Atxiloketa 01:30ak aldera egin dute. Udaltzainek "oso azkar" zihoan eta bidegurutze batean stop seinalea "errespetatu ez" duen auto bat ikusi ei dute Santa Ana auzoan. Hori dela eta, poliziek autoa geldiarazi dute, bide segurtasuna arriskuan jartzen zebilelakoan.
Jarraian, alkohol proba egin diote 43 urteko gizonezkoari, eta horretan 1,08 mg/l eman ditu, iturrien arabera. Horren aurrean, gidaria atxilo eroan dute, bide-segurtasunaren kontrako delitua egotzita. Era berean, azaldu dutenez, derrigorrezko asegururik gabe gidatzeagatik ere salatu dute.
Auzia ikertzeko polizia-eginbideak egiten dabiltza, Getxoko Guardiako Epaitegira bidaliko direnak, epaiketa azkarraren prozeduran.