Nondik datorkizu abesteko zaletasuna?
Txikitatik datorkit. Amak 8 urte nituela sartu ninduen Donapaleuko haurren abesbatzan. Bera Euskal Herriko Abesbatzen Federazioaren idazkaria zen, eta gizon zein emakumeek osatutako koruan kantatzen zuen. Berehala hartu nion gustu handia abesteari.
Orduan ikusi zenuen zure bizitza abeslari izatera bideratu gura zenuela?
Txikia nintzen orduan; adin horrekin ez neukan buruan etorkizun batean abeslaria izango nintzen ala ez. Hala ere, denborarekin, kantatu, artista ezberdinak entzun, jendea ezagutu eta musika-eskolan ikasketak egin ahala, ikusi nuen abeslari bihur nintekeela. Haur-abesbatzan nengoela, musika-lehiaketetara aurkeztu ere egiten nintzen. Urte batzuk beranduago Donapaleuko musika-eskolan hasi nintzen solfeo-ikasketak egiten. 16 urte neuzkala, berriz, Baionako musika-eskolan izena eman nuen, kantu klasikoko ikastaroak egiteko asmoz.
Zelan eman zinen ezagutzera?
Musika-eskolan nire ahotsa hobetzen joan nintzen pixkanaka. Halako batean, 2003an, Parisen egin behar zuten Munduko Atletismo Txapelketaren irekiera-ekitaldian "Marsellesa" Frantziako ereserkia abesteko aukeratu ninduten. Ondoren, Munduko Saskibaloi Txapelketan (2009), eta, Montpelieren, Frantzia eta Argentinaren arteko errugbi-partidan (2010) ere abestu izan dut himno frantziarra. Hala ere, argi utzi nahi dut mugaren bestaldean modu ezberdinean ikusten dugula ereserkien afera; Frantzian ez zen egon Francisco Francoren diktaduraren pareko erregimenik. Hegoaldean sortu izan banintz, ez nuen inondik inora Espainiako himnoa abestuko. Hori oso argi daukat.
Hala ere, hainbat ekitalditan Frantziako ereserkia kantatzeaz gain, kontzertuak ematen nituen elizetan eta beste hainbat lekutan; batzuetan, bakarrik abesten nuen, eta beste batzuetan, abesbatzarekin eskaintzen nituen emanaldiak.
Telebista-saio batean parte hartu zenuen. Horrek lagundu zizun?
"Le Chœur du Village" (herriko abesbatza) telebista-saioan agertu nintzen, 2012an; Frantzian arrakasta handia izan zuen France 3 katearen programa horrek. Beste talde batzuekin batera abestu nuen; irabazitako dirua musika-eskola berria eraikitzeko erabili zen.
"Les voix basques" (Euskal ahotsak) diskoagaz lortu zenuen arrakastarik handiena, ezta?
Bai. Urrezko diskoa izan zen Frantzian; 80.000 ale baino gehiago saldu genituen. Nire aburuz, abestien zerrendari dagokionez, oso disko homogeneoa da. Bertan, hainbat euskal kantu ezagunen bertsioa eskaintzen dut; Mikel Laboaren edo Benito Lertxundiren abestiak eta nire konposizioak entzun daitezke disko horretan.
Lan horren produkzioa ere ezberdina izan zen; dirua inbertitu eta diskoa Sony etxearekin egitea erabaki genuen.
Bestalde, Aizkoa gizonezkoen abesbatzaren parte-hartzea berebizikoa izan zen; ideia berritzailea suertatu zen emakume bat gizonek osatutako koru batekin kantatzen entzutea.
Ezustean harrapatu zintuen arrakastak?
Ezusteko ederra izan zen diskoaren horrenbeste kopia saldu, eta, horri esker, Frantzian urrezko diskoa irabazi izana. Lan txukun bat egiteko asmoa baino ez genuen, baina bikaina izan da lortutakoa. Oker ez banago, "Hegoak" abestiaren bideoklipa milioi bat lagunek baino gehiagok ikusi dute jada.
Horretaz gain, munduko beste hainbat herrialdetan ere abesteko aukera eman zidan; hala nola, Argentinan, Amerikako Estatu Batuetan, Ingalaterran, Irlandan eta Espainian.
Mikel Laboa zenaren "Txoria txori" abestiaren bertsioa da "Hegoak". Inoiz kantatu den abesti ederrenetariko bat da; betidanik asko maite izan dut kanta hori. Beraz, guztiz naturala suertatu zen niretzat diskorako hori aukeratzea. Laboaren abestiaren hitzak ez dira atzokoak, gaur egun ere zentzua badaukate; Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko batasuna defendatzeko egokiak dira.
Zein abeslari edo taldetan oinarritzen zara zure kantak egiteko?
Nahiko eklektikoa naiz. Besteak beste, munduko musika eta folk-musika atsegin ditut; esaterako, Souad Massi, Ibrahim Laalouf, Jack Jonshon, Manu Dibango, Raul Paz, Xoel Lopez, eta abar.
Zelan bururatu zitzaizun Aizkoa abesbatzagaz batera kantatzen hastea?
