezkuntzan, osasunean, edo Zisjordaniako harresiaren kontrako "Stop the wall" kanpainan. Herri-batzordeen bitartez, okupazioaren kontrako erresistentzian zeregin aktiboagoa betetzen ari da gizarte zibila. Beharrezkoa da; egoerak horixe bera eskatzen du.

Zertan egiten du lan Biladik?

Biladi 2003an sortu zen. Lankidetzan baino, garapenerako hezkuntzan egiten dugu bultzada indartsuena; gizarte palestinarrarekin elkarlanean jardunez askoz gehiago lor daitekeela uste dugu. Horretaz gain, hitzaldiak ere ematen ditugu Palestinaren egoera ezagutarazteko. Bestalde, Felipe Gonzalez irakaslea buru, EHUko Zientzia Politikoetako Sailarekin elkarlanean dihardugu: dokumentalak jartzen dizkiegu ikasleei, Palestinaren iragana zein den ezagut dezaten. Ildo berean, Nazio Batuen Erakundearen simulazioa egin dugu, onartu beharko lituzketen erresoluzioak landuz. Fernando Sancho Biladiko proiektuen koordinatzailea eta biok ari gara horiek guztiak lantzen. Beste erakundeekin ere elkarlanean gabiltza.

Zelan ikusten duzu Palestinaren etorkizuna? Zein litzateke gatazkaren konponbidea?

Irtenbidea argia da: beste herrialdeen jarrera politiko sendoa, Israeli zigorrak ezarriz, Israelek legeak bete arte. Boikot, Desinbertsio eta Zigor kanpainak Biladiren erabateko babesa dauka; Hegoafrikan gauza bera egin zen apartheidarekin. Ildo horretan, argi utzi nahi dugu ez dela judutarren aurkako ekimena, sionistek hori transmititu nahi duten arren.

Nazioarteko legeen barruan dago kanpaina; Israelek okupazioa bertan behera uzten ez duen bitartean, arlo guztietan boikota egitea proposatzen du. Batetik, lau haizetara zabaldu nahi dugu Israel giza eskubideak errespetatzen ez dituen herrialdea dela. Bestalde, ezin dugu ahaztu, Israelen kolonizazioaren eraginez, Palestinak ezin dituela hezkuntza-, gizarte- edo osasun-esparruak garatu. Azkenik, ezin ditugu ahaztu 1948an euren etxeak utzi eta erbestera joan behar izan zuten palestinar guztiak; horiek guztiak bueltatu beharko lirateke.

Orain arte egindako negoziazioek eta bake-hitzarmenek ez dute fruiturik eman; Israelen ekonomiari min egitea da emaitzarik izan dezakeen egiteko bakarra. Hori da boikotaren helburua.

Bibliografia

Itzalpean geratzen den eta ezkutatzen saiatzen diren historia da herri txiki eta zapalduena. Palestinarenagaz ere gertatzen da. Itzalpea bikoitza da emakumeen eta mugimendu feministaren kasuan. Birritan zapaltzen eta estalarazten duten gizarte palestinarraren zati horri hurbiltzen zaio liburua. Historia eta soziopolitikaren ikuspegitik,  XIX. mendearen amaieratik gaur egunera, emakume palestinarrek kolonialismoaren kontrako borrokan (britainiarren zein sionisten aurka) eta euren eskubideen defentsan izan duten berebiziko eginkizuna deskribatzen digu idazleak. Palestinako emakumeen mugimenduaren sorrera, berezitasunak eta bilakaera kontatzen ditu, hainbat iturri biografikoren eta ekintzaileei egindako elkarrizketen bitartez. Mundu osoko emakumeen arazoak, horien irtenbidea, desirak eta borrokak berdinak direla agerian uzten du.

"Historia del movimiento de mujeres en Palestina"
 
Egilea: Mar Gijon Mendigutia
Argitaletxea: Txalaparta
Hizkuntza: Gaztelania
Edizio urtea: 2015

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun