Zer ikus daiteke erakusketan?
Usoa Fullaondo: Nire artelanei dagokienez, besteak beste, azken urteotan egin ditudan zenbait artelan aukeratu ditut: zorizko jolas batean oinarritutako arkatzez egindako marrazki batzuk, aurkitutako goma-apar zatiekin osatutako pieza bat eta margotutako oihalen bat. Lan egiteko modu zehatz baten ondorioz sortutako piezak dira; ez dut ezer islatu nahi horien bitartez. Egiteko modu baten isla dira, besterik gabe; materialetan jartzen dudan arretak, aurkikuntzek... dute garrantzia.
Leire Muñoz: Nik bi bideo aurkeztu ditut; bat soinuarekin eta bestea soinurik gabe. Carla Beal dantzariarekin grabatu nituen nire estudioan. Gogoa nuen lagun horrekin lan egiteko eta, nolabaiteko aitzakia izan da erakusketa, hori praktikan jartzeko.
"Zoria" da aurtengo Meeting Point ekimenaren goiburua.
U.F.: Nire harremana zoriarekin ez da ausazkoa; doktoretza-tesia egin nuen zoriaren inguruan. Sormen-prozesuetan, batez ere pinturan, izan dezakeen eragina aztertu nuen. Nire ustez erabiliegia dago «zoria» hitza; askotan zoritzat hartzen dena, ez da bidean aurkitutako gauza bat, guk behartutakoa baizik. Lehen askoz arduragabeagoa nintzen, agian, eta pentsatzen nuen ezustekoak toki guztietan topa zitezkeela; benetako ezustekoak gutxi dira.
L.M.: Zoria zehazki zer den nik ez dakit; gutxi gorabehera, guztiok badakigu hor dagoen gauza bat dela. Nire ustez, oraindik bilatzen zauden ez dakizun zerbait bilatzea da Artea; zerbait asko zehazten duzunean, kontuan hartzen ez duzun edo ihes egiten dizun horretan egon daiteke zoria. Izan daiteke bertan zegoela ez zenekien hori.
U.F.: Ados nago. Proiektu batean buru-belarri sartuta zaudenean, bat-batean topatzen duzun hori izan daiteke.
Zein garrantzi ematen diezue Meeting Point bezalako ekimenei?
L.M.: Nire esperientziatik, horrelako gauzak egitea guztiz beharrezkoa dela uste dut; funtsezkoa da jendeak ikustea ofizialki antolatzen diren zirkuituetatik aparte ere gauzak gertatzen direla eta lanean segitzen dugula.
U.F.: Gainera, hiru artista batera jarrita sortzen den hori oso interesgarria da. Esaterako, nik ez dut harremanik eduki orain arte Leirerekin.
L.M.: Lanean, inoiz ere ez.
U.F.: Bat-batean, komunean jartzen dira lan batzuk, beste egoera batean ez liratekeenak jarriko.
Beraz, Okela bezalako guneek garrantzia daukate.
L.M.: Bai. Elkarren artean harremanetan jartzeko beharrezkoak dira.
U.F.: Lanak ezagutzera emateko ere bai. Ematen du ez duzula ezer sortu, erakusketa handi baterako deitzen zaituzten arte; Okelak aukera ematen du zure lanak ikusgai jartzeko.