Zertan ibili zara egunotan Algortan?
Ibili baino, korrikan, leku batetik bestera! «Mujeres en correspondencia» (Emakumeak elkarrekikotasunean) tailerra ematen ibili naiz. Minutu bateko bideoak egiteko tailerra da; ikus-entzunezko profesionalak ez diren emakumeakaz egiten dugu lan, filmazioaz oinarrizkoa eta euren ideiak film laburretan adierazten irakasteko. Tailerrean, bakoitzak bere bideoa egin du, minutu batekoa eta sekuentzia-plano batean. Lau egun izan dira. Getxon egindako film labur denak proiektatu genituen astelehenean Bilbon; horiekaz batera eman genituen Kairon, Alexandrian eta Egiptoko beste hiri batzuetan, zein Mexikon eta El Salvadorren sortutako lanen hautapen bat.
Zelakoa izan da Getxoko emakumeakaz lan egitea?
Oso ona! Ez da hemen lan egiten dudan lehenengo aldia, Euskal Herrian. Iaz Ermuan izan nintzen, beste tailer batean, eta aurreko urteetan, Donostian eta Bilbon jardun dut; beti ondo. Tailerrak ez ditugu hemen bakarrik egiten. Emakumezkoek egindako zinema arabiarraren karabanagaz gatoz; Emakumeen Nazioarteko Kairoko Zinema Festibalaren hautapena da. Barikura arte, emakume zuzendari arabiarren filmak proiektatzen gabiltza Bilboko Alondegian, zuzendarietako batzuk bertan direla, publikoagaz eztabaidak egiten. Emakume zinemagileen topaketak izan ditugu, KCD gobernuz kanpoko erakundeak eta EHUk antolatuta. Goizean topaketakaz, eta arrastian karabanagaz ibili gara eguaztenera arte.
Zelangoa da Getxoko emakumeen maila?
Kontua da lan egitea aurretik ezertxo ere egin ez duten emakumeakaz. Halandaze, emakumeakaz ahalegintzen gara elkarregaz komunikatzen, generoaren gaiaz eztabaidatzeko, ideia bateratuak garatzeko, elkarlan-mekanismoak sortzeko… hori da garrantzitsuena tailerrean. Helburua ez da emakume batek filmak egiten ikastea, lau egunean ez baita sortzen zinema-zuzendari bat. Ideia da talde-lanerako baliabideak eratzea. Nire ustez, nahiko ondo funtzionatu du hemen. Ideiei dagokienez ere, ideia asko partekatzen dute hemengo andreek eta munduko beste leku batzuetako emakumeek: Egiptokoak, Oaxacakoak, El Salvadorrekoak… Hori askori arraroa iruditu ahal zaie, baina kontu asko dago komunean; ez ditugu atzematen emakumeok ditugun gure arteko kontu komun horiek, batera film laburrak egin edo lan egiten dugunera arte. Astelehenean, hemengo film laburrak proiektatu genituen beste lanakaz, eta orduan, hemengo emakumeak jabetu ziren hemen egin duten hainbat kontu munduko beste leku batzuetan ere egin dutela, eta horrek batzen gaituela.
Ikasketaz eta lanbidez abokatua zara. Gerora zineman jardun duzu. Ez da ohiko konbinazioa.
Nire kasuan, tipikoa izan daiteke, kar, kar, kar. Zuzenbidea ikasi nuen, eta abokatu ibili nintzen lanean. Gerora hasi nintzen zinema ikasten, orain dela urte asko, eta orain honetan nabil lanean. Nire ustez, abokatuaren lana egiteak edo zuzenbidea ikasteak bazeukan jendarteagaz eta gure munduak pairatzen dituen arazoakaz komunikatuta egoteko zentzua. Baina zelanbait ikusi nuen zuzenbideko lanak ez duela balio arazo horiek konpontzeko, mundu arabiarrean beharra nahiko burokratikoa baita. Konturatu nintzen lan zinematografikoagaz hobeto adieraz nezakeela buruan zer nuen, eta, era berean, dokumentaletan hobeto adieraz nezakeela Egipton zer gertatzen den.
