Okupazioa Itzubaltzeta/Romoko Kalamua kaleko 11. zenbakiko eraikinean egin zuten, 1985etik 2003ra bitartean AEK-ko Ganbara euskaltegia izandakoan. Gaur egun eraikina hutsik dago eta bertan 8 turismo-apartamentu eraikiko dituela iragarri du Residencial Kalamua 11 SL enpresak. Haiz zuzen ere, sozietate horrek erosi zion eraikina AEKri iazko udan, baina ordutik hona fatxadan kartel bat ipintzeaz gainera ez du ezer ukitu eraikinean.
Kontuak hala, pasa den zapatuko 21:20ak aldera sartu ziren gazteak Ganbaran. Horretarako, atearen aurrean zegoen egur-xafla bat lekualdatu besterik ez zuten egin behar, ateak ez baitzeukan sarrailarik. Ostean, argiak isiotu, Itzubaltzeta II gaztetxearen banderak eta ikur pirata balkoian ipini eta eraikina zabaldu zieten herritarrei. Euskaltegiko ikasle ohi asko sartu zen bertan bizitakoak gogoratzera eta beste auzokide batzuk ibili ziren kuxkuxean solairu bietan eta ganbaran. Besteak beste, izan ziren topatutako bitxikeriak: 1970eko egunkari zaharrak, Harpo Marxen irudia zekarren eskuz egindako AEKren kartela eta ama-birjin baten gaineko olio-pintura bat. Gauerdiagaz batera barruan zeuden pertsona denak atera, argiak amatatu eta lehen zegoen moduan itxi zuten etxeko ataria.
Itzubaltzeta gaztetxeko kideek azaldu dutenez, gaztetxearen aldeko borrokak oraindik bizirik dirauela erakutsi nahi izan zuten. Modu berean, azkeneko egun hauetan "herrian nagusitu diren emozio txarrak irauli eta borrokaren aspektu positiboak" azpimarratu gura izan zituzten.