Txorimalo gaztetxeak "1.1garren" urtemuga ospatuko du

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 13a, 13:18

Gaur egun martxan dauden proiektuen berri emango dute urteurren berezi horretan.

Getxoko Txorimalo gaztetxeko kideek 1.1 izaera esleitu diote 11. urteurrenari. Apirilaren 20an ekingo diote ospakizunari, eta hiru egunez, askotariko proiektuen erakusleihoa izango da gune autogestionatua, besteak beste.

Daborduko 11 urte igaro dira Getxoko Faro errepidean kokatuta dagoen baserria okupatu eta Txorimalo gaztetxea sortu zutenetik. Harrezkeroztik hamaika dira bertan egindako ekimenak eta bizitako bizipenak. Algortako Gazte Asanbladak kudeatu izan du urte luzez gune autogestionatua; hala ere, azken bi urteetan bestelako bidea hartu du gaztetxeak. Gazte asanblada desegin zuten eta herriari zabaldu zizkioten eraikinaren ateak; hala, orain askotariko proiektuak garatzeko eta dinamizatzeko gunea da Txorimalo. Hori dela eta, bide berriaren erakusleiho izateko, 11. urteurrenari 1.1 izaera esleitu diote gazteek. Hala, apirilaren 20an ekingo diote ospakizunari, eguenagaz.

Egun horretan pregoia irakurriko dute Algortako San Nikolas plazan, 19:30ean. Ondoren poteoa egingo dute kalerik kale. Hurrengo egunean, barikuan, tailerrak egingo dituzte gaztetxean, 18:00etatik aurrera. Ordubete beranduago Txorimalo Musika Faktoriaren inguruan berba egiteko aukera egongo da. Ondoren, Oliver Magoak magia ikuskizuna eskainiko du, 22:00etan, eta ostean musikaz gozatzeko aukera egongo da. Ospakizun nagusia zapatuan izango da, hilaren 22an. Goizeko 11:00etan helduko diote egitarauari, ortuaren proiektuaren tailerragaz; 12:00etan pintxo txapelketa egingo dute eta, destilategia aurkeztu ostean, bazkaria egongo da. Iluntzean, jolasak, kontzertuak eta «plater irekiak» egongo dira, besteak beste.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun