Halaber, tasa-tarte handiagoak proposatu dira, higiezinen % 2,42ari baino ez diotenak eragingo, hain zuzen ere katastroko baliorik handiena duten higiezinei. Nolanahi ere, aipatutako proposamenaren aplikaziotik eratorritako kalkuluen arabera, 2016. urteagaz alderatuta, Getxoko higiezinen erdiaren OHZren ordainagiriak behera egingo du 2017an.
Inazio Uriarte Ogasuneko zinegotziak gogorarazi du Bizkaiko Foru Aldundia lurralde historikoko hiri eta landa izaerako ondasun higiezinen katastro-balioak berrikusten ari dela. Katastroa duela 40 urte berrikusi zen azkeneko aldiz; hori dela eta, guztiz indargabetuta dago higiezinen katastro-balioaren eta merkatuko balioaren arteko harremana.
Katastro-balioa Ondasun Higiezinen Zergaren (OHZ) zerga-oinarria da, ondasun higiezinen balioa kargatzen duen tokiko zuzeneko zerga da, izaera erreala duena. Katastro-balioen berrikuspenaren bidez, balio horiek guztiak merkatuarekiko proportzionalak izatea lortu gura da, hala, balio horien birbanaketa higiezinen merkatuaren errealitateari hobeto egokitzeko. Berrikusketa horren ondorioz, ordainagirien % 50,91 jaitsi egingo litzatekeela kalkulatu da; % 49,09, aldiz, garestitu egingo litzateke. Inazio Uriartek nabarmendu duenaren arabera, horrez gain, 2016ko aurrekontuetan 150.000 eurp gorde dira arazo ekonomikoak dituzten familientzako laguntza gisa, euren etxebizitzetako gastuei aurre egite aldera, horien artean OHZ.
Osoko bilkuran, PP, EH Bildu eta Ciudadanos alderdiek ordenantza aldatzeko hainbat zuzenketa aurkeztu dituzte, besteak beste, itsasertzean dauden etxebizitzentzako hobarien inguruan eta energia berriztagarrien erabilera babesteari eta hutsik dauden etxebizitzak kargatzeari buruz. Zuzenketa horiek bozkatu egin dira baina ez dira gehiengoz onetsiak izan.
Hutsik dauden etxebizitzen gaiari dagokionez, gobernu-taldeak, EH Bilduri erantzunez, konpromisoa hartu du 2018ko OHZren ordenantzan hutsik dauden etxebizitzen inguruko gainkarga bat barne hartzeko. Baina, Koldo Iturbe zinegotziak adierazi duenaren arabera, aldez aurretik pausu jakin batzuk eman beharko dira "neurri horrekin lortu nahi diren ondorioak modu eraginkorrean lortzeko eta, batez ere, neurria segurtasun juridiko nahikoarekin gauzatzeko". Halaber, azpimarratu du aldez aurreko eginkizun horretan nahitaezkoa dela bi datu-baseak gurutzatu eta datuak bateratzea (hutsik dauden etxebizitzen errolda, EH Bildugaz hartutako aurrekontuei buruzko erabakian jaso zena).