Zelangoa da Egiptoko egoera politikoa gaur egun?
Nahiko zaila da; ez dakit jendeak noraino ezagutzen duen Egipton zer gertatzen den. 2011n iraultza deritzoguna izan zen. Pentsatu genuen iraultzak hilabete batzuk iraungo zuela, baina gerora konturatu ginen urteak beharko dituela. Orduan, jendea hasi zen Mubaraken Gobernuaren aurka mugitzen. 18 egunen ondoren, Mubaraken Gobernua erori zen, eta Armadak hartu zuen boterea, herriaren eskubideak defendatuko zuelako aitzakia erabiliz. Hilabete batzuk geroago konturatu zen jendea sistema bera zela, ez zela aldatu. Hauteskundeak izan ziren ostean, eta Anaia Musulmanek irabazi zituzten. Urtebete beranduago, herriak ikusi zuen hori ere sistema bera zela, baina diskurtso erlijiosoagaz; ez zegoela desberdintasunik Gobernu horren eta aurrekoaren artean. 2013ko ekainaren 30ean, Anaia Musulmanen aurkako matxinada izan zen, eta Armada bueltatu zen agintera. Orduan, jendeak Armadaren alde egin zuen, Anaia Musulmanak okerrenen artean okerrenak zirela iritzita, eta egia zen. Harrezkero, Al-Sisiren Gobernua dago. Argi dago Gobernuak aliantza garrantzitsua duela Israelegaz eta AEBakaz, eta jendeak argi ikusi du ez dituela errazten iraultzaren oinarrizko eskaerak: justizia soziala, adierazpen-askatasuna, eta abar. Azken hilotan, mobilizazioa kaleetara bueltatu da berriro ere: gazte asko atxilotuta dago; kartzelak beteta daude, eta sindikatuak nahiko mobilizatuta daude. Azken hori ona da. Arazoa da Egipton ez dugula mugimendu politiko antolatu bat, boterea hartzeko. Mugitzen gara militarrengandik Anaia Musulmanengana, ezkerra gaixorik dagoelako: beti bata bestearen aurka borrokan daude ea liderra zein izango den. Zoritxarrez hori da arazoa, ea nork hartuko duen agintea. Batasunaren beharra dago mugimendu politikoan. Datozen hilotan, hori atzean uztea espero dut; bestela horrela segituko dugu, batzuen eta besteen artean gobernua txandakatzen, alderdi militarra edo erlijiosoa lehenetsita, baina sistema berean.
Egoera horretan, Egipton zinema egitea erraza da?
Kontua ez da erraza ala zaila izatea. Egin, egin behar dugu. Ez dugu gehiegi pentsatzen; konektatuta gaude herriagaz; gure eginbeharra da. Gure kezka da zelan aurkitu zinema egiteko modua. Une bakoitzean, kontuak egiteko era ezberdin bat topatu behar dugu, unean-unean funtzionatuko duten mekanismoak erabilita, gobernu bakoitzak, nahiz eta interes berberak izan, aldatu egiten dituelako errepresioa egiteko moduak. Une bakoitzean, erresistentzia-mota ezberdinak sortzea da kontua. Kontua ez da erraza ala zaila den, ez gaudelako dena erraza izango den jendarte libre batean. Desiratzen dut garai hori heltzen denean ni oraindino bizirik egotea, baina ez dut uste, kar, kar, kar! Filmatzeaz gainera, lanak proiektatzeko moduak ere topatu behar ditugu, lan zinematografikoa egitea ez delako nahikoa, jendearengana heldu behar du egindako lan horrek. Fase horretan ere, lan egin behar dugu beste talde eta gizarte mugimenduakaz eta jendeagaz batera, jarraikotasuna izateko, sistemak onartu ez arren.
Arlo horretan, arazoak izan dituzue Emakumeen Nazioarteko Kairoko Zinema Festibalean?
Ez dakit esatea beharrezkoa den, baina gure festibala ez da legala. Hala ere, Gobernua bera ere ez da horretaz jabetu, kar, kar, kar. Gura ditugun proiekzioak egin ahal izateko trikimailuak uneoro baliatu behar ditugu. Nogaz, non eta zein testuingururen arabera, aldatu egiten dira arauak. Ahalegindu gara eta 10 urteotan kontatu gura izan duguna kontatu dugu, gure aldetik ez baitugu inolako zentsurarik ezarri. Beste batzuek zentsuratzen dute gure lana, eta hori badakigu; arriskutsuena izango litzateke guk autozentsura egitea. Emakumeon erronka ez da sistemaren zentsura, baizik eta autozentsura horretan ez erortzea. Espero dezagun aurrera segitzea, ez baitakigu etorkizunean zer gerta daitekeen. Jendetza dator festibala ikustera: aurten, 5.000 edo 6.000 ikusle izan gara, emakumeak zein gizonak. Ez da Espainian legez; han, bakarrik emakumeenak dira festibal batzuk. Gurean ia erdia eta erdia dira gizonak eta emakumeak, eta, batzuetan, saioak beranduago direnean, gizon gehiago izaten dira emakumeak baino. Eztabaida oso aberasgarriak izaten ditugu publikoko emakumeen eta gizonen artean, eta datozen emakume zuzendariakaz. Adin aldetik ere, denetarik dago. Gainera, doakoa da gure festibala, eta alde horretatik bakarra da Egipton, eta horrela izaten segitzea aldarrikatzen dugu. Era berean, film denak arabierako azpitituluakaz egotea exijitzen dugu, eta horretan ere, bakarrak gara. Beste festibal denek ingelesezko azpitituluakaz izaten dituzte, eta ingelesa dakien publiko intelektualarengana zuzenduta, beraz. Guk gure lana horrelako filmak ikusi behar duen publikoarengana zuzentzen ditugu. Horregatik urte gutxitan, festibal herrikoia bihurtu gara; ekimen berezia gara Kairon, emakumeentzat eta publiko zabal batentzat.
2011ko iraultzatik gaur arte, emakumearen egoera eta rola aldatu dira?
Ez da aldatu. Esaten dute emakumeak 2011n irten zirela kalera, baina hori ez da egia, emakumeak beti izan direlako kalean. Gezurra da. Kamerak bertan zeudelako esaten dute, baina gu beti egon gara kalean, aldarrikatzen. Emakumeek zineman duten presentziaz berba egiten badugu, adibidez, Egipto da herrialde bakarrenetarikoa non emakumeak betidanik dauden industrian, ekoizle, zuzendari edo editoreen lanetan. 1920ko hamarkadan, emakume batek sortu zuen Egiptoko lehenengo ekoiztetxe zinematografiko industriala. Emakumeen rola ez da eztabaidatzen. Dagoena da mundu arabiarraz dagoen estereotipoa; gurean emakumeak ez dauka legeetan, kalean daukan beste berme eta eskubide. Horregatik, 2011n, emakumeak kalean izatea guretzat ez zen arraroa izan, baina munduarentzat bai, lehenengoz ikusi zuelako hori. Legeek ere gure eskubideak onar ditzaten borroka egiten gabiltza. Zure galderari erantzuteko, 2011tik zer aldatu den? Herrialdean ezertxo ere ez bada aldatu, ezin dugu espero zerbait aldatzea emakumearen edo generoaren kontuetan, erabat lotuta dagoelako hori sistema osoari. Egipton jendea aldatu da, baina sistema ez. Gu ez gara lehen ginenak, baina sistema ekonomiko eta juridikoak berdin segitzen du. Eta emakumearen egoera ez da aldatuko, harik eta sistema osoa irauli arte.