Azalduko zeniguke ondo zer den transexualitatea?
Pertsona bat jaiotzen denean sexu bat esleitzen zaio; baina, batzuetan, hori ez dator bat bere benetako sexuarekin. Benetako sexuaz ari garenean, bere sexu-identitateaz ari gara. Kasu horiek ematen direnean, transexualitate-egoera baten aurrean gaudela diogu.
Chrysallisetik ‘transexual’ berba ez erabiltzea gomendatzen duzue. Zer dela eta?
Gai honi buruz ari garenean, guk beti nahiago dugu esatea bulba daukan mutikoa edo zakila duen neskatoa. Halere, ulertzen dugu askotan hitz hori erabiltzeko beharra dagoela gaia jorratzeko. Adjektibo moduan askotan erabili beharko da ‘transexual’ hitza, baina, ez dugu nahi etiketa bezala erabiltzea. Garai batean, halako prozesu bat egin zen ezinduen kasuan ere; hasieran ‘elbarrituak’ erabiltzen genuen, baina, azkenean, ‘ezintasuna daukatenak’ darabilgu. Gu ere garapen horretan gaude, bide ez iraingarriak bilatzen.
Zein da Chrysallis elkartearen helburua?
Guraso-talde bat gara. Transexualitate-egoera baten aurrean zaudenean, ikastetxera edo medikuarenera jo ohi dugu, baina inork ere ez daki ezer. Ez dago nora jotzerik, ez dago inolako erakunderik eta LGTB kolektibo askotan ere ez dakite ezer haurren kasuei buruz. Ezagutza falta handia dago gai honen inguruan. Hori dela eta, guraso-talde bat bildu ginen. Gure haurren zoriontasuna dugu denok helburu, eta bide horretan, aldarrikapenak entzunarazteko eta familiaz familiako laguntza emateko lana egiten dugu. Askotan guk geuk irakatsi behar diegu medikuei eta irakasleei. Gu ari gara ezagutza hori zabaltzen eta erakundeei eskatzen familientzako arreta-zentro bat.
Orain dela gutxira arte askok gaixotasuntzat jotzen zituzten honelako kasuak...
Bai, duela gutxira arte, eta oraindik ere bai! Osasunaren Mundu Erakundeak patologia-zerrendatik aterako duela erabaki du, baina identitate-trastorno bezala mantenduko du. Astiro, baina, aurrera goaz. Izendapen horrek arazoak sortzen ditu gure haurren egunerokotasunean. Psikiatria Atalean dago Gurutzeta ospitaleko Genero Identitate Unitatea, eta, psikiatra bat da haurrei harrera egiten dien lehenengo pertsona. Katalunian, aldiz, patologia bezala kentzea lortu da, eta ez dago psikiatrarik prozesuan. Izan ere, gure haurrek behar duten bakarra da, nahi izanez gero, endokrinologiako tratamendu bat, hormonak hartzeko. Burua oso ondo dute, ume normalak dira. Ez dute inolako gaixotasunik, hortaz, ez dauka inolako zentzurik horrelako tratamendu bat trastornotzat tratatzea.
Sexuazioa norabide bikoa dela aipatzen duzue...
Sexologiak dioenez, sexu-identitatea jaio aurretik hasten da sortzen eta gure bizitza osoan zehar garatzen doa. Gure haurrek eurek esaten dute: ni neska naiz; ni mutila naiz. Horixe da eurek adierazten digutena. Militantzia baino gehiago, gure erronka da umeak zoriontsuak izatea, eta, euren bidea hori bada, kasu egin behar diegu. Zer neska mota edo zer mutil mota izango diren beste borroka bat da. Azken finean, guk askotarikotasuna aldarrikatzen dugu eta gure haurrak askotarikotasun horren adibide dira.
Gero, genero-rolen kontuan sartuz gero, beste kontu bat da. Gauza bat da sentitzen duzun sexu-identitatea, eta beste bat zelan munduratzen zaren. Hori oso lotuta dago gizartearen presioarekin. Adibidez, zakila duten neskek joera dute arrosaz janztera, baina, gero, onartu dituztenean, lasaitu eta beste kolore batez janzten dira. Aurreko batean bulba duen mutiko batek esan zuen dantzatzea oso gustuko zuela, baina, ez zuela egiten neska zela pentsatuko zutenari beldurrez. Azken finean, muturretara jo behar dute euren burua aldarrikatzeko. Gizarteak berak ez dituela ikusten sumatzen dute, baina transito egoera hori gainditzen dutenean, euren bidea egin dezakete. Hor ikusten da zein den gizartearen presioa; ezin dute izan nahi duten neska edo mutila.
Genitalen arabera egozten zaio ume bati sexu bat...
Hala da, jaiotzean genitalei begira esleitzen da sexua; gehienetan, asmatzen da, ez da metodo txarra. Halere, batzuetan ez da asmatzen. Lehen, ikerketek esaten zuten 100.000 pertsonatik batean okertzen zirela; azken ikerketek, berriz, 1.000 pertsonatik batean. Dena den, kontua ez da okertzea; hori gerta daiteke; arazoa da, behin okertuta, umeak ez entzutea. Umeak bere identitatea aldarrikatzen duenean, gogorra da; baina, entzuten eta laguntzen ikastea beharrezkoa da. Ikerketek diote, laguntza jaso duten eta onartu dituzten haur transexualen kasuan, nerabezaroa zoriontsua eta ongizate-maila beste guztien berdina dela. Onartzen ez dituztenen artean, suizidio-saiakeren tasa izugarria da, %42k jotzen du horretara; gizartean %1,2 izan ohi da. Hortaz, gure haurrak onartzeak edo ez zer esan nahi du? Ia-ia hil ala biziko kontua dela.
Zer arazo sor dakioke ume bati bere sexu-identitatea aitortzen ez bazaio, edo hori ukatzean?
Pertsonak garen heinean, bakoitzak modu batean edo bestean jokatuko du. Batzuetan, umeak triste egoten dira, komunikatzeko arazoak izaten dituzte, baita harremanak sortzeko ere... Bestalde, beste batzuetan, euren sexu-identitatea aldarrikatzen dute, behin eta berriro; beste batzuk, aldiz, isildu egiten dira adin batera heltzean. Bakoitzak bere izateko era du. Aldaketa oso handia da ume batek transitoa igaro eta gero; hilabete pare bat pasa ondoren, askoz alaiagoa eta zoriontsuagoa izan ohi da.
Zeri deitzen diozue transitoa?
Guk transito soziala esaten diogu behin umea entzun eta onartu dugunean, laguntzen diogunean bere bidean, eta bera den modukoa agertzen denean gizartearen aurrean. Hor hasten da familiarentzat gogorrena: familia osoari kontatzea, azaltzea kanpoko jendeari, hurbileko ezagunei...
Behin sexu-identitatea eta nortasuna onartu ondoren, ebakuntzara jo ohi da?
Duela hainbat urte sexu-ebakuntza beharrezkoa zen nortasun-agirian sexu-aipamena aldatzeko. Sarraskiak egiten zituzten; peritu batek ikusi behar zuen zure genitalek bat egiten zutela onartutako sexuarekin, bestela, ezinezkoa zen agiria aldatzea. Horrek norberaren eskubideak urratzeaz gain, ez dauka inolako zentzurik; zorionez, gaur egun ez da beharrezkoa hori egitea. Dena den, esan beharra dago, kasu askotan, obsesioa izan dela, adibidez, zakila izatea. Txikitatik esaten badizute ezin zarela mutila izan zakilik ez duzulako, orduan horixe eduki nahi izango duzu, nahiz eta estetikoa baino ez izan. Halere, esan beharra dago ez direla egon uste den bezainbeste kasu, eta, gaur egun, gero eta gutxiago ematen dira. Gure borroketako bat da euren gorputzak maitatzea, eta egia esateko, txikitatik onartuak direnen artean, pozik bizi dira euren gorputzekin.
Hala ere, hormonazko tratamenduak dituzte kasu horietako neska-mutilek, ezta?
Bai, gure haurrek duten abantaila bat da nerabezaroan baino lehen blokeatzaileak jasotzeko aukera dutela. Hartara, bulba duen mutiko bati inoiz ez zaizkio bularrak haziko, ezta hilerokoa etorriko; hormona-jarioak blokeatuko zaizkio. Eta alderantziz, berdin; zakila duten neskek ez dute bizarrik izango, eta ez zaie ahotsa aldatuko. Gero, 15-16 urterekin, nahi izanez gero, hormonak jasoko dituzte, artifizialki. Hala, genitalak kenduta, euren sexuari dagokion guztia izango dute eskuragarri.
Zenbat kasu daude Euskal Herrian?
Suposatzen da 350-400 kasu inguru egon behar dutela, 18 urtetik beherakoen artean. Gaur egun, Chrysallisen 40 familia inguru gaude; duela urtebete taldea osatu genuenean, ordea, zortzi bakarrik ginen.
Orokorrean, noiz jakin dezake ume batek neskatoa edo mutikoa dela?
Nork gogoratzen du noiz jakin zuen neska edo mutila zela? Inork ere ez. Betidanik jakin izan dugu. Kasu hauetan, bizpahiru urteko haurrek dagoeneko argi daukate zein den euren sexu-identitatea; eta ez dute ulertzen zergatik besteek ez duten ikusten. Orokorrean, hitz egiten hasten direnean hasten dira gauza horiek adierazten.
Elkarteak kartelak kaleratu zituen orain dela gutxi; eztabaida sutsua sortu dute... Horren albotik, Tomas Moro elkarte katolikoak salaketa aurkeztu zuen elkartearen aurka, adingabekoak galbideratzea egotzita. Zer deritzozu horri guzti?
Bagenekien deigarria izango zela, genitalak agertzen zirelako; baina, ez genuen espero halako iskanbilarik sortzea. Ez dugu polemika horretan sartu nahi izan. Tomas Moro elkarte ultrakatolikoa da, oso talde txikia. Gizartearen gehiengoa, aldiz, gure alde agertu da, eta erakunde eta alderdi politiko askoren babesa jaso dugu. Gizartea prest dago errealitate hau ezagutzeko. Are gehiago, elkarte horrek salaketa aurkeztu zuen, bai, baina, fiskaltzak ez zuen hori ikertu, eta atzera bota zuen.
Espainiar Estatua garatuena da transexualitatearen inguruan mundu-mailan, ikerketa baten arabera. Chrysallis Euskal Herriatik lan handia egiten ari gara eta gauza askotan aitzindariak gara hemen. EAEko eta Nafarroako legeak oso aurreratuak dira. Nafarroan egin den Hezkuntza-protokoloa eta egiten ari diren Osasun-protokoloa oso onak dira. Hortaz, aitzindariak gara, eta bidea egiten ari gara. Hori dena mundura zabaltzen ari da eta munduko puntu guztietatik deiak jasotzen ditugu. Izan ere, argitaratu dugun hezkuntzarako materiala zortzi hizkuntzatara itzuli dugu, webgunean dago eskuragarri nahi duenarentzat eta dagoeneko milaka eta milaka deskarga izan ditu horrek.