"Les voix basques" proiektua sortu baino lehen, elkarrekin lanean genbiltzan jada; gutxi gorabehera, orain dela hamar urte ezagutu genuen elkar, Baionako festetan. Lanerako haiek aukeratzea zen logikoena. Ahots ederrak dituzte. Gainera, abesbatzak 12-14 gizon bakarrik izanik, oso erraza da haiekin lan egitea; kantari onak eta oso zintzoak dira.
Orain, Algortako Biotz Alai abesbatzagaz kantatzen zabiltza. Zelan aukeratu zenituen algortarrak?
Hego Euskal Herrian "Les voix basques" lana aurkezteko, "Ongi etorri" diskoa plazaratu genuen 2014an, Elkar argitaletxearekin; Aizkoa abesbatzarekin batera egindako "Les voix celestes du Pays Basque chantent Noel" (2005) eta "Les voix basques" (2013) diskoen nahasketa bat da.
Hala ere, mugaren bestaldean nire kontzertuak antolatzen dituen Jose Anjel Serrano produktoreak proposatu zidan Biotz Alai abesbatza algortarrarekin ematea Hegoaldeko kontzertuak; elkarrekin oso ondo konpontzen gara korua eta biok. Gainera, ekainaren 25ean, Algortan bertan izango dugu emanaldia. Oso berezia izaten da nork bere etxean abestea; are gehiago, abesbatzak 50 urte betetzen dituen urtea izanda.
"Basque eta Paz Tour" birari ekin zenion 2014an. Zein ezaugarri eduki beharko lituzke buruan daukazun bake-eredu horrek?
Dena posible dela uste dut, beti ere elkarrizketan eta elkarren arteko errespetuan oinarritzen bagara, noski; indarkeria alde batera utzi eta elkarren artean hitz egitea da gakoa. Etorkizuna, gure seme-alabak izan behar ditugu buruan.
Zergatik aukeratu zenuen euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez abestea?
Kantatzea maite dut; nire bizitzan entzun izan ditudan hiru hizkuntzatan egin izan dut beti. Hala ere, euskaraz gehiago kantatzen dut, gaztelania eta frantsesez baino. Izugarri maite dut euskaraz abestea.
Hurrengo diskoa Done Jakue bidean barrena egindako bidaian oinarrituko duzu.
Bidaia egin aurreko lau urtean lan handia egin nuen; gelditu gabe ibili nintzen. Introspekzio bat egin nahi nuen. Gainera, abiatu baino sei hilabete lehenago, nire amatxi (amama) hil egin zen; orduan konturatu nintzen sinismenak zer garrantzia daukan. Donapaleuko nire amatxiren etxetik abiatu nintzen Compostelara bidean.
Zelan doa disko horren produkzioa?
Paris eta Euskal Herriaren artean lan egiten ari gara. Nire gitarra-jolea paristarra da. Hortaz, bertan grabatu ohi ditugu biolin eta gitarra soinuak. Ahots eta instrumentu tradizionalei dagokienez, Miarritzeko Lagunak estudioa erabiltzen ari gara horiek grabatzeko. Bestalde, Iruñeko Paz de Ziganda ikastolako umeen abesbatzarekin saioa egin genuen, eta haien ahotsak diskoan jarriko ditugu. Euskal Diasporari buruzko kanta osatzeko, berriz, Amerikara eta Argentinara joango gara grabatzera. Diskoa urtarrilaren 27an aterako dugu; otsailaren 27an, Parisko Olympian aretoan aurkeztuko dugu.
Biografia
Anne-Helene Etchegoyen Sarthou (Donapaleu, Nafarroa Beherea, 1980) abeslariak euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz kantatzen du. Frantzian arrakasta handia izan zuen, "Le Chœur du Village" (herriko abesbatza) telebista-saioan agertu zenean; beste talde batzuekaz abestu zuen saioaren seigarren atalean. 2012an eman zuen France 3 telebista kateak saio hori. Hala ere, fama handia hartu zuen 2003an, Parisen egin zen Munduko Atletismo Txapelketan "Marsellesa" Frantziako ereserkia kantatzeko aukeratu zutenean.
Etchegoyenen laugarren diskoa, "Les Voix Basques" (2013), urrezko diskoa izan zen Frantzian; 80.000 ale baino gehiago saldu zituen. Aizkoa gizonezkoen abesbatzagaz grabatu zuen. Munduko beste hainbat herrialdetan ere abestu du, esaterako, Argentinan, Amerikako Estatu Batuetan, Ingalaterran, Irlandan eta Espainian. Bestalde, Frantzian barrena, "Basque eta Paz Tour" izeneko bira egin zuen; izenburu horretan bildu zituen kantatzean darabiltzan hiru hizkuntzak, baita Euskal Herrirako gura lukeen bakearen ideia ere.
2015eko irailaren 21ean Done Jakue bideari ekin zion, disko berria bizipen horretan oinarritzeko asmoz; urriaren 21ean amaitu zuen bidaia. Lan berria 2017ko urtarrilaren 27an plazaratuko du. Gaur egun, Algortako Biotz Alai abesbatzagaz ematen ditu kontzertuak.
Informazio gehiago: www.anne-etchegoyen.com