Udaltzaingoak eta Ertzaintzak zaintza-lanak egingo dituzte adingabekoei edari alkoholikoak saltzea ekiditeko eta edukitzea galarazteko. Poliziak adingabekoei edari alkoholikoak kenduko dizkie eta zigortu egingo du 18 urtetik beherakoei alkohola saltzea edo ematea. Falta larritzat jotzen da eta isuna 601 eta 10.000 euroren artekoa izan daiteke, adikzio eta drogamenpekotasunak artatzeko apirilaren 7ko 01/2016ko Legeak ezartzen duenaren arabera.
Gainera, bariku arratsaldean eta gauean patruilak ibiliko dira baimenik gabeko suteak bilatzeko, horiek kentzeko. Sute kontrolatua pizten deneko aldea ere bereziki zainduko dute, izan litezkeen istripuak ekiditeko.
Beste behin gogorarazi du Udalak egokia dela balioko ezer edota sakelako telefonorik ez eramatea hondartzara; eta eramatekotan, banakako segurtasun neurri pasiboak areagotu behar direla, eramandako gauzak uneoro kontrolpean edukiz.
Zirkulazio neurriak
La Kantera Pro txapelketaren finalaurrekoak eta San Juan gaueko ospakizunak egun berean izango direnez, Udaltzaingoak ekainaren 22tik 24ra arte (eguen arratsaldetik zapatura) ibilgailuentzat itxiko du Altube kalea, Artagan kaletik edo aipatutako kale horren goragoko puntuetatik, hurbilduko den jendetzaren arabera.
Aparteko garbiketa-antolamendua
Ingurumen Arloak aparteko garbiketa-zerbitzua jarriko du zapatuan, goizeko lehen orduetan, hondartzak eta ospakizunen inguruko kaleak garbitzeko, hondartzak hurrengo goizean erabiltzeko modu onean egon daitezen.
Marea biziak
Egun horretarako marea biziak iragarrita daudenez eta eguneko lehen itsasgora 05:15ean izango denez, Udalak eskatu du hondartzan ez uzteko botata zaborrik eta hondakinik, bereziki plastikozkorik. Izan ere, mareak itsasora eraman ditzake zaborrak, oro har ingurumenari kalte larria eraginez, eta bereziki itsasoaren ekosistemari. Hondakinak zakarrontzietan eta paperontzietan bota behar dira, horretarako daude jarrita hondartzan bertan eta bere inguruan.