"Lehiaketaren helburuak dira udalerriaren irudi gastronomikoa indartzea eta euskararen erabilera sustatzea ere, ostalaritzaren eskaintzan kalitatezko gehigarri gisa", gogoratu du Imanol Landa Getxoko alkateak Fadura jatetxean egindako sari banaketa ekitaldian eta bertan lehiaketan puntuazio altuena lortu duten bost pintxoak egin behar izan dituzte berriro tabernariek.
Beñat Ormaetxea Jauregibarria jatetxeko sukaldariak aukeratu du aurtengo edizioaren pintxo txapelduna, Jon Alberdik egindako eskultura jaso duena. Gainontzeko finalistak honako hauek izan dira: Aita Mari "Snack" pintxoagaz, Akeita Taberna "Aixerrota labarrak" izena duenagaz, Mexico tabernaren "Gautxito"gaz eta Nikkou tabernaren "Izokin eta Sagar Berdezko Biribilki Kurruskaria" pintxoagaz. Beñat Ormaetxea sukaldariak nabarmendu zuen "bost finalisten maila oso ona izan dela eta berak saria erabaki duela ikusmena, usaimena eta gustua kontuan hartuta".
Aipatutako sariez gain, barra onenaren aipamen berezia Jai Alai tabernarentzat izan da (Udalaren lamina bat), pintxo tradizional hoberenarena Kaixo Gastrobarrentzat (Iratxe Bilbaok egindako zeramika lan bat), eta euskararen erabilera hoberenarena Hator tabernarentzat (Luix Artolaren eskultura bat) . Saritutako guztiek (Etxetxu Berriko Natalia Gomez, Jai Alai tabernako Ruben Balcazari, Kaixo Gastrobarreko Fernando Martinez eta Hator Tabernako Galder Bilbao) beren poztasuna agertu dute eta eskerrak eman dizkiete lehiaketaren antolatzaileei.
Osagai sekretuaren eta testuen lehiaketa
Lehiaketaren aurtengo berritasuna izan da pintxo bakoitzeko osagai sekretua asmatzea, eta gainera gura izan dutenek horri buruzko testu bat aurkeztuz parte hartu ahal izan dute. Guztira 688 WhatsApp jaso dira eta horien artean dagokien tabernetan oparien zozketa izango da hurrengo egunotan.
Gainera, osagaiei buruzko beste 84 testu jaso dira, eta lehen hautaketa egin ondoren, Asier Hormaza aktore getxoztarrak testu irabazlea aukeratu du, hain zuzen ere, Josu Landaketa getxoztarrak Unai tabernan egindakoa: "Ederra Unai tabernaren Mantua, ederragoa bere tipula gozokidunaren Mantua!!!". Saria erloju bat izan da. Gainontzeko hautatuek opari bana izan dute.