Izan ere, Iberdrola enpresa-babeslearen izenagaz birbatailatu den Ohorezko Mailako ligaren lehenengo partida ez zen erraza: madrildarrak iazko txapeldunordeak dira. Gainera, talde hori-beltzak ezin izan zuen zazpi jokalari zelairatu, partidara joaterik izan ez zutelako, arrazoi ezberdinak tarteko.
Partida berdinduta
Halere, Fadurakoen sentsazio onak nabarmenak izan ziren, batez ere lehenengo zatian. Hasieran, kanpotarrek aukera oso argiak izan zituzten baina bakarrik lortu zuten entsegu bi sartzea. Rodríguezen ustez, baloiaren jabetza batez ere getxoztarrena izan zen; horregaz batera "defentsa-antolakuntza oso ona" eratu zuten eta "azkenean sartzen lortu ez genituen entsegu aukera garbi batzuk eduki genituen ere". Joko-zelaian erakutsitako nagusitasuna markagailuan ere nabaria izan zen atsedenean, 5-10 irabazten zihoazela egin baitzuten bidea aldageletara.
Bigarren zatia ezberdina izan zen. Madrildarrak getxoztarrak baino prestatuago zelairatu ziren; markagailua iraultzeko beharraz kontziente ziren eta eraso-estrategiari ekin zioten. Bitartean, "atsedenaren ostean, erlaxatu eta apur bat lo irten ginen", aitortu du entrenatzaile gorliztarrak: "haiek, ostera, askoz motibatuago". Etxekoen ahaleginak bere ordaina izan zuen, markagailuan 15-10 ipintzeraino. Nekea zabaldu zenean, partidaren amaiera baino 15 bat minutu lehenago, hori-beltzek indarrak topatu, arerioaren lurraldea mendean hartu eta partidari buelta eman zioten. "Azken minutuetan errekuperatzen jakin izan genuen eta, azkenean, entsegua egiten ere, berdinketa lortzeko". Rodríguez pozik agertu zen emaitzagaz, baina jakin badaki taldeak zer duen hobetzeko: "lehenengo 20 minutuetako erasoetan asmatu ez izana da, agian, partidaren akatsik handiena, saihestu baitzuen atsedenaldira abantaila zabalagoagaz heltzea".
Bestalde, taldeko beteranoak azpimarratu du lantaldearen jokalari berriek ondo jardun zutela: "jokalari denek egin zuten partida oso ona".
Egitaraua
Zapatukoa Getxorentzat lehenengo partida izan zen arren, ez zen Iberdrola ligako lehenengo jardunaldikoa, bigarrena baizik. Aurrekoa, Sanse Scrum talde madrildarraren aurkakoa, bertan behera geratu zen. Getxo Rugby Taldeko hiru jokalari Espainiako selekzioaren deialdian zeudelako: Saioa Jaurena, Nerea Agirre eta denboraldi honetan Getxogaz jokatuko den Uribarri Barrutieta Durango taldeko kidea. Hala, Sanse Scrumen aurka martxoaren 26an jokatuko dute, Madrilen.
Espainiako hiriburuan jokatuko du gehien Getxok aurtengo denboraldian: denera, Madril bisitatuko du lau aldiz. Beste hiru norgehiagokak Faduran jokatuko ditu. Hurrengo partida otsailaren 12an izango da, Bartzelonako INEFen aurka, etxean. Zazpi egun beranduago, bisita egingo diote Madrilgo Hortalezari. Martxoaren 4an, Gironako GEIEG taldearen anfitrioia izango da; hilaren 19an, ostera, Madrilera joango da berriro ere, Pozueloko Olimpico taldearen kontra jokatzera. Sanse Scrumen aurka atzeratutako partida Madrilen martxoaren 26an egin ondoren, azken jardunaldian, apirilaren 2an, Getxok CRAT Coruña taldearen kontra erabakiko du sailkapena, Faduran.
Iberdrola liga prestatzeko, talde getxoztarrak Amaiur ligan parte hartu zuen aurretik. Fadurakoak bigarren postuan sailkatu ziren sei norgehiagoka irabazi eta bat bakarrik galdu ostean. La Única talde nafarra txapelduna geratu zen eta bost puntu bakarrik atera zizkion Getxori.