Zer musika-mota jorratzen duzue?
Guk beti esaten dugu gauza bera: rock-talde bat garela. Hala ere, egia da beste ezaugarri batzuk sartzen saiatzen garela. Beste musika estiloetatik hartzen ditugu gauzak, erritmoetan, melodietan eta armonietan sartzeko.
Maketa bat grabatu duzue, ezta?
Bai, oso grabazio luzea izan zen, tarteka eginda, eta joan den abenduan amaitu genuen. Gustura gelditu gara emaitzarekin; halere, nabaritzen da horiek hasierako abestiak direla. Orain zeozer gehiago aurreratu dugu; apur bat aldatu gara.
Zertan datza lan hori?
Maketa horren abesti guztiak Joneren aitak idatzitako liburu batean daude oinarrituta: "La parabola del hombre bala". Istorio laburrak dira, eta bakoitzarekin abesti bat egin dugu.
Gaztea-ko Maketa Lehiaketan lehiatu zarete, zelakoa izan da?
Oso zaila da aurrera egitea. Bozketa orduan, bozka gehien jasotako lehenengo biek finalerako txartela lortu dute, eta gu hirugarren gelditu ginen. Gero, epaimahaiak beste hiru talde aukeratu ditu, baina, zoritxarrez, ez gara gu izan.
Hala ere, lehiaketak balio izan du nork bere burua ezagutarazteko, ezta?
Bai, hori, oso ondo. Gehienbat horretarako da, eta jende gehiagorengana heldu gara, horri esker. Nabaritu dugu propaganda egin dutela eta Gaztea-koek noizbait gure izena aipatu eta abestia jarri dutela.
Zergatik Leun?
Izena hautatzeko denbora asko egon ginen, oso zaila da. Halere, bakoitzak bere teoria dauka. Leun suabea da, gozoa, taldeak lantzean behin soinu suabea duen bezala. Izan ere, gehienetan gitarra distortsiorik gabe erabiltzen dugu, garbi, eta ahotsa oso leuna izaten da. Halere, egia da beste alde bat daukagula, eta oso indartsuak izan gaitezkeela. Dena den, hitz polit bat bilatzen genuen, eta leun asko gustatu zitzaigun.