Autobus transfoboa Getxotik igarotzea ekiditen ahaleginduko da Gobernu-taldea

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 1a, 16:12
Hazte Oir elkarte ultrakatolikoaren autobus transfoboa. EUSKALERRIA IRRATIA

Imanol Landa Getxoko alkateak Hazte Oir elkarte espainiar ultrakatolikoak transexualitatearen kontra martxan ipinitako kanpaina errefusatu du. Ekimen hori espainiar Estatuko hainbat hiri bisitatzea aurreikusita duen autobus baten bidez egiten dabiltza. Ibilgailuak aniztasun sexualaren kontrako hurrengo mezua darama idatzita: "Los niños tienen pene. Las niñas tienen vulva. Que no te engañen". Getxora, hilaren 10ean etortzea aurreikusita dago.

Gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) nabarmendu du Getxo udalerri irekia dela, aniztasunaren aldekoa, eta tolerantea sexu-aukera guztiakaz, eta berdintasunaren kontrako edo izaera sexualagatik pertsonekiko gorrotoa eta bazterketa zabaltzen duten kanpainen aurkakoa.

Alkateak azpimarratu du "Getxo pertsona ororen giza eskubide guztien aldekoa da, bere politika guztiek eta berdintasunaren alde egiten duen lanak agerian uzten duten bezala".

Gainera, Gobernu-taldeak aztertuko du, dagozkion udal eskumenen barruan, aipatutako autobusak udalerritik pasatzeko eduki dezakeen asmoa ekiditeko modua, "mota horretako ekimenek ez dutelako herritarren bizikidetzaren alde egiten".

EH Bilduko udal-taldeak uste du Hazte Oir elkartearen kanpaina "aniztasunaren kontrakoa eta gezurretan oinarritutakoa" dela. Hori dela eta, hori dena onartzeko prest ez daudela azaldu dute, "ez gaude prest gure kaleetatik paseatzen uzteko".

Madrilen autobusa geldiarazi dute

Madrilgo Udaltzaingoak Hazte Oir elkartearen autobusa gerarazi du gaur, eguaztenean, hirian ibili ostean. Udalak kanpaina "biolento eta iraingarri" gisa hartu du eta fiskaltzari galdegin dio ea lgtbfobia deliturik baden. Horrez gainera, publizitatearen ordenantzak betetzen ez dituela salatu du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun