Elkarrizketak

Iker Deusto Villanueva: "Hurrengo ikuskizuna noiz emango dudan galdezka hasi zait jendea"

Kepa Ugarte Martiarena 2017ko eka. 19a, 17:19
Etorkizunean, musika-ekoizlea izan gura du Iker Deustok. Bitartean, bere adinekoek momentu atsegin bat pasa dezaten ahalegintzen da DJ Deustooh. HODEI TORRES

Musika ipintzeaz gainera, agerlekuaren gainean, dantza egitea eta ikusleakaz hartu-emana izatea gogoko du Iker Deusto Villanuevak. Etxean, Algortako Portu Zaharrean, eskaini zuen iaz lehenengo emanaldia 16 urteko gazteak. Aurton, Printzi Anaiakaz igoko da bertoko oholtzara berriro, jaietan, abuztuaren 12an, zapatuan. Horrez gainera, domeka arrastian ere emango du showa.

Noiz erabaki zenuen DJa izatea?

Beti interesatu egin zait musika. Txikitan, dantza egiten nuen; horrez gainera, musika asko entzuten nuen. Hala ere, joan den uda har daiteke inflexio-puntutzat: Algortako Portu Zaharrean zeozer egiteko aukera eman zidaten, eta musikagaz zerikusia zeukan zerbait egitea erabaki nuen.

DJ edo musika-jartzaileen artean, zein entzuten duzu gustukoen?

Nazioartekoen artean, David Ghetta, Martin Garrix eta beste batzuk dira nire gogokoenak. Horrek ez du esan gura etxekoei ere jarraitzen ez diedanik; herriko DJen musikagaz hazi naiz. Espainian ere DJ asko dago: Dulceida, berbarako.

DJen lana erraza dela pentsatzen dute batzuek. Zer esango zenieke?

Esan daiteke orain arte ez dudala gauza handiegirik egin: beste baten musika hartzen dut, eta nahastu egiten dut. Hasiberria baino ez naiz. Hala ere, denbora pasa ahala, zuk zeuk egindako musika entzuteko gogoz egoten dira zaleak. Disko-jartzaile bakoitzak bere estiloa dauka; horregaz, bere DJ-showa egiten du.

DJa izateko trebatu beharra dago? Beharrezkoa da prestatzea?

Bai, noski! Hala ere, bakarrik musika ipintzen duten DJ horietako bat ez dut izan gura; euren musika produzitu egiten dute horiek, eta besteen musika «pintxatu» edo ipini ere bai. Nik 16 urte baino ez ditut oraindino, eta ez dut horrelakorik egiteko aukerarik izan. Kontuak hala, showa egiten dut, hau da, dantzan egiten dut, dantza ezberdinak, ikusleakaz berbetan egoten naiz... Aurreko batean, bi hilabetez egon nintzen dantza bat prestatzen, beste sei dantzarigaz batera. Beste batzuetan, musika ipintzen dut bakarrik, eta, bitartean, nik dantza egiten dut jendearen aurrean.

Uste duzu honetaz bizi zaitezkeela?

Gustatuko litzaidake; garrantzitsua da gustuko duzun horretan lan egitea. Musika, entretenimendua eta jendeagaz momentu dibertigarriak izatea atsegin ditut. Hala ere, hasiberria izanda, ez du bizitzeko ematen.

Kontzertu asko egin dituzu?

Bi baino ez. Portu Zaharreko iazko jaietan lehenengo aldiz; oso urduri nengoen; baina, oso ondo atera zen. Orain dela hilabete Getxoko San Isidro jaietan egon nintzen; hilabete bi izan nituen prestatzeko eta, lehenengoz, dantzariak hartu nituen ikuskizuna egiteko. Daborduko jendea hasi zait hurrengo saioa noiz egingo dudan galdezka; badut zeozer eskuartean...

Zer lortu gurako zenuke?

Momentuz, ikuskizunakaz gozatu gura dut. Egia da emanaldiengatik ordaindu egiten didatela; baina, orain, ondo pasatzea da nire helburua. Jendea musika entzutera eta dantzatzera etortzen da nire saioetara. Nire helmuga edo musika-ekoizle bihurtzea izango litzateke; horixe, benetan, asko gustatuko litzaidake. Bitartean, nire emanaldia egiten, nire showa eskaintzen segituko dut. Momentuz, herriko jaietan baino ez naiz egon.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun