Uribe Kosta jaietan 2016

Paella usaina, Aixerrotan barna!

Iker Rincon Moreno 2016ko uzt. 22a, 15:40

Milaka lagun elkartzen dira Aixerrotako landan Nazioarteko Paella Lehiaketaren egunean.

Santiago egunaren bezperan egingo dute aurten Getxoko Nazioarteko Paella Lehiaketa. Aurtengoa 61. edizioa izango da, eta, urtero legez, Algortako gazte eta ez hain gazteek ilusio handiz hartuko dute egun osoko ekitaldi ospetsu hori. Horretan parte hartuko dutenak daborduko hasi dira atontzen euren txokoak Aixerrotako landan. Batzuek belarra ebaki dute bakarrik, ondoren karpa txiki bat ipini ahal izateko; beste batzuek, ordea, AEBetako western-filmak gogora ekarriz, egurrezko etxolak eraikitzen hasi dira. Azkenik, tradizionalenak zain daude Itxas Argia elkarteak lehiaketa-egunerako banatuko dituen olanak edo toldoak hartzeko. Hala ere, eguna igarotzeko lekua bata zein bestea izan, den-denek gauza komun bi izango dituzte uztailaren 24an: paella ahalik eta gozoena egitea, eta, batez ere, lagunartean ondo pasatzea. Antolatzaileek akordura ekarri dutenez, kotxeak 09:30ak arte bakarrik sartu ahal izango dira Aixerrotako landara.

Egitaraua

Uztailak 24, domeka

  • 10:00 Izena eman, paella-lehiaketan;
  • 15 euro ordainduta: 2 kg arroz, sua egiteko egurra eta oparia.
  • 12:00 Txalaparta-deia, Uktest-egaz.
  • 12:05 Aurreskua.
  • 12:10 Itxas Argia taldekoen txikien dantza-emanaldia.
  • 13:30-14:30 Paellen aurkezpena.
  • 17:30 Sari-banaketa.
  • 18:30 Erromeria, Oxabi taldeagaz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun