Elkarrizketak

Joxe Elorrieta: "Indar-metaketa berri bat beharrezkoa da, ezkerretik"

Iñigo Fernandez de Martikorena 2017ko ots. 11a, 10:00

Joxe Elorrieta, Algortan. HODEI TORRES

Joxe Elorrieta Aurrekoetxeak (Loiu, 1951) bere bigarren saiakera aurkeztu du: "Una mirada sindical contracorriente. Clase, territorio y nuevas alianzas" (Icaria, 2016). ELAren idazkari nagusi ohiak neoliberalismoa borrokatzeko indar-metaketa berri bat proposatu du, 1990eko hamarkadan LABegaz egin legez. Nazio-prozesu soberanista abiatzeko baliagarria izatea gura luke.

Zertan datza "Una mirada sindical contracorriente. Clase, territorio y nuevas alianzas" liburua?

Azpimarratu nahi izan ditut hiru ideia. Lehenengoa neoliberalismoari kritika bat da, batez ere bere ondorioengatik: haustura sozial oso handia, errenta-banaketan ikusten da noraino heldu den. Neoliberalismoak lortu du hegemonia, botere politikoagaz aliantza bat eginez; eta ez bakarrik eskumagaz, sozialdemokraziagaz ere bai. Tatcherrek berak esaten zuen bere lorpen handiena zela sozialdemokraziak euren programa onartu izana. Oso garrantzitsua da plan sistematiko bat izan dutela ahultzeko indar alternatiboak edo euren aurka egon daitezkeenak; sindikalismoaren porrota lortzean zentratu dira. Bigarren ideia hau da: sindikalismoaren gehiengoak Stockholmeko sindromea dauka. Onartu egin dugu neoliberalismoa, etsipenez, alternatibarik ez dagoela sinetsita. Makurtu egin da eta ez du estrategiarik berritu.

Elkarrizketa sozialerako sindikalismoa dela diozu.

Elkarrizketa soziala erdian ipintzen duelako, zonbiak legez. Galduta dago, ez da ausartzen alternatiba aldarrikatzaile bat egiten, ahultasunagatik eta ideologikoki ez duelako ikusten neoliberalismoaren hegemonia gainditu behar duenik. Hirugarren ideia bertoko egoerari lotuta dago, nazio-prozesuaren ikuspuntutik.

ELAren idazkari nagusia izan zinen 20 urtez. Garai hartan zertan asmatu zenuten eta zertan ez?

Trantsizioaren hasieran, gure apustuak adar bi izan zituen. Batetik, planteamendu sindikal instituzionala egin genuen. Elkarrizketa sozialarena ez, guk ez genuen inoiz onartu horrelakorik. Baina bai erabaki genuen enpresariakaz akordio batzuk egitea, negoziazio kolektiboa sendotzeko eta lan-harremanen eredu bat finkatzeko, beharrezkoak zirelakoan metodologia bat adostea, gutxieneko prozedura eta arau batzuk ezartzea, eta abar. Apustu politikoa Estatutua izan zen. Lehenengo apustuan ez genuen ñabardurarik egin; bigarrenean, kontuan hartu genuen fase hartako indar-korrelazioa eta, gure ikuspegitik, posible zen, prozesu estatutista batetik hasita, beste maila batera heltzea. Denbora joanda, neoliberalismoa indartsu heldu zen hona, 1990eko hamarkadan. Garai hartan konturatu ginen gure apustu instituzionala, enpresariakaz gutxieneko batzuk ezartzearen eta hitzarmen-kolektiboak garatzearen bidea, moztuta zegoela. Sindikatu batek edo errealitatean bizi den eta jende asko atzean duen edozein eragilek denbora nahiko behar du konturatu, diagnostikoa egin eta aldaketa martxan ipini arte; ez da posible "hori ikusi dut, hori gaizki dago eta hori beste modu batera egin behar dugu, bihartik hasita". Autokritika gisa, beti onartu behar dugu honako zalantza: ea aldaketa denbora laburragoan egitea posiblea izan zitekeen. Estatutuaren arloan ere, antzera pentsatzen dut. 1990eko hamarkadaren hasieran, 1992an edo 1993an, LABegaz harremanetan hasi ginen. Prozesu hori guretzat oso interesgarria eta aberasgarria izan zen, ikuspegia apur bat zabaltzeko, arlo sindikalean eta politikoan. Estatutuaren egoera dialektikoki eta zentzu kritikoz ikusten lagundu zigun. Gainera, argi geratu zen zentralismoa ugazaba zela Estatutuaren garapena administratzean. Hala, 1997. urtean, ELAren Kongresuan egin genuen aldaketa eta ondoren Gernikan adierazi genuen publikoki gure ildo berria: Estatutua hilda dagoela eta autodeterminazio-prozesu batera joateko beharra dagoela. Hor ere berdina esan daiteke: "denbora asko behar izan duzue hori erabakitzeko".

LABekiko harreman estua izan zenuten. Gaur egun ere, neoliberalismoa borrokatzeko aipatu duzu elkarlan hori berreraikitzea beharrezkoa dela.

Bai. Garai hartan beharrezkoa edo behintzat oso komenigarria izan zen. Baina fase honetan derrigorrezkoa bilakatu da. Zergatik? Euskal Herrian gehiengo sindikala LABek eta ELAk osatzen dutelako, erreibindikatzailea delako eta nazio-prozesuagaz oso konprometituta dagoelako. Europan ez dago horrelako eredu sindikalik; Euskal Herrian badaukagu. Langile-klase eta abertzale gisa, indar-metaketa berri baten beharra daukagu, eta horrela defendatzen dut liburuan. Behar dugu nazio-prozesua berpizteko eta norabide zehatz bat emateko; nire ikuspegitik biak lotuta daude. Hor tranpa egin ohi da: "zer da lehenengo: nazioa ala gizarte eredua?". Hori ezin da hala galdetu; gehiengo bat lortu gura badugu eta nazio-ereduari planteamendu progresista bat eman nahi badiogu, lotu egin behar ditugu bata eta bestea. Horregatik, liburuan idatzi dut gehiengo sindikalaren konbergentzia estrategikoa oso erabakigarria izan litekeela indar-metaketa hori lortzeko, eta beste erritmo bat emateko nazio-prozesuari eta borroka sindikalari ere bai.

Horretarako zer-zelako traba ikusten dituzu?

Mota biko trabak daude: lehenengoa da LAB eta ELA kultura ezberdinetako erakundeak garela, tradizio ezberdinak ditugula. Noski, gauza askotan puntu komunak ditugu eta 1990eko hamarkadako esperientzia hor dago. Baina normala da azterketa ezberdinak egitea, arlo sindikalean, sozialean eta politikoan. Hori onartzen eta gainditzen ahalegindu behar dugu; errealitatea hain gordina izateak erraz dezake. Sindikalismoaren indar-metaketa lortzeko beste oztopoa da derrigorrezkoa dela praktika autonomo bat edukitzea. Batzuek diote hori LAB kritikatzea dela. Ez da hala, nik egoera zelan ikusten dudan baino ez dut esan. LAB mugimendu baten barruan dago; hori errespetagarria da eta ez da inolako arazoa. Mugimendu horren barruan, borroka instituzionalaren eta borroka sozialaren arteko dialektika zelan ematen den izan daiteke traba. Argi esateko: hauteskundeei begirako politikak eta bere jokoak (gehiengoak nola osatu parlamentuan, udaletxeetan, foru aldundietan...) ezin dira izan nagusi dialektika horretan; eta borroka soziala ezin da ipini estrategia horien menpean. Borroka mota biak beharrezkoak dira, baina sozialak bere autonomia izan behar du. Planteamendu estrategiko batetik, borroka sozialak autonomoa izan behar du. Mugimendu horretan ezartzeke dute borroka bien arteko menpekotasun eza.

Bada beharrezkoa den beste osagairik prozesuan?

Zorionez, gehiengo sindikalak ez du borrokatzen bakarrik enpresa-mailan. LABek eta ELAk, batzuetan batera eta beste batzuetan bakoitzak bere kabuz, praktika errebindikatzailea egiten dugu lurraldetasunean eta arlo sozialean. Hor sindikatuak aliantzak osatu behar ditu beste batzuekaz, indar sozialakaz. Adibide batzuk oso garbi daude: emakumeen mugimendua eta ekologiaren ingurukoak. Ekologiak gero eta garrantzi handiagoa dauka neoliberalismoaren kontrako borrokan. Ekonomia iraunkorra defendatu eta eredu kontsumistaren aurka daudenak ere aliatuak izan daitezke. Faktore asko daude. Nik esan ohi dut aliantzak egin behar ditugula galtzaile denakaz, jendartean neoliberalismoaren kontra mugitzen diren denakaz. Prozesuak borroka politiko batera eroango gaitu, nahiz eta Urkulluk berak oso argi esan duen berak ez duela onartzen sindikatu batek borroka soziala eta borroka politikoa egitea, lan-espazioan bakarrik gelditu behar duela. Sindikalismoak historian inoiz ez du eduki halako mugarik; sindikatua eragile politikoa da, letra handiakaz gainera: jendartea aldatzeko eta nazio-prozesua aldatzeko, besteak beste. Ez du alderdikoia edo alderdi baten menpekoa izan behar, baina hori beste kontu bat da...

Aipatu izan duzu prozesu soberanista abiatzeko ezkerreko eta abertzaleakaz elkarlana beharrezkoa dela, ostera, baztertu duzu EAJ hasieran egotea.

Ez, EAJk baztertzen du bere burua. Prozesua hobea litzateke EAJgaz? Duda barik! Hipotesi horretan sartu beharra dago EAJren politika neoliberalen arabera nola uztar daitekeen prozesu bat, eta ez da erraza. Hori Katalunian ere ikusten da: nola egon den aurrekontuakaz arazo serio bat, eta ez da lehenengoa izan. Zergatik? Bada CUPek aurrekontuak kritikoki ikusten zituelako. Alderdi neoliberal bategaz dialektika hori beti hor egongo da. Euskal Herriko kasuan, EAJk oso argi esan du euren prozesua ez dela soberanista eta hori eskertu egin behar zaio EAJri, ez dago engainurik. Bere logika da neoestatutista, bai edukietan, eskuduntzak hobetu, gehiago eduki eta berme juridiko zabalagoagaz, eta beti Madrilgo Gobernuagaz adostuta. Ez bada adosten, ez dago ezer. Ez dago B planik, eta oso garbi esaten dute. Inork ez du EAJ baztertu, eurak baztertu dira; bilatzen dituen aliantzetan ikusten da: PSOEgaz; eta gaur egun PPrekiko hipotesia pil-pilean dago. Beti dabil hauteskundeen aritmetikaren arabera: "behar badute", "posible bada", "Kontzertuaren desblokeoa", "trena dela", "bestea dela"... Beti daukate PSOErekiko eta PPrekiko hurbiltasun estrategikoa. Hori hala izanda, esan egin behar dugu. Politikan problemarik handiena da ikusten dena ez esatea. EAJk argi baino garbiago esan du bere aliantzak, gobernuen osaketa, instituzio-mailakoak, ez doazela bat prozesu soberanistagaz eta bai prozesu neoestatutista bategaz. Emaitza argia da: "EAJ ez dago".

Eta EH Bildu, badago?

Hori da argitu beharrekoa. Nahiz eta EAJ hala egon, EH Bilduk, hauteskundeen aurretik eta ostean, esan du posiblea dela herri-akordio historiko batzuetara heltzea EAJgaz. Arabako aurrekontuak ere bozkatu dituzte. Ematen du, Maltzagara heltzeko koartada erabiliz, indar-metaketa planteamendu instituzionalagaz edo hauteskundeen arabera ikusten duela, eta hori argitzeko beharra dago, kontuan hartuta EAJ nora doan, eta zein politika neoliberala duen. Liburuan planteatzen dut badauzkagula, zorionez, arlo politikoan, sozialean eta sindikalean ordezkaritza oso garrantzitsua duten eragileak, bakoitza bere errealitateagaz, eta horiekaz denekaz egin behar dela indar-metaketa berri bat, ezkerretik, prozesu osoa bultzatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun