Ustezko akordioak dituen zehaztasunak zeintzuk diren jakin ez arren, Iñaki Gamero Getxoko PPren bozeramaileak adierazi du bi alderdi nazionalista horien arteko paktuek eta akordioek "inoiz" ez direla "onuragarriak" izan udalerriarentzat. "Bi alderdi hauek bozkak batu dituzten bakoitzean lortutako emaitza negargarria izan da Getxorako eta getxoztarren sakeletarako, horren adibide garbia dugu, adibidez, bien artean adostutako zergen igoera", kritikatu du popularrak.
PP, Ciudadanos eta GUK taldeek aurrekontu horien kontra agertuko balira ere, EAJk eta PSEk garatutako aurrekontuak aurrera aterako dira, EH Bildu abstenituta.
Gameroren arabera, "EAJ eta EH Bilduren arduradun garrantzitsuek sinatutako akordio baten antzezpenaren aurrean gaude, autonomia hauteskundeetara arte jarraituko duena". Horren harira, popularrak uste du datozen EAEko hauteskundeei begirako "estrategia" baten ondorioz sortutako "erabakia" dela, "getxoztarren interesak babesteko aliantza bat sortzea baino".