Tasa eta zergen %0,65eko igoerak eztabaida eragin du Getxoko Udalbatzan

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 28a, 17:30

Getxoko udaletxea, artxiboko irudian.

Aurtengo aurrekontuei bide emateaz gainera, Getxoko Udalak udal tasa eta zerga batzuk %0,65 igotzea onartu zuen atzo, eguaztenean, osoko bilkuran. EH Bilduk igoera horregaz herritarrentzako hainbat "onura" lortuko direla iragarri zuen; halere, tasa eta zerga politika horrek hainbat aldaketa "behar" dituela nabarmendu gura izan zuen. PP eta GUK taldeek gogor kritikatu zuten aldaketa hori.

Horren harira, PPk 26 zuzenketa planteatu zituen (ezetsi egin ziren) familia ugariak, merkatariak eta ekintzaileak mesedetzeko, zaborren tarifa Bizkaiko batezbestekoari egokitzeko eta Musika Eskolako tasa ez handitzeko, besteak beste.

GUK taldeak, bestalde, tasa eta zergen proposamena kritikatu zuen: "EAJ, PSE-EE eta EH Bilduren akordio horren emaitza denez gero, legegintzaldi osorako zerga-karga areagotuko da. Ez gaude ados Musika Eskolaren tasa igotzearekin eta egoitzako kuotak gorantz berdintzearekin, diruzaintzan gerakina dagoenean”.

Ignacio Uriarte Ogasuneko zinegotziak erantzun zuen tasa eta zergen eguneraketaren helburua udal zerbitzu guztien iraunkortasuna murrizketarik gabe bermatzea dela, baita getxoztarren bizi-kalitatea mantendu eta hobetzeko beharrezko inbertsioak egitea ere. "Badago diruzaintzako gerakin bat, baina hortik 9,5 milioi euro inbertsioetarako dira aurten", esan du. "PPk eta GUKek zorroztasunik gabe lan egiten dute eta bideragarriak ez diren proposamenak egiten dituzte", azpimarratu zuen.

EH Bilduk, bere aldetik, zerga eta tasen auzia "demagogia eta eztabaida antzuen neurtzaile polita" izan ohi dela azaldu zuen. "Askotan batzuek zergen igoerara eta jaitsierara mugatu ohi dute eztabaida. Hori da, sarri eskuinak bilatzen duen eztabaida, eta tranpa horretan zoritxarrez behar baino gehiagotan erortzen gara".

Era berean, koalizio abertzaleak azaldu zuen hori ez dela EH Bilduk defendatzen duen zerga-sistema, "boterean izango bagina, sistema fiskalak ere aldaketak izango lituzke, hemen dauden askoren gustukoa izango ez litzatekeena, gainera".

Tasa eta zergen igoeraren ondorioak, EH Bilduren arabera

Koalizio abertzaleak abstentzioagaz eman zien bide atzoko osoko bilkuran tasa eta zergen %0,65eko igoerari; eta jarrera hori defendatzeko, igoera horregaz herritarrentzako hainbat "onura" lortuko direla iragarri dute, besteak beste, 250.000 euroko diru-laguntzak gazteen emantzipaziorako. 

Halaber, tasa eta zergen igoera horrek ekarriko dituen eraginak ulertzeko hainbat azalpen eman gura izan ditu, zeintzuk izango diren ondorioak ikustarazteko adibideak emanez:

Zarama eta hondakinen zerga:

  • 100 euro bakoitzeko 0,50 euro gehiago izango dira urtean. Ideia hartzeko, 1.000 metro koadro baino gehiago duen ostalaritza ustiakuntza batek, tasarik altuena ordaintzen duena alegia, hiru hilabetean 1,92 euro gehiago ordainduko du; etxeen kasuan 0,18 euro gehiago hiru hilabetean, hau da 0,72 euro gehiago urtean.

Estolderia:

  • 100 metro koadroko etxebizitza batek hiru hilabetean 0,10 euro gehiago ordainduko ditu estolderia zergagatik. Urtean 0,40 euro gehiago.

Autoen zerga:

  • Gehien ordaintzen duenak zerga honegatik, urtean 2,67 euro gehiago ordainduko du.
  • Maila erdiko autoa daukanak, aldiz, 0,85 euro gehiago ordainduko ditu urtean.

Halere, koalizio abertzaleak nabarmendu du tasa eta zerga politika hori ez dela "berea", eta "oraindik ere hobekuntza nabarmenak behar ditu, hala nola gehikorra izatea ezartzea".

Erlazionatuak

Getxok onartu ditu 2016rako aurrekontuak

Iker Rincon Moreno 2016 api 28 Getxo

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun