Elkarrizketak

Lorea Agirre Dorronsoro: "Euskararen normalizazioa eta feminismoa eskutik doazen borroka bi dira"

Kepa Ugarte Martiarena 2017ko mar. 20a, 10:24
Lorea Agirre Dorronsoro antropologoa eta kazetaria da. HODEI TORRES

"Euskara eta feminismoa bidaide" berbaldia eskaini zuen Lorea Agirre Dorronsoro beasaindarrak, Algortako Aldai patronatuan, martxoaren 3an. Bere herrikidea den Idurre Eskisabelek ere parte hartu zuen ekitaldian; antropologoak eta kazetariak dira biak. Ordukoak utzitako hariei tiraka, feminismoak eta euskalgintzak daukaten harremanaz berba egin digu Agirrek. Bere ustez, "logikoena da feminista bazara euskaltzalea ere izatea".

Zein da "Euskara eta feminismoa bidaide" berbaldien jatorria edo abiapuntua?

Orain dela bizpahiru urte, Arrasate Euskaldun Dezagun (AED) elkarteak eta bertako Emakume Txokoak mahai-ingurua antolatu zuten elkarrekin; saio horretan, dagoeneko guk buruan geneukan galdera bat planteatu ziguten: Feminista izan zaitezke euskaltzalea izan gabe? Gure arteko eztabaidetan askotan ateratzen zen gai hori; baina, publikoki planteatzen ziguten lehenengo aldia zen. "Bete-betean asmatu duzue", esan genien antolatzaileei. Twitteren ere iragarri zuten saioa, eta guk ondokoa erantzun genuen sare sozial horretan, mahai-inguruaren aurretik: "Ez. Baina, feminista baldin bazara, euskaltzalea izan behar zara". Gizonezko batek iruzkina egin zion horri: "Orduan, Marguerite Duras eta Angela Davis euskaltzaleak dira, feministak direlako?". Guk baietz erantzun genion. Ausarkeria izan zen; baina, defendatzen ari ginena adierazteko modu bat izan zen.

Ordurako gu hasiak ginen borroka horiek nola uztartuko genituen hausnartzen; besteak beste, Angela Davisen Feminismo Intersekzionalaren Teoria gurea egin genuen. Gure logika diskurtsiboaren edo pentsamendu horren barruan, logikoena da feminista bazara euskaltzalea izatea.

Zein helburu daukate mahai-inguru hauek?

Nik hiru helburu zehaztuko nituzke: bat da gure pentsamendua garatzeko motibazioa sortzea; beste bat, eztabaida-bide bat zabaldu nahi dugula, mahai-inguruetara datozenek ere euren iritziak plazara ditzaten; azkena, jendeak pentsa eta hausnar dezan nahi dugula, eztabaida horiei esker. Diskurtso bat garatzea ere eragiteko modu bat da; baina, besteak motibatzea eta hausnartzera bultzatzea aberasgarriagoa dela uste dugu. Hori izango litzateke solasaldien bitartez bilatzen ari garena.

Zein da feminismoaren eta euskalgintzaren arteko harremana edo lotura?

Oso gainetik esanda, gizarte zibilaren mailan egituratuta dauden mugimendu feministak Euskal Herrian, bereziki, bi lekutan eman dira: alde batetik, emakumeen taldeak aitzindariak izan dira Hego Euskal Herrian, feminismoaren aldeko borrokan; beste alde batetik, Iparraldeari dagokionez, garai berean, 70eko hamarkadan, bazegoen abertzalea ere bazen talde feminista bat. Hala ere, Pirinioen beste aldera baino ez zen mugatzen bere jarduna. Azkenik, hirugarren multzo bat ere badago: ezker abertzalearen baitan azken 40 urteetan sortzen joan diren egitura feminista ezberdinak biltzen dituena. Batzuk desagertuz joan dira... Esan genezake, momentu honetan, horien oinordekoa Euskal Herriko Bilgune Feminista dela. Hala ere, ezin dugu ahaztu erakunde horrek modu autonomoan funtzionatzen duela.

Espainiako herrietan ere badaude Hego Euskal Herrian aurki ditzakegun emakumeen taldeen parekoak; feminismo klasikoa hobekiago integratu da Espainiako tradizioan. Gauzak horrela, ezker abertzaleak eta zabalagoak izan daitezkeen mugimendu eraldatzaileek eta independentistek ez dute harreman handiegirik izan emakumeen taldeekin. Batzuek nazio-askapenaren alde egiten dute; eta beste batzuk, zentzu horretan, apolitikoak dira. Ez dira eztabaida nazionalistaren baitan kokatzen. Are gehiago, batzuetan horren aurka lerrokatzen dira. Bestalde, ezker abertzalearen baitan, hizkuntzaren gaia hor dago, zehaztu edo pentsatu gabe, seguru asko. Baina, jakina! Euskaltzaleak ere badira. Beste mugimendua, ordea, ez da bereziki euskaltzalea: aipatutako emakumeen talde horiek ez diote hizkuntzari garrantzirik ematen.

Hala ere, azken urteetan talde ezberdinen arteko elkarlan bat abiatu da, ezta?

Bai. Azken urteetan feminismotik bertatik, ez euskalgintzatik, elkarlan bat abiatu da; Euskal Herriko Koordinakundea dago eta, bertan, ideologikoki edo politikoki diferenteak izan daitezkeen taldeek lanketa bati ekin diote. Arlo horretan, ezin dugu aipatu gabe utzi Mari Luz Esteban antropologoak egindako lana; lehenengo aldiz berak aipatu zuen euskararen normalizazioa eta feminismoa elkarlotura bat egiteko momentuan egon zitezkeela. Gu bere alabak gara, bere ikasleak gara, eta horri heldu genion. Gaur eta orain ikusten da hizkuntzaren ezaugarri hori beste talde feministetan sartzen ari dela. Bilgune Feministan oso presente dago; baina, emakumeen elkarteek ere kezka hori daukate: injustizia baten kontra egotea posible ote den, beste injustizia batzuen aurrean itsu zauden bitartean.

Gogoeta bat isiotu da...

Poliki-poliki, baina, egoera soziolinguistikoa ere hobetzen ari da; belaunaldi gazteak elebidunak dira eta errazagoa da hizkuntzaren afera erdian kokatzea. Euskalgintza eta feminismoa urte luzeetako bidea egin duten mugimendu zibilak dira: azken 40-50 urtean garatu egin da bien aldeko borroka. Bestalde, 1977an edo, erakundetze-prozesuarekin, bi elementuak erakundeetan sartu ziren. Euskara izan zen bide hori egin zuen lehenengoa; normalizazioaren legea, EITB eta horrelakoak sortu ziren. Horretaz gain, euskara-teknikariak lanean hasi ziren. Geroago, baina ez askoz beranduago, berdintasun-teknikariak ipini zituzten udaletan eta gainontzeko erakundeetan. Mundu horrek gizartetik erakundeetara jauzi egin zuen. Gauzak hala, leku batzuetan ohartzen hasi ziren euskara-teknikaria eta berdintasun-teknikaria, nolabait, udaletxean, azken muturrean zeudela; aurrekontu txikiena zeukaten eta garrantzi txikiena ematen zieten langileak ziren. Hori guztia euren ahotik jaso dugu... Leku batzuetan, horregatik bakarrik hasi ziren gauzak elkarrekin egiten: "antolatuko dugu hau herrian eta egin daiteke bietara...".

Eskutik helduta joan beharko luketen borroka bi direla uste duzu?

Bai. Arrazoi bat baino gehiago dago horrek horrela izan behar duela pentsatzeko: arrazoi horietako bat da antzeko egoeran daudela gatazka horiek; beste bat, bi borroka zibil direla; eta, ezin dugu ahaztu, Euskal Herrian, eztabaidaren erdigunean daudela gai biak. Generoaren kasuan inolako zalantzarik ez dago; herritarren erdia baikara emakumeak. Ezberdinkeria horri guztiari aurre egin behar zaio. Eta, horren albotik, kontuan izan hizkuntzarena ere badela gure borroketako bat.

Feminismo Intersekzionalaren Teoria aipatu duzu; labur bada ere, azal dezakezu?

Aurreko galderan erantzun dudanarekin erabat lotuta dago Angela Davisen teoria hori. Batetik, aipatu beharra dago, gehienetan, pertsona bera edo komunitate bat menderatua izaten dela; baina, ez beti. Bestalde, arlo batean baino gehiagotan eta aldi berean gertatzen dira zapalkuntza-egoera horiek. Emakumea edo euskal hiztuna izateagatik uneoro baztertzen gaituzte eta leku batzuk ukatzen dizkigute. Guk beti esaten dugu ez dela identitate kontu bat; uste dugu beste bat dela debatea: justizia sozialaren aldeko bi borroka dira, eta demokraziaren "frogarako kotoia" pasatzen hasten bagara, horietatik bietatik ere pasatzea beharrezkoa dela. Euskaraz bizi ezin dudan momentutik demokrazia hori hankamotz dago. Aldi berean, emakume bezala ezin badut nonbaiten sartu edo nonbaiten hitz egin, zeozer kale egiten ari da.

Azken finean, euskararen zapalkuntza ez da euskaldunon edo euskaltzaleon arazoa soilik; halaber, sexu-generoagatik sufri dezakegun bereizkeria ez da bakarrik emakumeon afera. Herritar guztioi eragiten digun arazoa da; justizia sozialeko kontu bat da.

Boterearen beste irakurketa bat egiteko beharra dagoela esaten duzue.

Garai batean ulertzen zen goitik behera inposatzen ziguten zerbait zela boterea; baina, gaur egun badakigu beste norabide batzuetan eman daitekeela: ezkerretik eskuinera, behetik gora, sare batean... Gainera, ohartu behar gara gauza batzuetan menperatuak gu garela, eta beste batzuetan gu garela menperatzaileak. Azken finean, borrokan dauden berdintasun-aldarri guztiek beste botere-harreman batzuk eskatzen dituzte. Norbaitek gutxiago badu, beste norbaitek gehiago du; norbaitek eskubide falta badu, beste norbaitek pribilegioak ditu. Euskaraz hitz egin ezin badut, beste norbaitek eragozten didalako izango da. Feminismoari dagokionez, ez da bakarrik gizon eta emakumeen berdintasuna aldarrikatzea; gizarteari proposamen politiko berri bat egitea da. Goazen bada botere-harreman horiek ahalik eta justuenak izan daitezen egitera.  

Antropologoa izateaz gainera, kazetaria zara. Zer egin daiteke esparru horretatik euskararen zein emakumeen zapalkuntzaren aurka borrokatzeko?

Kazetaritzaren aldetik asko egin daiteke. Gero, eragina izango da izango dena. Baina, nire ustez, kazetaritza ez da notario-lana; ez da kontatzea beste norbaitek prentsaurrekoan esan duena. Zuk dakizunarekin edo zuk bilatzen dituzun bestelako baliabideekin, hori bere testuinguruan kokatzeko gaitasuna izatea da. Lehen aipatu dugun botere-harreman hori kazetaritzan ere gertatzen da, albistea ematen den unetik bertatik. Albiste hutsaz harago, beti ari gara beste zerbait gehiago esaten gure hitzekin; berbak ez dira neutroak. Hori guztia kontuan hartuta, gauza asko egin daitezke: alde batetik, emakumeak ikusgarriago egin. Emakumezkoak badira arlo diferenteetan. Gero, «betaurreko moreak jantzi» beharko genituzke, gertatzen dena zergatik gertatzen den ulertu ahal izateko. Gauza asko daude egiteko: emakumeei ahotsa ematea, adibidez. Kazetariok asko egin dezakegu. Uste dut kazetaritza berdinzale bat egin daitekeela eta, zalantzarik ez daukat, Euskal Herrian egiten ari garela. Oso eredu politak ari gara ematen; hori ere bada notiziaren zatia.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun