Elkarrizketak

Arrate Illaro Etxebarria: "Hiztun zaharrak eta berriak bidelagunak dira"

Kepa Ugarte Martiarena 2017ko eka. 2a, 12:12

Arrate Illaro Etxebarria algortarrak Euskal Herri osoko mintzapraktika-egitasmoak koordinatzen ditu, Euskaldunon Topagunearen bitartez. HODEI TORRES

Derio izango da Euskal Herriko mintzalagunen, mintzakideen edo berbalagunen topagunea, zapatu honetan, ekainaren 3an; lagunartean euskaraz berba egiteko eta ondo pasatzeko sekulako plana prestatu dute bertan. Euskaltzaleon Topagunean mintzalagun-egitasmoez arduratzen den Arrate Illaro Etxebarria algortarrak eman dizkigu zapatu honetako Mintza Egunaren eta mintzapraktika-taldeen berri.

Zer helburu dauka Mintza Egunak?

Mintza Eguna sortu zen mintzapraktika-egitasmoetan ari diren mintzalagunen, berbalagunen eta abarren arteko elkargunea izateko asmoz. Alde batetik, mintzalagunek gainerako herrietako parte-hartzaileak ezagutzen dituzte. Eta, bestetik, ikasturtearen bukaeran, udaren atsedenaldiaren aurretik, ekintza osagarria egiten dute, ikasturteari amaiera ona emateko. Gainera, azken urteetan saiatu izan gara egunaren antolaketan tokiko berbalagunak eta gainerako euskaltzaleak elkarrekin jaia antola dezaten. Bide batez, gainontzeko euskaltzaleen sare horretako kide bihurtzen dira berbalagun horiek.

Zein da mintzapraktikako egitasmo horien mamia?

Mintzapraktikako egitasmoetan euskara praktikatu behar duten kideak egunero euskaraz bizi direnekin edo euskaraz ohitura daukaten horiekin batzen dira; bospasei laguneko taldeak izaten dira eta, astean, ordu betez geratzen dira, aisialdian eta euren borondatez euskaraz aritzeko. Eurek aukeratzen dute zeri buruz hitz egin; baina, aisialdian, mugarik gabe eta arau zorrotzik gabe.

Bi motatako kideak bereiz ditzakegu.

Bai. Bi profil daude. Alde batetik, bidelariak daude; bidea egiten ari diren horiek. Euskaltegitik ateratako euskaldun berriak, harreman-sare euskalduna osatu nahi dutenak, guraso bihurtzean euskarara berriro bueltatu nahi dutenak... izan daitezke. Praktikatzeko beharra daukate, arrazoi batengatik edo besterengatik.

Bidelagunak ere badaude: euskaraz hitz egiteko ohitura daukaten horiek dira; euren helburu nagusia euskararen normalizazioan ekarpena egitea da. Ezinbesteko figura dira; bidelariei indarra ematen diete. Hala ere, ez daukate irakasle-rola, parte-hartzaile rola baizik. Baina, trakzio-lana egiten dute: indarra ematen diete bidelariei, euskaraz aritzeko eta bide horretatik jarraitzeko.

Euskal Herrian zenbat jendek parte hartzen du holako egitasmoetan?

Sei mila kide parte hartzen ari dira, 120 bat herritan. Egitasmo batzuk herri-mailakoak dira, eta beste batzuk, eskualde-mailakoak, azken horiek herri txikietan. Horietatik guztietatik 1.200 (% 20) bidelagunak dira, eta 4.800 (% 80) bidelariak.

Zer esango zenieke parte hartzen ausartzen ez diren horiei?

Parte hartzen duen berbalagunik badaukate inguruan, zuzenean, berari galdetzeko esango nieke. Egiten ditugun inkestetan, bai bidelariek, bai bidaideek, euren helburuak lortzen dituztela esaten digute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun