Gabonetarako, hamaika aukera Getxon

Iker Rincon Moreno 2016ko abe. 14a, 13:50

Olentzeroren kalejira, artxiboko irudian. © GETXOKO UDALA

Eguberria ate joka dago eta horregatik Getxoko Udalak hainbat jarduera bultzatu du, kaleak, dendak eta ostalaritza dinamizatzeko. Getxolandia Gabonetako haur-parkea ez da faltako, ezta ume-antzerkia eta Olentzeroren eta Errege Magoen ohiko kalejirak ere. Horrez gainera, 16 kirol campus eskainiko dira, besteak beste. Jarduera horietako asko euskaraz izango dira.

GetxOpariak

Aurten ere, iratxoak ibiliko dira kaleetan barrena, musikagaz lagunduta, haurrakaz hizketan, dendetara sartuz eta jendeari galdezka, erosketak non egiten dituzten eta erosketak Getxon zergatik egiten dituzten. Pertsonaia horiek ikuskizunetarako eta Getxolandiarako sarrerak emango dituzte, Gabonetako opariak udalerrian erosten dituztenen artean.

Tabernen ordutegia handituko da

Iragan barikutik, abenduak 9, eta urtarrilaren 6ra arte, Getxoko Udalak ostalaritzako lokalak zarratzeko ordutegia zabalduko du. Izan ere, araudiak baimentzen duen gehienezkora zabalduko du ordutegia ostalaritzako 2., 3. eta 4. taldeetako establezimenduetan, Gabonetan sektore horretako jarduera ekonomikoa laguntzeko asmoz.

Aparkalekua, Romo herri-ikastetxean

Aurten ere, Romo Herri Ikastetxeko patioa ohiz kanpoko aparkaleku publiko gisa erabiliko da Gabonetan. Hala, abenduaren 24tik, zapatua, 16:00etatik aurrera, eta 25era, domeka, 22:00ak arte, aparkatu ahalko da bertan. Ordutegi berbera izango da abenduaren 31etik urtarrilaren 1era eta urtarrilaren 5etik 6ra. Aparkaleku gisa erabiltzeko ordutegia amaitu ondoren bertan lotu diren autoak garabiak eramango ditu.

Gabon-argiak

Aurten, Udalak 60.000 euro inbertitu ditu gabon-argien instalazio eta mantentze-lanetan, Getxo Enpresa Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuen Elkarteari diru-laguntza emanez. Beste 44.972 euro inbertitu ditu udalerriko sarrera-irteeratan eta interesdun publikoko beste leku batzuetan apaingarriak ipintzeko.

Erakusleiho-lehiaketa, gabon-bolak eta Ginkana

Getxo Enpresak ere hainbat jarduera antolatu du, Udalaren laguntzagaz. Erakusleiho lehiaketak XXVI. ekitaldia ospatuko du, nobedade bategaz: Getxoren gizarte kultura-artekotasuna hobeto islatzen duen erakusleihoarena. Aurten inoiz baino opari gehiago banatuko dute 33 denda eta enpresentzat eta herri bi epaimahaikide gisa aritzen diren bezeroentzat. Sari-banaketa abenduaren 20an egingo da.

Horrez gainera, hogei bat enpresak eta dendak gabon bolak oparituko dituzte abenduaren 23ra arte, barikua, gutxieneko 10 euroko erosketa edo kontsumoa egiteagatik (enpresa bakoitzak bola bildumako modelo desberdin bat izango du); eta jaiegunen aurretik, aktore profesionalek, superheroiz mozorrotuta, "performanceak" egingo dituzte, denda-gune nagusietan.

Azkenik, III. Ginkana antolatu dute herriko enpresek. Dohainik parte hartu ahalko da, banaka zein taldeka, hilaren 16 eta 17an.

Algortako dendak, "eguberri kreatzailea" eta sariak

Algortako Dendak salerosle-elkarteak eguberria berritu gura du proiektu baten bitartez, txikienen laguntzagaz: Zirri Marra tailerra. Egitasmoan parte hartzen duten saltokiek euren erakusleihoak apaindu dituzte, txikiek proposatutako apaingarriakaz. Ekimen horretan parte hartzen duten saltoki denek, Algortako beste batzuekaz batera, Gabonetako zozketa bat ere antolatu dute. Hala, 300 euroko hiru sari emango dituzte, parte hartzen duten establezimenduetan gastatzeko. 

Getxolandia

Umeak Getxolandia noiz zabalduko zain daude. Abenduaren 23tik urtarrilaren 5era, Haurrentzako Gabonetako Parkea izango da Areetako Xake plazan. Umeek Gabonetako oporrez goza dezaten, Getxolandiak jolas eta atrakzio ugari eskainiko dizkie.

Olentzeroren kalejira eta Errege Magoen desfilea

Olentzeroren batzordeek eta dantza-taldeek hainbat jarduera antolatu dute abenduaren 17tik 24ra bitartean, auzoz auzo. Kalejiren ibilbideak eta beste jarduera batzuk ezagutzeko udal webgunera jo daiteke.

Halaber, Ekialdeko Errege Magoek ohiko kabalgata egingo dute eguen arratsaldean, urtarrilak 5, udalerriko kaleetan barrena. Ondoren erregeen harrera-ekitaldia egingo da.

Gabonak Itzubaltzeta/Romoko kultur etxean

Itzubaltzetako kultur etxeak proposamen ludikoak antolatuko ditu berriro, 3 eta 12 urte bitarteko umeentzat. Abenduaren 26an, 27an, 28an, 29an eta 30ean eta urtarrilaren 2an, 3an eta 4an egingo dira ekintzak: sukaldaritza tailerrak, txotxongiloak, plastilina, mozorroak, txapak, gabon objektuak, fantasiazko postalak, imitaziozko bitxiak eta irudimena eta sormena garatzeko jarduerak.

Haur-antzerkia

Abenduaren 28an, eguaztenean, "Titirikontu kontari" antzezlana eskainiko du Gorakada taldeak Areetako Andrés Isasi musika-eskolan, 18:00etan. Euskaraz izango da, 3 eta 7 urte bitartekoentzat.

Hurrengo egunean, hilak 29, eguena, "Pinocchio" antzeztuko du La Baldufa taldeak, ordu eta leku berean. Oraingo honetan, gaztelaniaz antzeztuko dute, 6 urtetik gorakoentzat. Bi saioetarako sarrera 5 eurokoa da.

Gabonak Kukupraka ludotekan eta GauEgun gaztelekuan

Areetako Eskoletako plazan dagoen ludotekan, aisialdirako hainbat ekintza antolatuko dute 5 eta 11 urte bitarteko umeentzat: jokoak, tailerrak, lankidetza-jolasak eta mota askotako dinamikak. Abenduaren 26tik 30era eta urtarrilaren 2tik 5era izango dira jarduerak, 10:30etik 13:30era. Doakoak dira eta lekuak mugatuak dira. Ludotekak, Areetako Olentzeroren Batzordeagaz batera, umeentzako parkea antolatu du abenduaren 23an: tailerrak egingo dira, puzgarriak izango dira, magia saio bat eta Pepa eta Kutxo pailazoak. Tailerra Ludotekaren ohiko ordutegiaren barruan antolatuko da, hau da, 17:00etatik aurrera, plazan.

Halaber, Algortako Urgull kaleko gaztelekuan, Gabonetako eskulan-tailerrak egingo dituzte eta kalera aterako dira giza futbol-mahai bat antolatzeko hilaren 27an, martitzena, 16:00etatik 20:00ak arte, Itzubaltzeta/Romoko Santa Eugenia plazan. Gura duenak parte har dezake.

Bapiruke koloniak

Bizarra Lepoan euskara-elkarteak ere Bapiruke koloniak antolatu ditu berriro euskaraz. 5 eta 12 urte arteko umeek hainbat jardueretan (tailerrak, jolasak, irteerak…) parte hartuko dute abenduaren 26tik urtarrilaren 5era. Algortako Juan Bautista Zabala eskoletan eta Romo herri-ikastetxean egingo dira koloniak. Inskripzioa egiteko epea itxita dago daborduko.

Kirol campusak

Getxo udalerriko hainbat kirol elkartek 16 campus eskainiko dituzte Gabonetan, honako modalitate hauetan: gimnastika erritmikoa, askotariko kirola, saskibaloia, igeriketa, tenisa, futbola, irristaketa, boleibola, skate, jiu-jitsu eta xakea. Campusek Getxo Kirolak udal erakundearen babesa dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun