Fadura kiroldegiaren kanpoko instalazioetan parke publikoa egingo dute

Iker Rincon Moreno 2016ko mai. 30a, 17:05

Fadura kiroldegia.

Getxo Kirolak Getxoko Udaleko kirol-erakundea Fadura kiroldegiaren kanpoaldean sarbide askeko parke publiko bat diseinatzen hasiko da laster. Udal iturriek iragarri dutenez, planteamendu berri horren arabera, kirol-instalazioak Getxo Kirolak erakundeko "erabiltzaileentzat bakarrik izango dira, baina gainerako berdegune eta aisia-guneak udalerriko parke publikoen sareari gehituko zaizkio".

Halandaze, Fadura kiroldegiko kanpoaldearen erabilera aldatuko da, hain zuzen ere, "Gobela ibaia bideratzeko obrek kiroldegi inguruan izan duten eraginagatik eta instalazioak gaur egungo kirol-eskariei egokitzeko hausnarketa-aldi bat hasteko beharragatik", Kirol Arlotik nabarmendu dutenez. Horretarako, Getxo Kirolak erakundeak partaidetza-prozesu bat hasiko du. Bertan, parte hartzeko aukera izango dute kirol-klubek, elkarteek eta kiroldegietako erabiltzaileek.

Alvaro Gonzalez Getxoko Kirol zinegotziaren iritziz, "Gobela ibaia zabaltzeko obrak inpaktu handia sortzen dabiltza Fadura inguruan eta, beraz, aurrerantzean izango dugun eremua ahal bezainbeste nola aprobetxatu planteatu behar dugu, kontuan hartuta kiroldegiko erabilera-tasak oso handiak direla".

Eraldaketa hori koordinatzeko, Getxo Kirolak-ek pertsona bat kontratatu du aldi baterako, hautaketa-prozesuan aurkeztu ziren zazpi hautagaien artean.

Bitartean, Getxo Kirolak eta Erandioko Martiartu Kluba ados jarri dira, golf-instalazioetarako zuten akordioa padel-pistetara zabaltzeko. Hala, Faduran Gobela ibaia kanalizatzeko obren eraginez eraitsitako pisten erabiltzaileek Erandion jokatu ahal izango dute.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun