Itzubaltzeta gaztetxearen etorkizuna kolokan

Herriko euskaltegi ohia okupatu dute sinbolikoki Itzubaltzetako gazteek

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 26a, 18:45
Ganbara euskaltegia zena, herriari berriro ireki zioten gazteek 14 urteren ostean.

Pasa den zapatuan iluntzean, 50 bat pertsonak okupatu zuten Itzubaltzeta/Romoko Ganbara AEK euskaltegi zena, gaztetxe baten beharra aldarrikatzeko. Itzubaltzeta gaztetxearen kolektiboak ekintza "sinbolikoa" aldarrikatu du. "Itzubaltzetak gaztetxe bat behar eta izango duelako....borrokan jarraituko dugu!", iragarri dute. Gazteek zenbait ekimen aurrera eroaten dabiltza pasa den eguaztenean Itzubaltzeta II gaztetxea kiskali zenetik.

Okupazioa Itzubaltzeta/Romoko Kalamua kaleko 11. zenbakiko eraikinean egin zuten, 1985etik 2003ra bitartean AEK-ko Ganbara euskaltegia izandakoan. Gaur egun eraikina hutsik dago eta bertan 8 turismo-apartamentu eraikiko dituela iragarri du Residencial Kalamua 11 SL enpresak. Haiz zuzen ere, sozietate horrek erosi zion eraikina AEKri iazko udan, baina ordutik hona fatxadan kartel bat ipintzeaz gainera ez du ezer ukitu eraikinean.

Kontuak hala, pasa den zapatuko 21:20ak aldera sartu ziren gazteak Ganbaran. Horretarako, atearen aurrean zegoen egur-xafla bat lekualdatu besterik ez zuten egin behar, ateak ez baitzeukan sarrailarik. Ostean, argiak isiotu, Itzubaltzeta II gaztetxearen banderak eta ikur pirata balkoian ipini eta eraikina zabaldu zieten herritarrei. Euskaltegiko ikasle ohi asko sartu zen bertan bizitakoak gogoratzera eta beste auzokide batzuk ibili ziren kuxkuxean solairu bietan eta ganbaran. Besteak beste, izan ziren topatutako bitxikeriak: 1970eko egunkari zaharrak, Harpo Marxen irudia zekarren eskuz egindako AEKren kartela eta ama-birjin baten gaineko olio-pintura bat. Gauerdiagaz batera barruan zeuden pertsona denak atera, argiak amatatu eta lehen zegoen moduan itxi zuten etxeko ataria.

Itzubaltzeta gaztetxeko kideek azaldu dutenez, gaztetxearen aldeko borrokak oraindik bizirik dirauela erakutsi nahi izan zuten. Modu berean, azkeneko egun hauetan "herrian nagusitu diren emozio txarrak irauli eta borrokaren aspektu positiboak" azpimarratu gura izan zituzten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun