Elkarrizketak

Iñigo Garrido Rey: "Arteari dioten begiruneak eraman ninduen Glasgowra"

Kepa Ugarte Martiarena 2017ko eka. 5a, 10:10

IÑIGO GARRIDO

Iñigo Garrido Rey areetarra 1995etik bizi da Glasgown. OaksBark elkartean lan egiten du; bideo-sorkuntzaren bidez, arte eszenikoak uztartzeaz arduratzen da hori. Horrez gainera, Camcorder Guerrillas taldean dihardu, boluntario; biztanleriaren sektore ahulenek sufritzen dituzten gehiegikeriak salatzen dituzte kolektibo horretako kideek, irudien bitartez.

Urteak dira Glasgown bizi zarela. Zergatik erabaki zenuen bertan geratzea?

Bai. 1995etik bizi naiz hemen, Glasgown, eta bertan lan egiten dut. Hala ere, aurretiaz, arte eszenikoen ikastaroa egin nuen, Londresko Westminster College ikastetxean; bertan esan zidaten arteen esparruan oso aurreratuta zegoela Glasgow: batez ere antzerkia eta dantza garaikidea zeuden mailarik gorenean. Horiek biak landu gura nituen; izan ere, arteak Eskozian zeukan indarrak eraman ninduen Glasgown geratzera.

Ez duzu Euskal Herriaren falta igarri?

Bai, jakina; baina, sarritan joaten naiz. Gutxienez, urtean birritan bisita egiten diet senideei. Batez ere, Euskal Herriko bizimodua izaten dut gogoan: kalean, tabernetan... giro polita egoten da. Bapo jaten eta edaten da. Gainera, nik oso gogoko dut hondartza; Eskozian ez bezala, Euskal Herrian eguraldi ona egin ohi du, udan. Hala ere, aurretik esan dudan bezala, ez dut harremanik galdu bertoko senideekin eta lagunekin; urtean, gutxienez, bi biderrez joaten naiz.

Antzekotasunik badago Euskal Herriko eta Eskoziako jendarteen artean?

Mundura zabalik bizi diren herritarrak dira euskaldunak eta eskoziarrak. Esaterako, Eskozian argi gelditu da hori Brexitari buruzko bozketarekin; ezezkoa eman zioten; ingeles-jendartea ez bezala, eskuzabalagoak direlako. Euskaldunak ere horrelakoak gara; besoak zabalik hartzen ditugu kanpotik datozkigun lagun denak. Etorkinak guztiz integratuta daude herrian. Euskal Herrira joaten naizenean, Hego Amerikako eta beste herrialde askotako jendea entzuten dut euskaraz hitz egiten. Nik ez nuen gure hizkuntza ikasteko aukerarik izan, ikastetxean irakasten ez zelako. Euskara ikastea egiteke daukadan kontuetako bat da. Ostera, gaur egun, etorkinek gure hizkuntza eta ohiturak erraztasun osoz bereganatzen dituzte. Pozgarria da, benetan! Nire ustez, Eskozian ere gauza bera gertatzen da; eskoziarrak oso irekiak eta eskuzabalak dira.

Horren antzekoak ez diren hainbat kontu ere egongo dira, ezta?

Bai. Hainbat arlotan oso ezberdinak dira Euskal Herria eta Eskozia. Aipatu dudan bezala, zoritxarrez, sukalde-kontuetan eskoziarrak ez dira oso trebeak. Jateko eta edateko nahiago dut Euskal Herria.
Zure sorkuntza-lanak garatzeko aukera eman dizu Glasgown behar egiteak.

Ez zen ezerezetik sortutako aukera izan; behetik hasita egindako lan gogorra izan da nirea. Hala ere, nire ustez, arteetan eta sorkuntza-mailan aukera handiagoak daude; sortzaileek egiten dugun lana aintzat hartzen dute Eskozian. Garrantzitsua da hori. Beste lekuren batean lan handiagoa emango lidaketen egitasmoak gauzatzeko aukera izan dut hemen. Sorkuntzaren eta kulturaren arloetan askoz irekiagoak dira eskoziarrak; kanpotarrek egiten dituzten lanak errespetu osoz hartzen dituzte. Bestalde, esamolde ezaguna da bere jaioterrian arrakasta oso jende gutxik izaten duela dioena. Ez litzateke arraroa, neurri batean, halako zerbait gertatzea; izan ere, kanpora zoazenean, ahalegin handiagoa egin behar izaten duzu eskuartean dituzun proiektuak garatzeko. Zurea ez den beste herrialde batean hutsetik hasi behar duzu: askotan, bertoko hizkuntza ikasi behar izaten duzu eta ohiturak ere ezberdinak izaten dira. Bultzada handiagoa ematen dizu horrek guztiak.

OaksBark sortu zenuen 1996an. Zer egiten duzue elkarte horretan? Zer eskaintzen duzue?

Arte-sorkuntzako askotariko diziplinetako proiektuak egin dituen elkartea izan da betidanik OaksBark; 1995ean hasi ginenean, eskultura, musika, dantza garaikidea eta bideo-sorkuntza uztartzen zituzten egitasmoak egiten genituen. Horiek guztiak nahastu eta ikuskizun bat sortzen genuen; antzokietan plazaratzen genituen horiek guztiak. Laburbilduz, arte eszenikoak uztartzeaz arduratzen da OaksBark. Hala ere, gaur egun, nagusiki, bideografia-lanak egiten ditugu; hau da, batez ere, dantza garaikideko obrak eta antzezlanak grabatzen ditugu. Izatez, bideo-sortzailea naiz ni; hala ere, arteak uztartzea da OaksBark elkartearen muina.

Zinema-hezkuntzan aditua zara eta jendarte-bazterketa arriskuan dauden hainbat lagunegaz ere behar egin duzu. Zein da horren helburua?

Jendartean gauza handiak egin daitezke artea eta sorkuntza erabiliz; norbanakoetan, aldaketak eragin daitezke, barru-barrutik. Etxerik ez zeukaten lagunekin ere lan egin dut nik; kameraren aurrean edo atzean zeudela, gaitasun edo talentu bat zeukatela ikus zezaketen horiek guztiek. Euren bizitza aldatzeko berebizikoa izan zitekeen indarra eta motibazioa ematen zizkien horrek. Ildo berean, urteak daroatzat Eskoziako segurtasun handieneko espetxeko preso sozialekin lanean; arte-aldizkari bat plazaratzen dugu.

Hala ere, nik lagundu baino ez diet egiten; eurek ekoizten dute agerkaria. Horri esker, hainbat gauza ikasten gabiltza: aldizkariaren maketazioa zelan egiten den, besteak beste. Horrez gainera, hainbat ordenagailu-programa zelan erabiltzen diren ere ezagutzen ari dira, adibidez Photoshop eta Ilustrator programak. Denbora lagun, eurentzat onuragarriak diren zenbait ezagutza bereganatzen ari direla konturatzen dira  presoak. Izan ere, noizbait kalera aterako dira, eta, orduan, esaterako lan-elkarrizketa batera aurkeztuko direnean, hainbat arlotan jarduteko ezagutzak badauzkatela frogatzeko aukera izango dute. Eta ez da gutxi! Hala, nire ustez, norbanakoa barru-barrutik aldatzeko gaitasuna dauka arteak. Sorkuntzak garrantzi handia dauka; jendarte-arloan eragiteko ezinbesteko tresna dela uste dut. Oso lagungarria da.

Camcorder Guerrillas taldeko sortzaileetako bat zara. Zer egiten edo aldarrikatzen duzue?

Boluntario gisa egiten dugu lan Camcorder Guerrillas taldean; gugandik hurbilen dagoen jendearengan eragina izan dezaketen gaiei buruzko bideoak egiten ditugu. Esaterako, hainbat urtetan, etorkinei tratu txarra ematen ibili ziren bertoko agintariak; errefuxiatu-egoeran zeudela, euren eskubideak urratzen eta etxetik botatzen zituzten. Biztanleriaren sektore ahulenak sufritzen zituzten gehiegikeriak salatzeko sortu genuen Camcorder Guerrillas kolektiboa. Hala ere, esateko beharra dago, lana kobratu barik egin arren, hasiera-hasieratik, bideo horiek modu profesionalean egiteko erabakia hartu genuela. Ostera, etorkinena ez da jorratu dugun gai bakarra; hurbileko bizilagunei eragin arren, dimentsio orokorragoa izan ditzaketen arazoak ere salatu ditugu: Faslaneko itsasontzi-basean dauden urpekari nuklearren aurkako oposizio handia egon zen garai batean, besteak beste. Afera horretan ere, bideo-salaketaren bidezko lana egin genuen.

Bestelako gai batzuk jorratzeko asmoz, zelan eragingo die Brexitak kalteberak diren herritarrei?

Hainbat mailatan eragingo die. Ekainaren 8an, hauteskundeak egingo dira, Erresuma Batuan; eta ematen duenez, Brexitak kontserbadoreak mantenduko ditu boterean. Berriro ere eskuma izango da garaile edo, hobeto esanda, eskuin-muturra. Horrek esan gura du politika neoliberalak eta kontserbadoreak egingo dituztela, eta biztanleriaren sektore ahulenak kaltetuko dituztela. Funtsean, bere kideak laguntzea da eskuin-muturraren egitekoa, boterean dagoenean; horretarako, herritar kalteberenak zapaldu behar badituzte ere. Dagoeneko gertatzen ari da: Eskoziara heldu nintzenean, ez zegoen elikagai-bankurik; gaur egun, gero eta gehiago daude. Herritar behartsuenekin gertatzen ari denaren adibide bat baino ez da jakiena; goian daudenei begirako jendartea bakarrik eraikitzen dabiltza, kalteberenak are gehiago baztertuz.

Euskal herritarra izanda, zelan ikusten duzu Eskoziaren askatasun-grina?

Erreferenduma egin zenean, pozarren geunden. Euskal Herriari beti ukatu izan diote zer izan gura dugun hautetsontzien bidez erabakitzeko eskubidea. Hemen egonda, erabakitzen utziko zietela ikusteak ilusioz bete gintuen. Itxaropentsu geunden Glasgown euskal komunitatea osatzen dugun guztiok; ondoren desilusioak bete-betean jo gintuen. Hala ere, ematen du orain berriro gerta daitekeela: eskoziarrak mundura zabalik daude, ez dute Europa utzi gura, ez dute baztertuta geratu nahi. Berriro erreferenduma egiteko aukera sortu da. Nik prozesu bat izango balitz bezala ikusi nuen: eskoziarrak ez zeuden prest oraindik; oso azkar gertatu zen dena. Adibide bat jartzearren, hona etorri nintzenean, Eskoziak ez zeukan legebiltzarrik; gaur egun, Eskoziako Alderdi Nazionalak gehiengo osoa dauka, Berdeekin batera. Horrenbestez, egiazko aukera dago beste erreferendum bat egiteko eta, bide batez, herrialdeak independentzia lor dezan. Hemen geratzea gustatuko litzaidake, ondoren, Euskal Herrian eta Katalunian horretarako aukera egon dadin.

Eta Eskoziatik, zelan ikusten duzu Euskal Herriaren eta Kataluniaren egoera?

Euskal Herrian ez bezala, badirudi Katalunian bultzada hartu duela prozesuak; Madrilgo Gobernuak trabak ipini arren, aldebakarreko independentzia-aldarrikapena egon daitekeela ematen du. Ez dakit ondo aterako den ala ez; baina, garrantzitsua da Espainiako agintariei presio egitea, jendeari hitz egiten utz diezaioten. Demokrazian oinarrizko kontua da. Euskal Herriari dagokionez, orain, indartsuago ikusten dut Kataluniako mugimendu independentista. Erabakitzeko eskubidearen gaia mahai-gainean dago Euskal Herrian; baina, badirudi Katalunian gertatuko denaren zain daudela abiatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun