"MagicFly Experience", ibilbide turistiko eta kultural elkarreragilea Getxon barrena

Iker Rincon Moreno 2016ko mar. 17a, 16:40

Getxoko Turismo Bulegoak "MagicFly Experience" ekimena ipini du martxan, dinamizazio-turistiko elkarreragilea izateko asmoz. Hala, "Smartphone"-aren bitartez, udalerriko gune esanguratsuenetatik ibilbidea proposatzen du bertan planteatutako igarkizunak asmatuz. "Proiektu aitzindaria da, esklusiboa eta Getxoko ekintzaileen enpresa batek erregistratutakoa", udal erakundeak azaldu duenez.

Irantzu Uriarte Turismo zinegotziak adierazi duenez, "Getxoko Udalaren jarduera-ildoetako bat da produktu eta zerbitzu turistikoak sustatzea merkatu-segmentu estrategikoetan, udalerriko ondare nagusienen ahalik eta aprobetxamendu handiena lortzeko". "MagicFly Experience"-aren helburu nagusia da Bizkaiko Zubiaren inguruetan bereziki, eta era sekundarioan Portu Zaharrean, biltzen diren bisitariak eta turistak animatzea inguru bi horiek lotzen dituen itsas-ertzetik ibiltzera eta haietaz gozatzera, informazioa, irudiak (zaharrak eta gaur egunekoak) eta bideoak eskainiz. Esperientzia positiboa baldin bada, Turismo Bulegoak udalerriko beste gune batzuetan ezartzea aztertuko du.

"MagicFly Experience"-aren erabilera oso erraza da. Interesatua Bizkaiko Zubia plazan jarritako totemera hurbildu behar da eta bertan panelean agertzen den QR kodea eskaneatu.

Hortik aurrera, ibilbidean zehar agertzen diren 7 "pista" jarraitu baino ez du egin behar. Ibilbidearen batez besteko iraupena 1,5 eta 2,5 ordukoa da, bisitariak ezartzen duen erritmoaren arabera. Informazioa eskuragarri dago euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez.

Aste Santurako eskaintza

Getxoko Turismo Bulegoak datorren Aste Santurako prestatu duen eskaintza ezagutzera eman du gaur ere. Irantzu Uriarte Turismo zinegotziak aurreratu duenez, "informazio eta arreta zerbitzua indartu nahi dugu  bitarteko gehiago jarriz, eta turista zein bisitarientzat Getxoren eskaintza modu erraz eta bisualean hurbilagoa eta agerikoagoa egiteko".

Hala, Abratik belaontzian irteerak egiteko aukera dago, bisita gidatuak Bizkaiko Zubira eta Portu Zaharrera, Taxi Tour ibilbideak (Kostalde Monumentala edo Getxo oso osorik), "Etxe Handien" pasealekutik ibilbide autogidatuak, eta bisitak Getxo Aquarium-era. Jarduera ziurtatuak dira (ez da talde minimoa bete behar). Informazio gehiago eta erreserbak Getxo.eus/turismo webgunean.

Euskarri grafikoak

Ohiko euskarri grafikoez gain (mapa turistikoak, GetxoPass ...), Turismo Bulegoak "45 plan Getxon gozatzeko" liburuxka kaleratu du. Argitalpenean 45 plan edo jarduera zehatz agertzen dira Getxon "ondo pasatzeko", baliabide eta zerbitzu nagusienakaz. Udalerriko 210 enpresak hartu dute parte eskaintza hori osatzeko, eta informazioa atal ezberdinetan sailkatuta agertzen da: Getxo Kostaldea, Getxo Monumentala eta Getxo Gastronomikoa.

Era horretan, eskainitako jardueren kopurua 2015eko Aste Santuagaz alderatuta %36 igo da, batez ere turismo kulturalagaz, kirolagaz eta ongizateagaz lotuta daudenetan, "Getxo 2020 Ekonomia Sustatzeko" estrategiaren ildo berbera jarraituz. Aurten 27.000 ale banatuko dira, gazteleraz, euskaraz, ingelesez eta, laster batean, nobedade gisa, aurten frantsesez ere.

Jendeari arreta

Bihartik, martxoak 18, aurrera, eta azaroaren 6 arte, Bizkaiko Zubiaren ondoko aldi baterako Turismoko Informazio Bulegoa zabalduko da, goizez eta arratsaldez. Zerbitzu horren helburua da bisitariari eskaintzen zaion informazioa eta arreta ahalik eta gehien indartzea eta, era berean, inguruko enpresentzat eta Getxo udalerriarentzat onuragarria izatea.

Ereagako Turismo Bulego nagusia Aste Santuko egun guztietan egongo da zabalik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun