Ondarearen Europako Jardunaldietan murgilduta!

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 13a, 17:14

Hainbat arkitektura-estilo ikusi ahalko dira Arriluzetik Lertegi etxeraino egingo duten ibilbide gidatuan.

"Etxetik kanpo" goiburuagaz, joan den urriaren 7an hasi ziren jardunaldiak, Getxoko hainbat elkarteren eta eragileren elkarlanari esker. Ekimenak azaroaren 5era arte iraungo du, eta guztietan doan parte hartu ahal izango da.

Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako Ondarearen Europako Jardunaldietan parte hartuko du aurton ere Getxok. "Etxetik kanpo" goiburudun jardunaldiok elkarlanean antolatu dituzte hainbat elkartek eta eragilek, eta ekitaldi ugari izango dituen egitaraua prestatu dute.

Getxon, helburua da harrerako herritzat zabaltzea udalerriaren eginkizuna, "baina betiere ideiak, ereduak eta ezagutza transmititzeko abiapuntu gisa", Udalak azaldu duenez. Joan den barikuan, hilak 7, hasi ziren ekitaldiak, eta azaroaren 5era arte hamaika egiteko egongo dira aukeran. Saio denak doakoak izango dira, taldea osatu edo edukiera bete arte parte hartu ahal izango da.

Jarduerak eta ekitaldiak

Hilaren 13an, eguenean, José Maria Beascochea historialariak "Industria migrazioak Bizkaira: geure aniztasuna" izenburudun hitzaldia eskainiko du, gaztelaniaz, 19:00etatik aurrera, Bake-Eder Ezagutza Zentroan (Zugazarte Etorbidea, Areeta). Hilaren 14tik aurrera, "Hildakoen eguna" izeneko erakusketa ikusi ahal izango da, Algortako Villamonte kultur etxean. Horregaz, Bizkaian bizi den komunitate mexikarrak bere kulturako tradiziorik zaharrenetako bat partekatu nahi du.

Hilaren 16an, domekan, "Arriluzetik Lertegi etxeraino: ibilaldia zenbait arkitektura-estilotan zehar" ibilbide gidatua egin ahal izango da, hainbat txandatan (10:00, 10:30, 12:00 eta 12:30). Bisitak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira eta elkargunea Arriluzeko Naufragoen Etxea izango da. Hurrengo eguaztenean, urriaren 19an, "Akabuko martxea" dokumentala emango dute Villamonte kultur etxean; ondoren, filmaren zuzendari eta gidoigileetako bat den Fredi Paiak bertaratutakoakaz berba egingo du.

Urriko ondorengo eguaztenean ere, hilak 26, leku eta ordu berean, "Neskatoak" eta "Dominica" dokumentalak proiektatuko dituzte (euskaraz; gaztelaniazko azpitituluakaz). Ostean, berbaldia egongo da "Dominica"ren protagonistagaz eta "Neskatoak" lanaren zuzendariagaz, hurrenez hurren, Eli Arrillaga artzainagaz eta Jon Abrilegaz. Hilaren 21ean, barikuan, 18:30etik aurrera Mila zapore izeneko bertako eta kultura arteko sukaldaritza-tailerra egingo da, Egizu eta Getxoko Etorkinak elkarteek antolatuta. Ekitaldi horretarako izena ematea beharrezkoa da (alboko zutabean horretarako bideak).

Amaitzeko, Jardunaldien azkenengo ekitaldia hilaren 22an eta 23an egingo dute eta literatura-ibilbide bat izango da (gaztelaniaz). "Ramiro Pinilla: verdes valles, colinas rojas" izenburua ipini diote ekitaldiari eta horixe hartuko du gaitzat.. Ibilbidea 10:30ean hasiko da, Algortako San Nikolas plazatik abiatuta.
info+/erresebak: 944 910 800 (Turismo bulegoa)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun