Getxok onartu ditu 2016rako aurrekontuak

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 28a, 17:27

Getxoko Udalbatza osatzen duten zinegotziak, artxiboko irudian.

Getxok badauzka 2016rako aurrekontuak, horiek osatzeko EAJ eta PSE-EEk osatzen duten gobernu-taldea EH Bildugaz ados ipini ostean. Atzo, eguaztenean, onartu zuten proposamena osoko bilkuran, gobernu-taldearen (EAJ eta PSE-EE) aldeko botoakaz eta EH Bilduren eta Ciudadanosen abstentzioagaz; ostera, gainerako taldeek ezinegona agertu zuten hiru alderdi horien akordioa dela-eta. Hala, 2016ko aurrekontuak 103,8 milioi eurokoak izango dira.

PPk eta GUKek aurrekontuei osoko zuzenketa bana aurkeztu zieten; halere, zuzenketok ez zuten aurrera egin. PP, GUK, EH Bildu eta Ciudadanos taldeek egindako 38 zuzenketa partzialetatik, berriz, 27 onartu ziren; gainontzeko 11k (PPren 9 eta GUKen 2) atzera bota zituzten, "juridikoki aztertu zirelako eta legezkotasunarekin bat ez datozelako", Imanol Landa alkateak azaldu zuenez. Egoera horrek popularren eta GUK taldearen kritikak sorrarazi zituen, analisi hori zalantzatan jarri baitzuten. Alkatearen arabera, goizean alderdien bozeramaileei dei egin zitzaien, "azaltzeko zergatik zuzenketa batzuk ez zetozen bat legezkotasunarekin; izan ere, ez dago alkatearen borondatearen mende, gai honetan berak ez baitauka erabakimenik".

Akordioaren eta eztabaidaren balorazioa

PPk eta GUKek gobernu-taldearen eta EH Bilduren arteko akordioa kritikatu zuten, eta koalizio abertzaleari leporatu zioten alkateari "gutun zuria" ematea, "bere aldetik aurrekontuko aldaketak egiten jarraitu ahal izateko, osoko bilkurara ekarri beharrean". Hala, bi talde horiek alkatearen eskuordetutako eskumenak murrizteko zuzenketak planteatu zituzten".

Popularren arabera, "2016ko aurrekontuak okerreko bidea hartu du. EAJ-PSE-EH Bildu itunak dirua xahutzearen bide erraza hautatu du. Pertsonak eta beraien beharrizanak ahaztu dituzte. Horregatik, gizarte ekintzara edo gazteei, ekintzaileei eta adinekoei laguntzera bideratzen den dirua oso urria  da, eta Romoko babespeko apartamentuen konponketa bertan behera geratu da, baita non egon nahi duten aukeratzeko parte hartze prozesuaren hasiera ere".

GUKen ustez, "osoko bilkura hau zirku bat da, aurkeztutako akordioak oposizioaren proposamenak baliogabetzen baititu.  13 egun izan ditugu aurkeztutako aurrekontu-proiektua analizatzeko. Beraz, herritarrei kontsultatzeko lan osoa alferrekoa izan da. Aurrekontu hauek ez daukate herritarren ez udal taldeen parte hartzerik". Talde horrek, gainera, hainbat zuzenketa partzial aurkeztu zituen bideragarritasun azterlan bat egiteko, Portu Zaharraren ingurua birgaikuntza integraleko eremu deklaratzeko, Gizarte Ekintzaren eta Integrazioaren alde, etxebizitzaren alde, eta etorkizunean aurrekontu demokratikoak izatearen alde, besteak beste.

EH Bilduk, bestalde, erantzukizunez jardun duela adierazi zuen, oposizioko taldea den aldetik. "Akordio honi esker, Udalak aurrekontu berriak izango ditu, eta EH Bilduri esker osoko bilkuran aurrekontuak eztabaidatzen ari gara, orain dela 4 urte areto honetan sartu gabe zeudenak. Aurrekontu hauek ez dira EH Bilduk egingo lituzkeenak, baina uste dugu akordio hau herritarren mesederako dela, ezkerreko planteamenduak jasotzen dituelako". Koalizio abertzaleak negoziazio prozesuaren ondorioz lortutako hobekuntzak aipatu zituen, berbarako, gazte emantzipaziorako 250.000 euroko partida lau urtez, etxebizitza hutsen errolda egitea edo Getxoko Emakumeen Etxea eraikitzeko herritarren parte-hartze prozesuari ekitea; "gure proposamenak herritarren, elkarteen eta merkatarien ekarpenen emaitza izan da. Azken erabakia batzar irekian hartu da".

Ciudadanosen zuzenketak hiru sektoreren ingurukoak izan ziren: hezkuntza, arlo soziala eta ekonomiaren sustapena. Adineko pertsonak, Down sindromea daukaten pertsonentzako laguntzak, etxez etxeko laguntza zerbitzua eta Gizarte Ekintza izan ziren proposamenen gaiak.

Gobernu-aldeak, bere aldetik, hiru alderdi ezberdinen (EAJ, PSE-EE eta EH Bildu) arteko hurbilketa eta negoziaziorako jarrera txalotu zituen. "Negoziaketa-prozesu luzea izan da, azaroan aurrekontuen zirriborroa aurkeztu zitzaien alderdi guztiei irekia, zeinetan EH Bilduk bakarrik parte hartu zuen. Ezin dugu ahaztu osoko bilkura honen %60a ados dagoela gaur onesten ari garenarekin. Denok eman behar izan dugu amore zerbaitetan. Horretan datza negoziaketa bat". Imanol Landa alkateak, gainera, adierazi zuen PP eta GUK taldeakaz ez zutela aurkitu akordioetara iristeko borondaterik: "Gobernua beren planteamenduetara makurtzeko eta beren proiektuetako batzuk gauzatzeko aukera galdu dute, beraien erantzukizuna denez eta EH Bilduk egin duenez".

Getxoko aurrekontuak, puntuz puntu © GETXOKO UDALA

EH Bilduk aurrekontuetan ezarritako hobekuntzak: © EH BILDU

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun