Zer aurkituko du antzezlana ikustera doan jendeak?
Alde batetik, aipatu behar da obra tragikomikoa dela, eta nahiko arina. Bestalde, pertsonaia ezberdinak egiten ditugu; antzezlan bat izan arren, jolas bat izango balitz bezala hartzen dugu guk. Pertsonaia batetik bestera salto egiten dugu etengabe. Ez da mezu edo irakasgai bat transmititu gura duen antzezlan horietako bat; ikusleek ondo pasatzea da asmoa.
Zer kontatzen du antzezlanak?
Romeo eta Julieta obrarekin paralelismo bat egiten saiatzen da Patxo Telleria; berak idatzi du antzezlana. Hala ere, "Alde Zaharreko amoranteak" obrak ez du pertsonaia bi horien istorioa kontatzen; William Shakespeareren pertsonaia ezberdinak interpretatzen ditugu. Eszenario gainean, obra bat antzeztu gura dugun bikotea gara Mikel Losada eta biok; gure artean zeloak, lehiakortasuna eta liskarrak sortuko dira. Korapilo-komedia batez ari gara; ez dauka ildo bakar bat, gauza asko gertatzen dira.
Zergatik jarri zenioten "Alde Zaharreko amoranteak" izenburua?
Bilboko Zazpi Kaleetan bizi gara Mikel Losada eta biok.
Lehenengo egunean euskaraz, eta bigarrenean gaztelaniaz aurkeztuko duzue.
Bai. Euskaraz ere antzerkia egitea beharrezkoa da. Ikusle gutxiago egoten da, baina Mikel Losada eta biok euskaldunak gara.
Nondik datorkizu antzerkirako grina?
Kazetaritzako hirugarren mailan nengoela, 21 urterekin, Getxoko Antzerki Eskolak ematen zuen ikastaro batean izena eman nuen. Ez neukan buruan ogibidetzat hartzea, baina irakasleetako batek nahikotxo animatu ninduen. Ordutik hona, zorte handia izan dut: Argentinan urtebete egin nuen ikasten; bueltan ez zait inoiz lanik falta izan, antzerkigintza-munduan.
Umeentzako antzerkia ere egin duzu.
Glu Glu konpainiarekin Txanogorritxu egiten ibili naiz. Ezberdina da helduentzat edo umeentzat antzerkia egitea. Helduak kritikoagoak dira; txikiak, ordea, adi-adi eta oso geldi egongo dira, antzezlana gustatzen bazaie. Gustuko ez badute, saio guztia emango dute hitz egiten.
Eta zinema eta telebistan, zer?
Telebistan ezer gutxi egin dut; Kerman mintzalagun bila saioaren kapitulu bat besterik ez. Zineman, berriz, Tres mentiras filma egin nuen orain dela urte bi. Oso ezberdina da. Antzerkia nahiago dut; agian, zineman, ikasteko asko daukadalako oraindik.
Gaur ez bada bihar, etxean antzeztea gustatuko litzaizuke?
Getxo Antzoki berria ez dute zabaldu oraindik; bertoko eszenarioan antzeztea gustatuko litzaidake. Etxean senide eta lagunek babestuta sentitzen zara, agertoki gainean. Gogo handiak ditut Algortan antzezteko.