Urtebeteren ostean, dena dago prest Algortako saninazioetarako. Zelakoa izan da horiek antolatzeko lana?
Egia esanda, azken urteetako egoerarik kaskarrenean dago jai-batzordea, gutxi gaudelako lanean. Denok ikasi edo lan egiten dugunez, zaila egiten zaigu elkartzea, eta gauzak lotzeko zailtasun nahikotxo izaten ditugu. Orain, 6 kide gara, eta Algortako jaiak antolatzeko gauza asko lotu behar dira; hori dela-eta, nahiz eta berandu den, oraindik gabiltza egitaraua guztiz lotzen. Hala, jai-batzordean parte hartzeko deia egin gura dugu; izan ere, asko dago egiteko, eta egitaraua ahalik eta zabalena lortu gurako genuke; ondo legoke hori.
Zein helburu bilatzen dituzue egitaraua antolatzeko orduan?
Batez ere, herriko jende gehienak parte hartu ahal izatea. Normalean, ume, gazte, heldu zein nagusientzako ekintzak antolatzen ditugu; algortar guztiak jaietara hurbilarazten saiatzen gara. Horrez gainera, giroa ahalik eta euskaldunena lortzen saiatzen gara, baita herrikoia ere. Azken finean, jai-batzordea herriko auzokideok osatzen dugu, eta ez dugu bestelako helbururik; jai guztiak antolatzeagatik ez dugu ezer irabazten.
Zer-nolako zeregina dute kuadrillek jaietan?
Oso garrantzitsuak dira kuadrillak, eurak direlako goizean, eguerdian, arrastian zein gauean herria girotzen dutenak. Egitaraua egon badago, baina eurak egoten dira beti probakaz aurrera eta atzera, probak antolatzen, txandak egiten, eta herria girotzen.
Egitarauak hartzen dituen ekitaldi guztietatik, zeintzuk nabarmenduko zenituzke?
Nabarmentzekoa dira Gazte Egunerako Algortako gazteek antolatu duten egitaraua, eta Kuadrilla Egunean, kuadrilla guztiek antolatuko duten bazkaria. Eta nabarmentzekoak dira: jaitsiera tradizionala eta urtero antolatzen den txipiroi txapelketa. Lehiaketa horrek adin ezberdinetako jendea biltzen du.
Berritasunik egongo da aurten?
Lehenengo eguneko jaitsiera moldatu dugu, eta pregoia eta txupinaren jaurtiketa horren ostean izango dira. Halaber, kuadrillen txapelketan, froga berriren bat ere gehituko dugu. Horrez gainera, aurten, Tellagorri eta Kasino plazetako tabernari batzuek bertako kontzertuak antolatzeko ardura hartu dute; aurten, hiru plaza egongo dira zuzeneko musika-emanaldiakaz.