Gobernu-taldeak adierazi zuen plan estrategiko hau "funtsezkoa" dela elkarteentzat, beraien jarduera eta funtzionamendurako, eta zenbait politika egiteko; hala nola, etxebizitza, enplegua eta berdintasuna. Ia 6 milioi euro dira elkarte eta politika horiei zuzendutakoak.
Getxoko elkarteen lana txalotu ondoren, adierazi zuten plan hori akordioaren emaitza izan dela, alderdi guztiakaz lortu diren gainerako planetan gertatu den bezalaxe, "kontsentsua eta elkarrizketa beharrezkoak baitira diru-laguntzen politika bat zuzentzeko, elkartegintza mantentzen laguntzen duena eta, besteak beste, etxebizitza, berdintasun, lankidetza eta enplegu politiketan eragiten duena, modu ordenatu batean. Bestalde, hala egiteko exijitzen digu legeak, eta udaleko teknikariek behin eta berriro ohartarazi digute".
Eztabaida
PPk eskerrak eman zituen bere zuzenketetako batzuk onartu direlako. Halere, salatu zuen EAJk presoen senideei partida bat bideratu diela gainerako alderdiei "txintik esan gabe". Modu berean, adierazi zuen: "Gainera, helburu beragaz beste laguntza bat onartu du 2016. urterako. Ez dugu akordiorik egingo terrorismoaren biktimak mespretxatzen dituen eta beraiekaz sentikortasun eza erakutsi duen alderdi batekin. Eskandalua da. Laguntza horiek terrorismoa justifikatzen dute". Ciudadanosek ere ez zituen onartu presoen senideentzako laguntza horiek, eta antzeko iritzia agertu zuen.
EH Bilduk, bestalde, gogora ekarri zuen laguntza horiek presoen senideen sufrimendua arintzen dutela, "sakabanaketaren zigor erantsia pairatzen baitute, kilometrotan eta trafiko-istripuetan hildako pertsonen kopuruetan neurtu ahal dena".
GUKek, bere aldetik, gogorarazi zuen beraiek eskatu zutela planaren onespena osoko bilkura honetatik kentzeko, hobeto aztertu ahal izateko, "ez baita egon denborarik. Baditugu ideiak, baina ez dugu astirik izan horiek planteatzeko. Kendu beharko litzateke, talde politikoenganako errespetu eta sentikortasunagatik. Presoen senideentzako laguntzen lerroa ere ez dugu argi ikusten. Denbora gutxi da lan egiteko, hiru urterako plana izanik".
EAJk nahiz PSE-EEk argi eta garbi utzi zuten beti gaitzetsi dutela terrorismoa, eta biktima guztien alboan egon direla. "Besterik da sakabanaketa politika, presoen eskubideak zapaltzen dituena eta zigor bikoitza dena, bai presoentzat, bai senideentzat", gaineratu zuten.