Elkarrizketak

Isabel Atxa eta Leire Saez (Ustruku): "Euskara landu gura dugu umeekin, ipuinen, kanten eta jolasen bitartez"

Kepa Ugarte Martiarena 2017ko ots. 14a, 18:26

Otsailaren 24an egingo duten saioa buruan daukate Isabel Atxak, Leire Saezek eta Ustruku taldeko gainontzeko kideek. HODEI TORRES

Ustruku izeneko taldea abiatu du Sendi egitasmoak; helduak eta umeak elkartuz, ahozko tradizioa konpartitu gura dute. Urtarrilaren 27an batu ziren lehenengo biderrez, Algortako kultur etxean. Hilabete bakoitzaren azkeneko barikuan ipini dute hitzordua; euskarazko ipuinak, aho-korapiloak, poesiak, kondairak eta kantak konpartitzea euren denen asmoa. Isabel Atxa eta Leire Saez taldeko kideek esan dutenez, denok gaude gonbidatuta.

Zelan edo zer dela eta otu zitzaizuen Ustruku taldea sortzea?
Isabel Atxa Leturia: Ni hezkuntza-munduan ibili izan naiz; besteak beste, ikastolara etortzen ziren ume berrien gurasoei elkarrizketak egiten nizkien. Umeekin harremanak izatean, aita-amek errekurtsoen falta izugarria daukatela nabaritu izan dut aspaldidanik; gaztelaniara jotzen dute askok eta askok.

Oso gogoan daukat nire amama; gure etxearen ondoan bizi zen. Familia handia elkartzen ginen bertan, eta beti umeren bat egoten zenez, kantak edo jolasak egiten genituen txikiekin. Kontuak horrela, ume baten aurrean zerbait egiteko gauza naizela uste dut.  Guraso berriengan horren falta ikusten dut orain.

Zein da Ustruku taldearen helburua?
I.A.: Euskararen transmisioa bermatzea da helburua. Horrekin ez dut esan nahi gauza berriei ateak itxi behar dizkiegunik; baina, lehengoa ere kontuan hartu behar dugu. Ahozko euskara landu gura dugu umeekin, ipuinen, abestien, hitz-jolasen edo asmakizunen bidez.

Leire Saez Gonzalez: Ahozko hizkuntzaren bitartez gozatzea da helburua, eta elkarrekin eta elkarrengandik ikastea ere bai. Ez dago presiorik, ez dago presarik eta bertan parte hartzeko ez da beste munduko ezagutzarik behar. Etxean, seme-alabekin edo ilobekin, eta gustuko duzulako, hitz-jolasak, olerkiak edo dena delakoa konpartitzeko unea da; eta entzumena lantzekoa ere bai.

Nondik dator ‘Ustruku’ berba?
L.S.: Uribe Kostako euskaran «ortzadar» esan nahi du. Niretzat aniztasunaren sinboloetako bat da; eta aniztasuna beti da aberastasuna.

Zelan funtzionatzen du Ustrukuk?
L.S.: Momentuz, lau saio planteatu ditugu; ikusiko dugu aurrerantzean zer egiten dugun. Urtarrilean hasi ginen; apirilera bitartean, hilabete bakoitzaren azken ostiralean batuko gara, 18:00etatik 19:00etara, Algortako Villamonteko kultur etxean. Hala, saiora hurbiltzen den heldu bakoitzak bost minutuko zeozer prestatuta eraman ohi du; ipuina paperezko euskarrian aurkezten dute batzuek. Beste batzuetan, umeak berak helduarekin batera prestatzen du eta txikiak ere parte hartzen du aurkezpenean. Denon artean osatzen dugu kontakizuna; ez dago egitura itxirik.

Kontularien kluba baino zeozer gehiago da, ezta?
I.A.: Nahiko nuke hori baino gehiago izatea. Momentuz, arrisku hori dago; baina, lehenengo saioa baino ez dugu egin. Beste egunean, agian, gehienbat ipuina erabili zen... Egitasmoari denboratxo bat eman behar diogu.
L.S.: Gaur egun, zoritxarrez, gero eta galduago dago ahozkotasuna; gaur egungo haur txikien gurasoek askotan ez daukate bitartekorik. Horregatik, sarritan, paperezko euskarrira edo lagundutako kontaketara jotzen dute. Gure helburuen artean dago elkarren artean ikastea eta, hurrengo saiorako, bakoitzak zeozer lantzeko konpromisoa hartzea. Adibidez, elkarri esaten diogu: «hurrengorako saiatuko gara denok txiste edo olerki bat ekartzen». Ahozkotasun hori lortzeko pausoak emateko modu bat da. Hala ere, ez da derrigorrezkoa izaten.
I.A.: Gainera, taldea oso irekia da; hurrengo deialdian nortzuk egongo garen edo egongo diren ez dakigu zehatz-mehatz; ez dago zuzendaritza edo gidaritza bat. Gogo batek elkartu gaitu, eta horretan gabiltza.

Zeinek parte har dezake Ustrukun?
I.A.: Gurasoek eta umeek, eta haurren inguruan dabiltzanek: zaintzaileek, aitita-amamek...
L.S.: Nik esango nuke o urtetik 120 urtera arteko pertsonek parte har dezaketela. Aita-ama. aitita-amama, osaba-izeko, gazte, lagun... Guztiz irekia da taldea; gainera, umeekin etor zaitezke edo ume barik.

Gaur egun, zer-zelako garrantzia dute aitite-amamek gure seme-alaben heziketan?
I.A.: Kar, kar, kar. Ni amama legez joaten naiz Ustrukura.
L.S.: Nire ustez, garrantzi handia daukate gure seme-alaben heziketan.
I.A.: Nik aspaldi irakurri nuen Txinako lurraldetxo batzuetan amamak joaten zirela haurtzaindegietara, euren hizkuntza eta tradizioak irakasteko; izan ere, mintzaira ezberdina zeukaten leku horietan. Tarteka, ipuinak eta tradiziozko gauzak kontatzen zizkieten. Oso polita dela uste dut.

Gaur egun, zaintzaile-lana egin behar izaten dugu askotan; horrelakoetan ez dago aita-amek umeekin egiten dituzten gauzekin alde handirik: umeari jaten eman, lotan jarri... Baina, nik diodan bezala, bisitari-moduan joaten bagara, jolaserako tarte handiagoa dago. Oso aberasgarriak dira une horiek. Bestalde, bizi dugun egoerarekin, aitita-amamen zaintza-lan hori arrunt bilakatu da. Diru-estutasunak egoten dira eta, ondorioz, seme-alabak lanera joan behar izaten dute. Hala ere, ez du ezertan batak bestearen kontra joan beharrik.

Informazio gehiago: 644 277 155 / sendi@egizu.eus

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun