Elkarrizketak

«Mugarik badago, guk ipinitakoak izango dira»

Zuberoa Iturburu Lopez-Pantoja 2016ko abe. 1a, 10:21

Dirua batzeko crowdfunding bidezko kanpaina abiatuko dute abenduaren 5ean, argitaletxearen lehenengo liburu biak argitaratzeko.

Sorzain argitaletxe alternatiboa sortu dute Mitxelko Uranga Álvarez sopeloztarrak eta Santi Lapatza-Gortazar Dobaran algortarrak. Euskarazko lanak kaleratuko dituzte.

Zer dela-eta sortu duzue Sorzain?

Mitxelko Uranga Álvarez: Biok liburugintzarekin lotura daukagu. Hutsune bat ikusten genuen, horrelako libururik ez delako egiten.
Santi Lapatza-Gortazar Dobaran: Euskarazko liburugintzan ez da egiten elkarrizketa formatuko libururik pil-pilean dauden gaiei buruz. Baina irakurleak askoz errazago hartzen du elkarrizketa formatua, saiakera sakona edo filosofia liburuak baino. Horrelakoak profil jakin bateko irakurleei zuzenduta daude.
M.U.: Santiri otu zitzaion izaki mitologikoaren izena erabiltzea. Sorginari merezi edo zor zaiona eskaini diogu, bera izango da sorkuntzaren zaintzaile.


Asmoa da gogoeta eragitea, ezta?
S.L.: Euskara, politika zein kulturan pil-pilean dauden gaiak hurbildu gura dizkiogu jendeari, hizkuntza errazean.
M.U.: Gainera, argitaletxeak izan behar du eragile sozio-politiko-kulturala. Asmoa ez da liburuak plazaratu eta kitto, ez; hausnarketa piztea baizik. Herritarrak xaxatu gura ditugu, gabezia hori ikusten dugulako. Saiakera asko argitaratzen dira, baina oso gutxi irakurtzen dira. Agian, modu xume eta errazean, lor daiteke irakurleengana iristea; eta eragitea lortuz gero, gu pozik!
S.L.: Liburua eraldaketa tresna gisa erabiltzea, kontzientziak pizteko.
M.U.: Irabazi-asmo bako egitasmoa da, ez dugu sosik ikusiko. Banaketa guk egingo dugu, Internetez eta liburu-denda jakinetan salduko dugu. Bitartekaritzan aurrezten dugun dirutik ehuneko handia egileari dagokio; normalean %10 izaten da, baina dezente gehiago eskaini gura genieke. Copylefta erabiliko dugu; asmoa da liburuak ahalik eta gehien zabaltzea.

Liburu bi prestatzen zabiltzate, ezta?
S.L.: Bai, maketazio-prozesuan daude.
M.U.: Bata da Erabakitzeko eskubidea, burujabetasuna eta botere eragilea. Gaia pil-pilean dago: Gure Esku Dago ekimena, Katalunia... Zenbait aditu batu ditugu eta euretako bakoitzak bere ikuspegia eman du.
S.L.: Bigarrena da Pott Bandari buruzkoa; izan ere, 2017an 40 urte beteko dira haren sorreratik eta Sarri pil-pilean dago. Jon Kortazar EHUko Euskal literatura katedradunari proposatu genion proiektua. Zera egiten saiatu gara: Pott Bandako partaideen eta ondorengo idazle-belaunaldien artean elkarrizketa moduko bat. Horrez gain, bestelako idazle, bertsolari, irakasle edo kritikari batzuek omenaldi modukoa egin dute, Pott Bandak euskal literaturan eta kulturan izan duen garrantzia azalduz; euren jardueran utzitako orbaina azaldu dute.

Zelan finantzatuko dituzue?
M.U.: Beste argitaletxeak diru-laguntza publikoetan oinarritzen dira. Baina, guk argi geneukan erakundeen laguntza barik egin behar genuela, proiektua bideragarria izango bada; horien menpeko ez izateko. Crowdfundingaren ideia otu zitzaigun.
S.L.: Gainera, ez ditugu betetzen laguntza publikoak jasotzeko baldintzak. Autogestioaren bitartez, mugarik badago, guk ipinitakoak izango dira. Goteo gunean abiatuko dugu Crowdfundinga, abenduaren 5ean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun