Elkarrizketak

Paul Bilbao Sarria: "Bada garaia epeak ipintzeko normalizazioari"

Iñigo Fernandez de Martikorena 2016ko abe. 2a, 11:00

Paul Bilbao Sarria Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren idazkari nagusia.

Paul Bilbao Sarria euskaltzale algortarra Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren idazkari nagusia da 2010etik. Hori baino lehen, Hizkuntz Eskubideen Behatokian jardun zuen beharrean. Euskalgintzako eragile bietan eskarmentu handia metatu du euskararen normalizazio-prozesuaren gainean. Euskararen Nazioarteko Egunaren aurretik, bere ikuspegia eman digu Donostiako Protokoloaren, Udal Legearen eta EAEko hauteskundeen inguruan.

Zapatuan Euskararen Nazioarteko Eguna izango da. Zer deritzozu data horri?

Ondo dago euskara ere ospakizunagaz lotzea. Egun horretan nolabaiteko aitortza egiten diogu gure hizkuntzari. Egia da ere, data hori baliatzen dugula urteak zer eman duen ikusteko, zer gertatu den euskararen munduan, euskaragaz.

Kontseiluak Donostiako Protokoloa landu du, Donostiaren Kultur Hiriburutzan. Zertan datza?

Protokoloa da azken urteotan Europa mailan gizarte-eragileok egin dugun ahalduntze-ariketarik handiena, eta abenduaren 17an etorkizunerako tresna hori aurkeztuko dugu. Horretan jasoko dira zein neurri zehatzak hartu beharko lituzketen administrazioek eta instituzioek, gure hizkuntza-eskubideak bermatzeko. Baina, garrantzitsuena da, eta hori ere azpimarratu gura dut, neurri horiek euskararen eta hizkuntza gutxiagotu denen gizarte-eragileok adostu ditugula. Lan ikaragarria egin dute gizarte-eragileek, beti ere independentziatik eta gure hizkuntzen beharretatik. Badago hor Kyotoko protokoloa, nolabait ingurumenean konpromisoak hartzeko estatuek sinatzen duten dokumentua; bada, guk egin dugu beste bat, baina, hizkuntzari lotutakoa. Erreferentziatzat hartu dugu 1996an Bartzelonan onartu zen Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala. Dokumentu hartan lehenengo aldiz definitu ziren hizkuntza-eskubideak eskubide subjektibo gisa. Hala, hartu dugu deklarazio hori, eta urrats berri bat eman dugu: definitu dugu zer egin behar den hizkuntza-eskubideak bermatzeko: 185 neurri, beren-beregi; benetan urrats egingarriak egin gura badira.

Zeintzuk dira neurri garrantzitsuenak?

Denetarik dago. Badira printzipio orokor batzuk: hizkuntzek ofiziala izan behar dutela, neurri positiboak hartu eta baliabide egokiak esleitu beharra dagoela, hizkuntzen arnasguneek araudian aitortza espezifikoa izan behar dutela. Ondoren, neurri zehatzak datoz eremuz eremu. Sei eremu daude identifikatuta: administrazio publikoa, hedabideak, eremu sozioekonomikoa, kultura, onomastika eta hezkuntza. Horien bakoitzaren barruan, identifikatu dira zein atal dagoen eta, ondoren, zehaztu dira neurriak.

Protokoloaren zein neurri behar du Uribe Kostak?

Uribe Kostan oso urrun gaude euskararen ezagutza unibertsaletik. Ikusten dut hor; berariaz printzipioetan jasotzen da, helburuetako bat izan beharko lukeela hizkuntzaren ezagutza unibertsala. Hor gako bi daude: batetik, hezkuntzan, berariaz jasotzen da herritar euskaldun eleaniztunak bermatuko lituzkeen ikaste-eredu bakarra ipini behar dela abian; bestetik, helduen euskalduntzean, berezko hizkuntza ikasteak doakoa izan beharko lukeela ere jasotzen du protokoloak. Gero, zalantza barik, administrazioan ere urratsak egin beharko lirateke, zerbitzu denak euskaraz jaso ahal izateko.

Igaro diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde­etan eztabaidaren erdigunean egon da euskara.

Bai, baina nire ustez, oso modu desegokian. Euskararen gaia agendaren erdian kokatu da alderdi batek bideo desegoki bat kaleratu zuelako, errealitatea faltsutzen. Ordura arte oso gutxi entzun zen alderdiek hizkuntza-politikaren bueltan zer proposamen egingo zuten. Nire ustez, hauteskunde-kanpainan euskaldunok beharko genuke jakin alderdi bakoitzak zer proposatzen duen gure hizkuntza-eskubideak bermatzeko, bideoaren bezalako zurrunbilo mediatikoetan sartu barik. Horregatik, pena hartu dut.

Kontseilua ere kanpaina egiten atera zen.

Bai. Erabaki genuen euskalgintzari eta euskalgintza ordezkatzen duen eragile nagusienari bazegokiela kanpainan sartzea, eta ekitaldi bat antolatu genuen Martin Ugalde kultur parkean. Bertan, dokumentu bat aurkeztu genuen; dokumentu hori alderdiei helarazi genien aurretik, uztailean, bilerak egin genituen eurakaz, jakiteko zer proposamen egingo zuten hizkuntza-politikaren inguruan, baina interesgarria iruditzen zait guk geuk ere proposamena jarri izana mahai gainean. Proposamen horrek 13 neurri jasotzen zituen. Agertzen da zer egin beharko litzatekeen administrazioa euskalduntzeko, hezkuntzan, kulturan, arnasguneetan, eremu sozioekonomikoan, eta abarretan. Hori gizarteratzeko bideo batzuk kaleratu genituen, "bada garaia" goiburuagaz. Eta zergatik diogu badela garaia? Euskararen Legea onartu zenetik 30 urte luze joan direlako, eta 30 urte luze horietan, honezkero herritarrak jaio dira, euskaraz hazi eta hezi egin dira, lan-munduan sartu dira, batzuk guraso ere badira... Eta oraindino ez zaizkie hizkuntza-eskubideak bermatzen. Uste dugu legegintzaldi honetan normalizazioari epeak jarri behar zaizkiola. Erabaki behar da, administrazioa euskalduntzeari begira, noizko itxiko dugun langile elebakarrak kontratatzeko iturri hori, noizko jarriko dugun abian ikasle denak euskaldunduko dituen eredu orokortua, noizko egingo ditugun plangintza zehatzak eremu sozioekonomikoan, gure eskubideak bermatzeko. Ezin gara ibili harian-harian. Askotan entzuten ditugun "progresibitatea" bezalako berba horiek baliagarriak dira, baina normalizazio-prozesu baten hasieran bakarrik. Badakigu normalizazioa prozesu bat dela, baina horrek ez du esan gura amaierarik ez duenik. Ez, prozesuak amaiera izan behar du. EAEren kasuan, euskarari aitortza ofiziala onartu zitzaionetik 30 urte luze igaro eta gero, iruditzen zaigu badela garaia normalizazioari epeak ipintzeko.

EAEn ere, Udal Legea onartu da. Bertan, udalei hizkuntza-eskuduntzak eman zaizkie.

Positiboki baloratu dugu, bai eskuduntzena eta bai udalerri euskaldunen inguruan onartu ziren artikuluak. Aurreko urteotan ikusi dugu Espainiako Gobernuaren delegatua nola ibili den, hainbat udal auzitegietara eramaten, euskaraz lan egiten duten udal horiei exijituz gaztelania erabiltzeko, eta abar. Udal Legeak blindatu egiten du UEMAn dauden udal horiek euskaraz lan egitea. Beste puntu oso interesgarria da arnasguneena, udalerri euskaldunena, Kontseilutik azken urteotan asko landu duguna. Horiek dira euskararen birikak, udalerri horietan normaltasunez bizi baitira euskaraz, ez dute bitan pentsatu ea euskara edo gaztelania edo frantsesa erabiliko duten. Baina, oso hauskorrak dira eta etxebizitzakaz edo lurralde-antolamenduagaz lotutako edozein erabaki hartzen denean, horrek eragin zuzena dauka horiengan. Udal Legeak jaso du, halako udalerrietan halako erabakiak hartu aurretik, eragin linguistikoaren ebaluazioa egin behar dela. Hori aurrerapauso interesgarria da. Halere, Udal Legea garatu egin behar da, artikulu batzuk abian jarriko baitira horien garapen juridikoa datorrenean. Eskatu diegu administrazioei dekretu horiek ahalik eta lasterren presta ditzatela.

Zertan lagun dezakete udalek normalizazioan?

Batetik, Udala bera instituzioa da eta zerbitzuak eskaintzen ditu. Herritarrok harreman gehienak udalakaz izaten ditugu, kenduta osasun-asistentzia. Baimenak edo agiriak eskatu behar ditugunean, udaletara jotzeko joera dugu. Hurbileko instituzioa ere bada, egunerokotasunari gehien erantzuten diona. Horregatik, lehenik eta behin, udalek beraien hizkuntza-plan egokia izan behar dute eta kontratazio egokiak egin behar dituzte, herritarrei hizkuntza-eskubideak bermatzeko. Bestetik, herri-mailan antolatzen diren jardun gehienak edo ia gehienak udalak antolatutakoak edo lagundutakoak dira. Udalek ere hor badaukate zer egin, bai beraien jardun, ekitaldi eta abarrekoetan euskararen presentzia bermatuz eta lehenetsiz, eta, noski, badute aukera beste eragile batzuk diruz laguntzen dituztenean, horiei hizkuntza-irizpide batzuk ezartzeko.

Zein bitarteko erabil dezakete udalek horretan?

Batetik Udalak jakin beharko luke zenbat diru esleitzen dion hizkuntza-politikari. Kontseilutik historikoki esan dugu instituzio handiek gutxienez %2 esleitu behar diotela hizkuntza-politikari; baina, egia da, formula horrek udal txikietan beti ez duela balio. Halere, bitarteko egokiak esleitu behar ditu. Bestetik, dena ez da dirua: Udalak berak ordenantzen eta abarrekoen bidez gauzak alda ditzake, horrek badauka eragina hizkuntzaren normalizazioan eta hizkuntza-eskubideen bermean, eta ez du inolako eurorik eskatzen. Aurreko adibideak balio du: Udalak banatzen dituen diru-laguntzetako baldintzetan ipintzen badu euskarriak edo jarduerak euskaraz ere egon behar direla, horrek ez du gastu gehigarririk ekartzen, baina eragina dauka herritarren eskubideen bermean eta euskararen presentzia sozialean.

Zelangoak dira euskararen ordenantza egokiak?

Ordenantzek berretsi beharko lukete herritarrek dituzten eskubideak, kasu honetan udalari begirakoak. Aurretik egoeraren diagnosi bat egin beharko luke udalak. Eta gero, behin oinarrizko eskubideak jasota, horiek egikaritzeko neurri zehatzak agertzea. Garrantzitsua da zeharkakotasuna kontuan hartzea, udalagaz edozein harreman duten eragileei edo kontratazioetan hizkuntza-irizpideak aplikatu ahal izateko. Uribe Kostan baditugu udal handiak, Getxo, berbarako. Getxoko Udalak egiten dituen erosketetan, kontratatzen dituen zerbitzuetan, halako baldintza-plegu denetan, hizkuntza-irizpideak jarriko balitu, horrek eragin biderkatzailea izango luke. Hori ordenantzek ere jaso lezakete, Udalagaz harremanak dituzten enpresa horiek denek zein hizkuntza-irizpide izan beharko duten. Eremu hori gehiago ustiatu behar da. Denok badakigu diru publikoa egoki kudeatu behar dela eta, horregatik, historikoki aldarrikatu dugu badirela zero euroko gastua eskatzen duten neurriak. Bide horiek esploratu behar dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun