Gizon bat atxilotu dute Getxon bikotekidea jo izana egotzita

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 27a, 17:51

Getxoko Udaltzaingoak gizon bat atxilotu du gaur goizaldean, bikotekidea jo izana egotzita, polizia-iturriek jakinarazi dutenez.

Udalak azaldu duenez, erasoa gaur 01:40ak aldera jazo da, udalerriko taberna baten kanpoaldean. Lanean ari ziren udaltzain batzuek  hiru lagun ikusi dituzte taberna batetik ateratzen, gizonezko bi eta emakumezko bat. Tabernatik kanpo, gizon horietako batek emakumea kolpatu du. Hori dela eta, udaltzainek erasoa geldiarazi dute, segi ez zedin. Ondoren, biktima eta erasotzailea identifikatu dituzte.

Gizonezkoa atxilo eroan dute, emakumearen kontrako indarkeria delitua egotzita, eta epailearen esku utziko dute.

Keltse Eiguren Berdintasun Zerbitzuko zinegotziak erasoa gaitzetsi ondoren, gogorarazi du tratu txar fisikoa edo psikikoa jasaten dituzten biktimek Gizarte Zerbitzuetara (944 660 151) jo dezaketela, han egoeratik ateratzeko laguntza emango baitiete. Eigurenek akordura ekarri du Udaltzaingora (944 660 202) edo Ertzaintzara (944 063 420) ere jo daitekeela, baita Eusko Jaurlaritzaren tratu txarren biktimen telefono-zenbakira (900 840 111) eta SOS Deiak zerbitzura (112) ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun