Onartutako kreditu gehigarriaren harira, Alvaro Gonzalez Kiroletako zinegotziak adierazi zuen diru-laguntza hori kluben ekipamenduak mantentzeko eta berriztatzeko politikan txertatzen dela. "Uretako kirolei dagokienez, azken hiru urteetan laguntza eman dugu piraguismo klubarentzako piraguak erosteko, Moilako Raspasei skiff bat erosteko, eta abar. Orain dagoen lehiaketako traineruak, Goizeko Izarrak, bederatzi urte ditu eta bere bizialdiaren amaieran dago. Gainera, Getxo Arraunek lan bikaina egiten du Arraun Eskolaren garapenean. Getxoztarrez osatutako talde bat dauka KAE 2n, KAE 1era igotzeko aukerekin, eta 150 arraunlaritik gora dauzka, gizon eta emakume”, azpimarratu du.
EH Bilduren arabera, "harrobia daukan taldea da eta material gehiago behar du. Traineru baten batez besteko bizialdia 10 urtekoa da, eta zenbateko hori urte horietan amortizatuko da". PP eta Ciudadanos taldeek Getxo Arrauni arrakasta eta garaipena opa zizkioten traineru berriagaz. GUK taldeak klubaren lan handia azpimarratu zuen, baina abstenitu egin zen, "espedientean ez baitago zuzeneko diru-laguntza hau abalatzen duen txostenik; beraz, legea ez da betetzen".
Mozioak
Aurkeztutako 9 mozioetatik 5 testigantza izaeragaz onartu ziren: lehenengoan, PPrena, Getxon wifi libreko eremuak jartzeko azterlana eskatu zen, horrek dakartzan ondorio tekniko eta ekonomikoak aztertzen dituena, eta bideragarria bada, eremu egokietan wifi publikoa jartzea (plazetan, parkeetan eta hiriguneetan). Puntu honetan, Alvaro Gonzalez zinegotziak adierazi zuen Udalak eta bere erakunde autonomoek Interneteko sarbide librea eta doakoa eskaintzen dutela udal eraikinetako eta beraien inguruetako 30 puntutan (Turismo Bulegoa, liburutegiak, Fadura eta Gobela...). Gonzalezen ustez, bide publikoan wifi libre eta dohainik eskaintzeko aukerak "zenbait oztopo" ditu, "legalak eta teknikoak".
Gainera, PPren beste bi mozio onartu zituen Udalbatzak. Hala, udalerriko hondartzetan segurtasun-armairuak jartzea onartu zen, gutxienez udan. Halere, Jose Luis Landa Ingurumen zinegotziak adierazi zuen antzeko proposamenen bat sar litekeela hurrengo lizitazioan, baina ez hondartza-denboraldi honetan, egun gutxi batzuetan hasiko delako. Beste mozioa Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak Familien Nazioarteko Eguna dela-eta (maiatzaren 15ean) igorritako mezuagaz bat egiteko izan zen.
Era berean, onartu zen EH Bilduk proposatutako mozio bat ere, EAJk zeharkako zuzenketa egin ziona, EAJ, EH Bildu eta GUK taldearen aldeko botoakaz. Mozio horrek euskal presoen sakabanaketa-politika gaitzesten du, ez datorrelako bat nazioarteko gomendioakaz, eta presoen eta beraien senideen giza eskubideak urratzen dituelako. Gainera, mozioan Espainiako Gobernuari eskatzen zaio sakabanaketa-politika bertan behera utz dezala, ez baitago legezko oztoporik horretarako, presoen, familien eta euskal gizartearen gehiengoaren borondatea delako, betebehar humanitarioa delako, eta bakea eta bizikidetza sendotzen laguntzen duelako. Hala ere, Etxerat elkartearen izenean dispertsio-politikaren eta urruntzearen desaktibazioa eskatzeko koalizio abertzaleak aurkeztutako mozioa bertan behera gelditu zen; kasu horretan, EAJ eta GUK abstenitu egin ziren.
Azkenik Ciudadanos taldearen mozio bat onartu zuten, San Inazio plaza zaharberritzeko azterlan bat egiteko, jokoen esparrua modernizatzeko, ingurune horretarako proposamenak lortzeko asmoz herritarren parte-hartze proiektu bat burutzeko, eta Miramar kaleko asfaltoko eta espaloiko kalteak konpontzeko.
Nagusien Etxea lekuz aldatzeko kontsulta egiteko proposamena ezetsi da
EH Bilduk mozio bat egin zuen, Itzubaltzeta/Romon eta Areetan nagusien etxearen etorkizuna erabakitzeko galdeketa egitea proposatzeko, Ibar Nagusien Etxea Romo Kultur Etxe berrira eramateari edo ez eramateari buruz; mozioa EAJ, PSE-EE eta PPk ezetsi zuten.
PPk uste du kontsulta Nagusien Etxeko erabiltzaileei bakarrik egin behar zaiela, eta ez Itzubaltzeta/Romoko bizilagun guztiei. GUK eta Ciudadanos taldeek, berriz, EH Bilduren proposamena babestu zuten. Bestalde, Koldo Iturbe Kultura zinegotziak berriro ere gogoratu zuen RKEaren proiektu hori "ona" dela Itzubaltzeta/Romo, Areeta eta Getxorentzat, eta babesa jaso zuela hauteskundeetan, EAJk bere hauteskunde-programan azaldu baitzuen. "Oposizioak ez dio nolako Romo Kultur Etxea nahi duen; guk, ostera, bai. Proiektu argi eta gardena izan da. Talde politiko guztien arteko adostasunean oinarritzen da eta solaskide egokiaren parte hartzea izan du: Nagusien Etxeko Zuzendaritza Batzordea", azpimarratu zuen Iturbek. PSE-EEk, halaber, adierazi zuen EAJk hauteskundeetako babesa daukala. Imanol Landa alkatea, berriz, harrituta azaldu zen, oposizioko alderdiek hauteskunde-prozesuen zilegitasuna eta udalbatzaren eskumenak zalantzan jarri dituztelako.