Olatuz Olatu programari ekin dio Getxoko Udalak, daborduko

Iker Rincon Moreno 2017ko mai. 26a, 13:35

Belaontziak, artxiboko irudian. © GETXOKO UDALA

Getxo Kirolak udal-erakundea hasi da beharrean uretako kirolakaz lotutako bertoko klubakaz, Europar Batasunak sustatutako Olatuz Olatu (WoW, ingelesez) programa garatzeko. Ekimen horretan, Getxogaz batera, EBko honako hiriak dabiltza modu koordinatuan lan egiten: Pesaro (Italia), Gdynia (Polonia), Stropkov (Eslovakia), Nancy (Frantzia) eta Dubrovnik (Kroazia). Sei udalerriek talde eragile bat eratu dute, Italiako Pesaro hirian pasa den martxoan egin zuten bileraren ondoren.

Olatuz Olatu ekimena Europar Batasuneko Erasmus+ Sport atalaren barruan dago. Bertan, hainbat kirol-modalitateko klubek parte hartuko dute, bela, piraguismo, arraun eta urpekaritzakoak, alegia. Modalitate horiek aukeratu dituzte, aipatutako klubek dituztelako Getxogaz batera proiektuan diharduten hirien antzeko eskaintzak. Proiektuak aurrera egin ahala, helburua da interesa duten gainontzeko ur-modalitateak barne hartzea.

Ur-kirolak sustatzeaz gainera, bi izan ziren Pesaron adostutako helburu orokorrak, biak Getxoko uretako klubek berretsi dituztenak: lekuko erkidego nautiko bat sortzea, ikastetxeen, kirol-kluben eta itsas inguruagaz lotutako erakundeen parte hartzeagaz; eta Getxo kostaldeko erreferentziazko udalerri gisa kokatzea.

Getxon nazioarteko campus egingo dute abuztuan, proiektuan inplikatutako kirol-klubetako gazteakaz. Modu berean, laneko egutegiaren arabera, laster Nancyn egingo dute beste lan-saio bat . Bertan, garatzen dabiltzan lekuan lekuko behar guztiak partekatuko dituzte.

Europako Olatuz Olatu programak, denera, 500.000 euro inguruko aurrekontua dauka; horretatik, Getxok ia 100.000 euro kudeatuko ditu. Programa ezagutzeko wowgetxo@gmail.com helbidera jo.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun