Bildutako iritzien artean, balizko Emakumeen Etxearen baloreak honakoak izan beharko lirateke: berdintasuna, kultura-artekotasuna eta belaunaldi-artekotasuna. Ekintza-lerroak, berriz, hauek izatea proposatu dute: baterako hezkuntza, prestakuntza, dibulgazioa, laguntza, ekintza politikoa, aisialdia, asoziazionismoa eta kultura-artekotasuna.
Etxean izan beharreko partaidetzari dagokionez, adostasuna dago eraikinak izango lukeen izaera irekia, plurala eta publikoa izan beharko litzatekeela, eta ez dela emakume bat ere proiektuaren parte izateko nahiz horretaz gozatzeko aukerarik gabe utziko. Gainera, emakume gazteak eta nerabeak, eta oso nagusiak erakartzeko premia ere nabarmendu dute. Gizonen parte hartzeari dagokionez, nagusiki uste da ezin direla proiektutik kanpo utzi, berdintasunerako bidean beharreko eragiletzat jotzen baitira, eta horregatik jarduera jakin batzuetan parte hartu ahal izango luketela ondorioztatu dute. Emakume batzuek emakume-gizon dikotomia hausteko beharra planteatu dute, eta horren ordez, etiketa horiek ordezkatzen ez dituzten identitateen kontzeptuan arreta ipintzea proposatu dute.
Baterako kudeaketa izan da hoberen baloratutakoa eta zerbitzu publikoaren eta kudeaketa pribatuaren edota sozialaren arteko eredu hibrido bat planteatu beharko litzatekeela uste izan dute prozesuko parte hartzaileek.
Kokapenari dagokionez, hainbat proposamen jaso dira, esate baterako, etxea gune zentral baten bidez egituratzeko aukera, inguruko beste lokal batzuekaz batera egongo litzatekeena; edo programazio eta jarduerak udalerri osoan sakabanaturiko eremuetan, edota gune digital gisa sortzea, toki sinboliko komunagaz eta sarean lan egitea ahalbideratuko lukeena, existitzen diren udal-espazioetan jarduerak antolatzen.
Gogoeta prozesua
Aipatutako ondorioak ateratzeko burututako gogoeta prozesuan hurrengo jarduerak egin dira: 12 sakoneko elkarrizketa 20 emakumeri, 116 on-line eta papereko inkesten datuak Udalak berdintasuna sustatzeko eskaintzen dituen zerbitzuen inguruan, Emakumeen Etxeen katalogo bat eratzea, herritar guztioi zuzendutako topaketa, Donostiako eta Hernaniko emakumeen etxeen esperientzien aurkezpena, eta emakumeek osatutako bi eztabaida-talde balizko Etxe baten kudeaketa, eduki, jarduera eta partaideei buruzko gogoeta egiteko. Prozesuari buruzko informazioa udal-webgunean egon da ikusgai.